Haragiaren ontziak jasangarriagoak izateko, Invasec proiektua

Babestutako edukia 2025eko abenduaren 23a

Invasec proiektua aurkezten. (Argazkia: Eroski)

Okelgintza eta Auzo Lagun kooperatibekin elkarlanean abiarazi du Eroskik Invasec proiektua. Helburua da ohiko ontzien ordez alternatiba birziklagarriak, biodegradagarriak eta konpostagarriak erabiltzea.

Elikadura-eredu iraunkorrago baterako trantsizioak, elikagaiak ekoizteko moduari ez ezik, ontziari ere eragiten dio. Otsailean, Europako Batasunaren araudi berri bat sartu zen indarrean. Araudi horren arabera, ontzi guztiek birziklagarriak edo berrerabilgarriak izan behar dute 2030a baino lehen, etiketa argiagoa izan behar dute, eta muga zorrotzak jarri behar zaizkie plastiko eta substantzia kimiko
jakin batzuen erabilerari. Hori guztia, elikagaien segurtasuna, kontserbazioa eta produktuaren kalitatea arriskuan jarri gabe. Haragiak eskakizun handiak ditu ontziari dagokionez: oxigenoaren, hezetasunaren eta argiaren aurrean babes eraginkorra behar du oxidazioa eta hondatzea saihesteko; zigilatze ezin hobea ihesak eta kutsadurak saihesteko; erresistentzia manipulazioa, pilaketa eta garraioa jasateko; eta kontsumitzailearentzat onargarria den ikusizko aurkezpena. Baldintza horiei
guztiei, orain, jasangarritasun-eskakizuna gehitu behar zaie.

"Ekoizle gisa ezin ditugu kontserbazioan edo segurtasunean huts egiten duten ontziak eduki", azaldu du Okelgintza abeltzain kooperatibako eta Euskal Okela IGP haragi hornitzaileko Javi Pagaldaik. Eroskirekin eta Auzo Lagun kooperatibarekin batera, Okelgintza da Invasec proiektuan parte hartzen duen eragileetako bat. Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa duen I+G proiektu horrek ohiko ontzien ordez ontzi birziklagarriak, biodegradagarriak eta konpostagarriak erabiltzea du helburu, betiere industriak eskatzen dituen segurtasun- eta kontserbazio-estandarrak betetzen badituzte.

Ontzi guztiek birziklagarriak edo berrerabilgarriak izan behar dute 2030a baino lehen

Eroski lantzen ari den proiektuaren berrikuntza-arduradun Ainara Llonak azaldu duenez, "ohiko plastikoaren hiru alternatiba handi aztertu ditugu, Europako aurreko proiektuetan garatuak: lehendik erabilitako plastikoz egindako, berriro birzikla daitezkeen eta ekonomia zirkularra errazteko pentsatuak dauden birziklatutako rPETez-ko ontziak; landare jatorria duten eta beroa hobeto jasateko
eta kontserbazioa luzatzeko hobetutako PLA oinarri duten ontziak; eta plastikoaren erabilera murrizten duten eta material berriztagarriak erabiltzen dituzten birziklatutako zur-zuntzezko ontziak". Horiek guztiak, ikuspuntu teknikotik ez ezik, funtsezko alderdi batetik ere ebaluatzen ari dira; kontsumitzailearen pertzepziotik, hain zuzen ere.

Zer iritzi du kontsumitzaileak?

Llonaren arabera, eta banaketa-kooperatibak hainbat berrikuntza-proiektutan ikusi ahal izan duenez, kontsumitzaileek "jasangarritasunarekin lotutako neurrien alde egin ohi dute, baina haien interesa jaitsi egiten da produktuari eragiten diola ikusten badute". Kasu horretan, Eroskik enbalajeari dagozkion irtenbide berriek merkatuan duten onarpena ebaluatzeko arduradun gisa, egin dituen focus group-etan argi geratu dira kontsumitzaileen lehentasunak.

Ikerketen arabera, ontzi birziklatuek konfiantza handiagoa ematen dute, ezagunagoak direlako, nahiz eta ez diren hain berritzaileak eta jasangarriak. Landare jatorriko ontziek, berriz, pertzepzio positiboagoa dute ingurumenari dagokionez eta antzemandako estetikari, ukimenari, erresistentziari eta segurtasunari dagokienez, eta erosteko asmo handieneko aukera dira. Lignozelulosak, aldiz, onarpen txikiagoa lortu zuen. "Ontzi jasangarri baten ezaugarri garrantzitsuenak birziklagarritasuna, sendotasuna, irekitzeko erraztasuna eta ingurumen-informazioaren argitasuna dira", ondorioztatu du Llonak.

Haragiaren ontziak aztertzen.

Ontzia sukaldaritza kolektiboan

Bilgarri egoki baten garrantzia ez da mugatzen supermerkatuko haragi freskora. Errestaurazio kolektiboaren industriak ere zeresan handia du arlo hottetan, eta, horregatik, Invasec proiektuak Auzo Lagunen baliozkotzea izan du. Amaia Agirre kooperatibako berrikuntza zuzendariak azaldu duenez, "ontziek, jasangarriak izateaz gain, gure industria-prozesuekin eta eguneroko erritmoarekin bateragarriak izan behar dute". Invasec moduko berrikuntza-proiektuek aukera ematen dute "konponbide berriak baldintza errealetan probatzeko, jakiteko noraino irits daitezkeen eta zer hobe-kuntza behar dituzten haien erabilera orokortu aurretik".

Oro har, Invasecek erakutsi nahi du posible dela haragi-sektorean ontzi jasangarriagoetarantz aurrera egitea segurtasunari, kontserbazioari eta industria-eraginkortasunari uko egin gabe. Proiektuaren helburua da ohiko plastikoen erabilera murriztea, ontzien ingurumen-aztarna murriztea eta horiek ekoizpen- eta banaketa-prozesu errealetan integratzea erraztea. Hori guztia bat dator Europako eskakizun berriekin, eta helburua da irtenbide horiek progresiboki ezarri ahal izatea Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako elikagaien katean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak