Bergaran, Elosun eta erdigunean
Bergaran, Elosuko desfilea abiatuko da lehenengo, 18:00etan; eta ondoren, 19:00etan, erdigunekoa. Bien bitartean, erregeen zain egoteko, txokolate beroa eskainiko dute San Joxepeko erretiratuek. 19:00etan, irtengo da errege desfilea herrian. Hona hemen ibilbidea: Udal biltegia; Masterreka; Bideberri; Herrilagunak; Irala; Barrenkale; San Martin plaza –geldialdia egingo dute erregeek hemen–; Bidekurutzeta; San Pedro; Artekale; eta Udal biltegia.
Errege Magoentzako gutunak udaletxeko atarian dagoen postontzian uzteko aukera egongo da; euriarekin Seminarixoan.
Oñatin eta Aretxabaletan, 18:30ean
Meltxor, Gaspar eta Baltasarren kalejira 18:30etik abiatuko da Oñatin, Santa Ana antzokitik irtenda. Kalean ibilaldi bat egin ostean, Santa Anako harreran hartuko dute atseden umeekin egoteko.
Aretxabaletan ere, 18:30ean, irtengo du erregeen desfileak Ibarra kiroldegitik, eta erdiguneko kaleak zeharkatuta Herriko Plazan bukatuko dute ibilaldia.
Arrasaten ordubeteko desfilea
Arrasate pasealekuan hasi 19:00etan eta Herriko Plazan amaituko dute erregeek desfilea, Arrasaten. Gero, plazan, beste ordu erdiz –20:30ak arte hain zuzen ere– egongo dira umeen gutunak jasotzen. Hator, Hator gabon-kanta abestuz amaituko dute ekitaldia.
Desfilean irten aurretik, 17:00etan, Iturbide egoitzara joango dira, han izango diren adineko pertsonei opariak banatzera.
Eskoriatzan gutunak jasotzen
Eskoriatzara ere iritsiko dira ekialdetik etorritako erregeak; 19:00etan hain zuzen ere, eta haurren gutunak jasoko dituzte orduan. Eguraldi txarra egiten badu frontoian egongo direla iragarri dute.