'Pizkundea' euskaltzaletasuna hauspotzeko ekitaldiarekin bat egin dute hainbat debagoiendarrek

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2025eko abenduaren 28a

Bailarako Arrasate Euskaldun Dezagun, Loramendi eta Jardunek autobusa antolatu zuten Euskalgintzaren Kontseiluak euskaltzaletasuna babestu eta bultzatzeko egindako ekitaldira gerturatzeko. Hurrengo mobilizaziorako data ere jarri dute: ekainaren 13a, Iruñean. 

Euskararen Pizkunde berriaren aldeko apustua babesteko elkartu ziren milaka lagunek, Euskal Herrian euskaraz kantuaren doinuekin eman ziote hasiera atzo, zapatua Bilbao Arenan egindako ekitaldiari. Guztira 6.500 euskaltzaleren etxe bilakatu zen Miribilla eta bertara gerturatzeko autobusa antolatu zuten bailarako euskara elkarteek: Arrasate Euskaldun Dezagun, Loramendi eta Jardunek. 

Aldarrikapenez jositako ekitaldia izan zen, artisten ekarpenen bidez eraikitakoa: musikariak, aktoreak, sortzaileak, bakoitzak bere alea jarri zuen. Euskalgintzako hainbat eragilek ere izan zuten solasteko tartea: Korrika eta Euskaraldiko arduradunek esaterako. 

Euskaltzaletasunaren indar eta batasun erakustaldi bat egin nahi izan zuten, aldi berean, euskararen normalizazioa eta biziberritzea gizarte guztiaren ardura dela ulertaraziz. Bestalde, hizkuntzaren politiketan premiazkoa den jauzia bultzatzea ere aldarrikatu zuten. 

Ekitaldiaren amaieran Kontseiluko idazkari nagusi den, Idurre Eskisabel Larrañagak hartu zuen hitza eta euskaltzaleak antolatzeko dei egin zuen, baita eremu guztietan euskaltzale izateko ere. 

Euskaltzaleen sarea josten jarraitzeko, hurrengo mobilizaziorako deia egin zuten, ekainaren 13an, Iruñean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak