BARRENA komunikazio proiektua sortu da, Debabarreneko albisteen euskarazko hedabidea

Hasier Larrea 2025eko abenduaren 20a

Orain arte Debabarrena eskualdean jardun duten Barren –Elgoibar-Mendaro–, Pil-Pilean –Soraluze–, Berriketan –Deba– eta Drogetenitturri (Ermua-Mallabia) proiektuen baturatik sortu da Barrena. Bi produktu kaleratu zituen atzo: barrena.eus atari digitala, eta Barrena astekaria.

Urteetako lanaren ondoren, ostiralean ikusi zuen argia Barrenak, Debabarreneko informazio lokala landuko duen komunikazio proiektuak. Proiektuaren atzean dauden euskara elkarteek adierazi dutenez, komunikazio proiektuak "egitura indartsuagoa eta profesionalagoa" izango du, "eduki multimedia gehiago" eskaini ahalko ditu, eskaintzak "urrunago" hedatzeko aukera emango die komertzioei: "Oro har, duen dimentsio eta inpaktu handiagatik, Barrena izan daiteke azken urteotan Debabarrenean euskara biziberritzeko abiatu den ekimenik garrantzitsuenetakoa, ezpada garrantzitsuena".

Pil-pilean Herri Komunikabideko kazetari eta Barrena proiektuaren bultzatzaile den Egoitz Unamunok ere honela azaldu du egitasmoa: "Eskualdean erreferente izango den komunikabide bat sortzea, zabala eta sendoa. Gaitasuna izango du gaur eguneko euskarrietara egokitzeko eta  debabarrendar guztiei bailara osoko informazioa euskaraz paperean eta digitalean eskainiko die. Debababarrendar guztiok dugu ondoko herrietako berri euskaraz jasotzeko eskubidea eta Barrenak horixe eskainiko du Debabarrenean, lehen aldiz euskaraz".

Unamunok berretsi du Barrena Komunikazio Taldeak eskualde osoko hedabide izateko bokazioa duela eta datozen hilabeteetan ahalegin guztiak egingo dituztela elkarlana bideratzeko bailarako ahalik eta eragile gehienekin. Bide horretan, Barrenak lankidetza hitzarmena sinatu berri du Eibarko Arrate Irratiarekin, eta ondorioz, irratiko audiorik esanguratsuenak Barrena.eus webgunean ere entzun ahalko dira.

Gobernantza publiko-soziala

Proiektuari aurre egiteko, Ermuko, Soraluzeko, Elgoibarko eta Debako euskara elkarteen artean Barrena Komunikazioa Koop. S., irabazi asmorik gabeko kontsumo kooperatiba soziala sortu dute. Jabetza nagusia bazkide erabiltzaileena (euskara elkarteena) izango den arren, asmoa dute kooperatibaren gobernantzara beste bi hanka gehitzeko: langileak eta udalak. Hala, 2026an langileak kooperatibako lan-bazkide egingo dira eta udalak ere gonbidatuko dituzte kooperatiban parte hartzera, bazkide laguntzaile figuraren bitartez. Izan ere Barrena izaera publiko-sozialeko kooperatiba izango da

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak