Sansilvestre lasterketak: zer, non eta ze ordutan

Xabier Urtzelai 2025eko abenduaren 30a

Iaz, Bergarako helmugako irudi bat.

Debagoienean 1.500 lagun inguruk agurtuko dute 2025a ibarreko zenbait herritan urteko azken egunean antolatuko dituzten Sansilvestreetan esku hartzen. Hemen duzue zer dagoen antolatuta, non, eta ze ordutan. 

Bergaran, mendiko lasterketa

San Silbestre Trail lasterketak mendiko lasterketa formatua izango du, eta 11:30ean hasiko dute. Iaz, Aimar Larrea, Oihana Azkorbebeitia eta Osa-Ansa anai arrebak izan ziren nagusi; izan ere, bikote mistoak ere egiten dituzte askok –aurten, 58 lagun–. Izenemateak agortuta daude, 400 lagun inguruk hartuko dute esku.

Arrasatekoa, Musakolan

Bergarakoa moduan, Musakolan egiten duten Sansilvestrea ere goizean izango da –bakarrak dira–. Gaztetxoen probak lehenago egiten dituzte, baina helduena 12:00etan hasiko dute –5,6 kilometro–, eta azken urteotan lasterkari askok egin dute lasterketa mozorrotuta. Gainera, saria izaten da mozorro onenarendako. Hala, iaz 213 helduk eta 225 haurrek parte hartu zuten guztira, eta helduetan Nerea Baena eta Mikel Velasco izan ziren azkarrenak. Mozorrorik onenaren saria, berriz, Ines Aldayri eman zioten.

Aretxabaletan, egokitua

Aretxabaletako San Silvestre proba 17:00etan hasiko dute – gaztetxoek, ordu laurden lehenago–. Momentuan eman daiteke izena. Iaz 266 lagunek hartu zuten esku eta azkarrenak Jon Lonbide eta Nile Agirretxe izan ziren. Gainera, ibilbidea kirolari egokituendako aproposa denez, Bizi Hadi taldeko kideak ere irteeran izango dira euren handbike-ekin. Hor ere asko dira mozorrotuta irtetzen direnak.

Eskoriatzan, xanpainarekin topa eginda

Eskoriatzan Silbestradie 17:30ean egiten badute ere, goizean zehar, 11:00etan hasita, gaztetxoendako lasterketak egingo dituzte, eta 12:30ean egingo duten txistor-janarekin amaituko dituzte eguneko lehen zatiko hitzorduak. Arratsaldean, berriz, korrika egiten hasi aurretik, 17:25ean topa egingo dute xanpainarekin, eta ondoren hasiko dira izerdia botatzen. Egunean bertan eman daiteke izena. Gainera, lasterketako azken milia Manuel Muñozen omenez jokatuko dute.

Oñatikoa, jendetsuena

Oñatin –16:00 gazteak, 16:30 helduak– antolatzen duten 2025 ixa 2026 izango da Gipuzkoako beste herri batzuetatik jende gehien erakartzen duena. Iaz 509 lagun batu ziren irteeran –egunean bertan eman daiteke izena–. Iaz Antzuolako Ibai eta Ekain Larrea izan ziren lehenak; hirugarrena, berriz, Eric Martin oñatiarra izan zen. Emakumezkoetan, berriz, Miren Josune Bikuña eta Alaitz Atxa oñatiarrak izan ziren lehen biak, eta Arrasateko Ane Zabala hirugarrena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak