Goiena Komunikazio Taldea Kooperatiba Elkarteak Euskalit Fundazioaren Urrezko A Kudeaketa Aurreratuaren saria lortu du.
Azken urteetan aintzatespen hori lortzeko lanean aritu da berrikuntza, jasangarritasun eta bikaintasun arloetan. Hainbat egunetan izan da Euskaliteko ebaluatzaile-talde bat Goiena aztertzen, eta nabarmendu dituen puntuetan daude, besteak beste, "Goiena bere bailaran erreferente den erakunde berritzailea dela; Goienak bere beharretara egokitutako kudeaketa sistema baliagarria diseinatu duela eta identifikatu dituen hutsuneak asetzeko tresnak egokitu eta berritzaileak sortu dituela; egoera berrietara egokitu eta produktuen eta zerbitzuen diseinuan eta eskaintzan Goienak duen malgutasuna eta erraztasuna; pertsonen ongizateari arreta berezia eskaintzen diola; eta Goienak harreman polita eta gertukoa duela bailararekin eta bertako herri eta eragile nagusiekin".
"Pozez eta arduraz"
Saria "pozez eta arduraz" jaso du Goiena Komunikazio Taldeak. "Ebaluatzaileek hainbatetan esan digute nabari dela enpresa guztia dagoela ondo lan egiteko lerratuta. Jendeak sinisten duela egiten duen horretan eta ontzat dutela lana efikaziaz egitea. Goienako lantaldea izan genezakeen onena dela esaten dugunean ez dugu gezurrik esaten. Lantalde bikain batean lan egiteko zortea dugu Goienan", dio Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari Iban Arantzabalek.
Nerea Obieta Euskaliteko komunikazio-arduradunak azpimarratu du ez dela ohikoa hedabide bat Euskaliten Kudeaketa Aurreratuaren programan sartuta egotea. "Goiena Euskadin erreferentea da, eta bidea zabaltzen ari da gainerako hedabideentzat". Hala ere, euskal hedabideen kudeaketan hobetzen laguntzeko programa bat ere koordinatu dutela azaldu du.
Tokikom eta Batura
Gainera, Goiena kide den Tokikom euskarazko komunikabideen bateraguneak eta eskuko telefonoetarako zein tabletetarako aplikazioak garatzen dituen Batura Movilek Brontzezko A Kudeaketa Aurreratuari Euskal Saria jasoko dute.