Jai giroan botako dute izerdia San Esteban krosean eta makina bat San Silvestretan

Xabier Urtzelai 2025eko abenduaren 19a

Iazko San Esteban krosean, Antzuolan, kuadrilla bat giro onean helmugaratzen.

Abenduaren 26an Antzuolan eta abenduaren 31n Debagoieneko makina bat herritan egongo da non aukeratu. Iaz Oñatin eta Bergaran 500 korrikalari batu ziren urtea korrika eginez agurtzeko.

Abenduaren 26an Antzuolan eta abenduaren 31n Debagoieneko makina bat herritan egongo da non aukeratu. Antzuolan, San Esteban kroserako izen-ematea amaitu da, eta herri mailako erabateko kutsua duen lasterketan gazte zein helduek hartuko dute aurten ere esku. 17:00etan gaztetxoenen txanda izango da, eta, helduak hasi orduko (18:00), eguzkia ezkutatuta egongo da. Iaz, Jone Jauregi eta Mikel Arregi izan ziren azkarrenak.

Bergarakoa, traila

Abenduaren 31n, urtero moduan, Eskoriatzan, Aretxabaletan, Arrasateko Musakola auzoan, Oñatin eta Bergaran egingo dituzte San Silvestre probak. Oñatikoa eta Bergarakoa izango dira, seguruenik, jendetsuenak, iaz 500 lagun batu ziren-eta horietako bakoitzean. Bergarakoak mendiko lasterketa formatua izango du, eta 11:30ean hasiko dute lasterketa. Iaz, Aimar Larrea, Oihana Azkorbebeitia eta Osa-Ansa anai arrebak izan ziren nagusi; izan ere, bikote mistoak ere egiten dituzte askok –aurten, 58 lagun–.

Mozorrotuta hainbatetan

Musakolan goizean egingo dute lasterketa; helduena 12:00etan hasiko dute –5,6 kilometro–, eta azken urteotan lasterkari askok egin dute lasterketa mozorrotuta. Gainera, saria izaten da mozorro onenarendako. Hala, iaz 213 helduk eta 225 haurrek parte hartu zuten guztira, eta helduetan Nerea Baena eta Mikel Velasco izan ziren azkarrenak. Mozorrorik onenaren saria, berriz, Ines Aldayri eman zioten.

Aretxabaletan, egokitua

Aretxabaletako San Silvestre proba 17:00etan hasiko dute – gaztetxoek, ordu laurden lehenago–. Iaz 266 lagunek hartu zuten esku eta azkarrenak Jon Lonbide eta Nile Agirretxe izan ziren. Gainera, ibilbidea kirolari egokituendako aproposa denez, Bizi Hadi taldeko kideak ere irteeran izango dira euren handbike-ekin.

Eskoriatzan, topa eginda

Eskoriatzan Silbestradie 17:30ean egiten badute ere, goizean zehar, 11:00etan hasita, gaztetxoendako lasterketak egingo dituzte, eta 12:30ean egingo duten txistor-janarekin amaituko dituzte eguneko lehen zatiko hitzorduak. Arratsaldean, berriz, korrika egiten hasi aurretik, 17:25ean topa egingo dute xanpainarekin, eta ondoren hasiko dira izerdia botatzen. Gainera, lasterketako azken milia Manuel Muñozen omenez jokatuko dute.

Oñatikoa, jendetsuena

Oñatin –16:00 gazteak, 16:30 helduak– antolatzen duten 2025 ixa 2026 izango da Gipuzkoako beste herri batzuetatik jende gehien erakartzen duena, aurretik aipatutakoetan bereziki herritarrak batzen dira eta. Iaz 509 lagun batu ziren irteeran, eta antzuolarrak, oñatiarrak eta arrasatearrak ibili ziren aurrean. Antzuolako Ibai eta Ekain Larrea izan ziren lehenak, eta, gainera, goizean Ekain Aimar anaiarekin Bergarako podiumera igota zegoen; hirugarrena, berriz, Eric Martin oñatiarra izan zen. Emakumezkoetan, berriz, Miren Josune Bikuña eta Alaitz Atxa oñatiarrak izan ziren lehen biak, eta Arrasateko Ane Zabala hirugarrena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak