Errege Magoen opariarekin esnatu ziren urtarrilaren 6an elur- zaleak; izan ere, goizeko ordu biak aldera hasi ziren erortzen lehenengo elur-malutak, eta herritarrak esnatzerako guztiz zurituta zeuden bailarako herrietako kaleak. Hala, denbora luzez armairuan gordeta zeuden elurretako eskularruak eta katiuskak jantzi eta elurraz gozatu zuten bailarako herritar askok martitzenean.
Tenperaturak, zero azpitik
Aspaldiko tenperatura baxuenak izan dira egunotakoak, eta, hori dela eta, izotza egin du. Meteorologiako Estatu Agentziak Debagoienean dituen hiru estazioetan (Aretxabaleta, Elgeta eta Aramaio) jasotako datuen arabera, urtarrilaren 5ean eta 6an erregistratu ziren bailarako aspaldiko tenperatura baxuenak, Aretxabaletako estazioan, eta termometroak 2,9 gradu zero azpitik adierazten zuen. Estazio horretako gainontzeko egunak ez ziren askoz epelagoak izan, urtarrilaren 4an tenperatura minimoa 2,6 gradu zero azpitik izan baitzen eta atzo termometroak 2,7 gradu zero azpitik adierazten baitzuen. Aramaioko estazioari dagokionez, tenperatura baxuena hilaren 5ean erregistratu zen –2,5 gradu zero azpitik– eta Elgetako estazioaren kasuan atzo izan zen urte hasierako egun hotzena – tenperatura baxuena 2,1 gradu zero azpitik izan zen–.
Abisu horiak
Tenperatura baxuengatik, urtarrilaren 4an ezarri zuen Euskal Meteorologia Agentziak abisu horia, eta atzo eman zuen bukatutzat muturreko tenperatura baxuengatik ezarritako abisua. Bestalde, urtarrilaren 6an, 03:00etan hasita, hamabi orduz egon zen indarrean elurragatik ezarritako abisu horia, eta atzo eguerdirako elur-kota 800-1000 metro inguruan zegoela adierazi zuten.
'Goretti' ziklogenesia
Izotzagatik eta elurragatik ezarritako abisu horiak bukatuta, Goretti ziklogenesia izango da protagonista. Hala, abisu horia dago indarrean gaur, eta, Segurtasun Sailak adierazi duenez, "haizeguneetan mendebaldeko haize boladek 100 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete; Gipuzkoako haizeguneak ez diren lekuetan, aldiz, mendebaldeko haize boladak 80 kilometro ordu ingurukoak izan daitezke". Elur-kota 500 metrora jaistea ere espero da.