Biktimaren alabek aurkitu zuten gorpua domeka goizean Barakaldon, bizi zen etxean eta 11:30 aldera eman zuten abisua larrialdi zerbitzuetan. Sendagileak eta Sestaoko ertzain etxeko poliziak bertaratu ziren, baina ezin izan zuten ezer egin, emakumea hila baitzegoen ordurako. Ondoren, auzi-medikua eta auzitegiko ordezkaritza bat ere etxebizitzara joan ziren, eta berehala ekin zioten ikerketari.
Gauean, 21:30 aldera, Ertzaintzak 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuen. Autopsiaren lehen emaitzen arabera, emakumearen heriotza indarkeriazkoa izan zen, eta, hori dela eta, giza hilketa gisa ikertzen ari dira kasua. Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistatzat hartu du hilketa. Edonola ere, ikerketak zabalik dirau, oraindik ez baitago argi zer gertatu zen igande goizaldean.
2025ean, orain arte, zazpi erailketa matxista eman dira Euskal Herrian, 2018tik Euskal Herrian izandako erailketa kopuru handiena izango da aurtengoa.
Debagoieneko elkarretaratzeak
Emakume Mundu Martxako protokoloa aktibatu da. Hala, erailketa matxista salatzeko eta babesa adierazteko, Debagoienean elkarretaratzeak deitu dituzte.
Bergaran, gaur, martitzena, 19:00etan, San Martin Agirre plazan elkartuko dira Martxanterak deituta, eraso sexistak salatzeko eta horien aurrean autodefentsa feminista aldarrikatzeko.
Oñatin, berriz, 18:30ean egingo dute elkarretaratzea, Foruen plazan. Eta Aretxabaletan ere gaur izango da erailketa salatzeko elkarretaratzea, 18:00etan, Herriko Plazan.
Indarkeria matxistari aurre egiteko deia Itaiak
Itaiak ere salatu du Barakaldoko erailketa matxista eta horren aurrean, Indarkeria matxistari aurre egin! leloa zabaldu du: "Itaiatik argi daukagu: ezin dugu indarkeria matxista normalizatzen utzi, eta inoiz baino garrantzitsuagoa da matxismoaren aurkako borroka kalean indartzea".