Gutxienez bi edukiontzi erre dituzte gaur goizaldean, Bergaran eta Arrasaten bana

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko urtarrilaren 1a

Bergarako brigadako langileak Herri Lagunak kalean erretako edukiontziaren hondakinak kentzen.

Gauerdiaren bueltan itzali zituzten biak Zubillagako suhiltzaileek; Bergarakoa Herri Lagunak kaleko zabor-bilketa gunean eta Arrasatekoa Nafarroa Hiribidean, Laubide plazaren atzeko aldean.

Gutxienez bi edukiontzi erre dituzte urtezahar gauean Debagoienean. Gauerdiaren bueltan jaso zuten bi suteen abisua Zubillagako suhiltzaileek eta biak itzaltzeko lanetan eman dioten hasiera urteari.

Bergaran, Herri Lagunak kalean

Bergaran erretako edukiontzia Herri Lagunak kaleko zabor-bilketa guneko edukiontzi urdina izan da, paperarena. Zubillagako suhiltzaileek azaldu dute bigarren edukiontzi batek ere izan ditu kaltek eta baita ere aldamenean aparkatuta zegoen auto batek. "Atzerako ispiluetako batean izan ditu kalteak", azaldu dute suhiltzaileek. Egitekoa den txostenean jasoko dira xehetasun gehiago.

Udal brigadako langileak gaur eguerdian aritu dira erreketak eragindako kalteak garbitzeko lanetan.

Arrasaten, Nafarroa etorbidean

Arrasaten ere edukiontzi bat erre dute. "Gauerdiko kanpaiekin batera jaso genuen abisua", azaldu dute Zubillagako suhiltzaileek. Kasu honetan Nafarroa etorbideko edukiontzi bati eman zioten sua, Laubide plazaren atzeko aldean dagoen zabor-bilketa guneko edukiontzi bati. Bigarren edukiontzi bat ere kaltetuta dago eta "ur-hargunearen estalkia ere urtu egin da", esan dute suhiltzaileek.

Ertzaintzatik jakinarazi dute ez dela zauriturik egon ez batean ez bestean, eta ikerketa zabalik dagoela. 

Argazkietan, Bergarako Herri Lagunak kaleko sutea eta kalteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak