Lehen minutuetatik igarri da Real Unionek maila handiko jokalariak dituela, eta zerbaitegatik dagoela lider partidu bakarra galdu ostean. Mondrako jokalariak gogor zelairatu dira ordea, euren aukerak izango zituztela sinistuta. Eta horrela izan da. Etxekoek bisitariek baino joko zuzenagoa proposatu dute, eta min egin diete atzelarien bizkarra bilatzearen ondorioz.
Hala, lehen zatian Iker Perez aurrelariaren burukadak ez du gutxigatik sarean amaitu. Bigarren zatian ere hainbat aldiz hurreratu dira area ingurura, eta azken minutuetan gola sartzear izan dira beste behin, baina jokaldiak bukatzea falta izan zaie.
Bestalde, Real Unionek baloia azpitik jokatzen abilak direla erakutsi du eta izan ditu bere gol aukerak, argi-argiak ez izan arren. Dena den, talde arrasatearrak bi puntu galdu izanaren sentsazioarekin amaitu du partidua, liderrak baino aukera gehiago sortu dituelako.
Bergarak ere, 0-0
Bergarak ere emaitza bera erdietsi du Agorrosinen, Oriokoren aurka. Hortaz, horpoz horpo jarraitzen diete mahoneroek sarrailagileei sailkapenean; bosgarren dago Mondra 24 punturekin, eta seigarren Bergara 23 punturekin.
Beste ligetako emaitzak
Hirugarren Mailan, UDAk 2-0 galdu du Real Sociedad C-ren aurka Zubietan. Gorengo mailan, Aloña Mendik 2-0 irabazi dio Azkoagainen Ilintxari, eta Erregionaleko Lehen Mailan Antzuolak hiruna berdindu du Urolaren aurka Zumarragan.
Hori gizonezko futbolari dagokionez. Emakumezkoetan bina garaipen erdietsi dute Ohorezko Erregional Mailako bailarako bi ordezkariek: Bergarak 3-0 irabazi dio Oiartzuni eta Debagoiena Bailarak 3-1 Touringi. Gorengo mailan, Mondrak 0-2 galdu du Amaikak Batekin.