Hiru gizarte proiektu lagunduko ditu aurtengo Fagor Herrigintza programak

Hasier Larrea 2025eko abenduaren 15a

Arizari hezkuntza elkartea.

Programaren laugarren edizioan, 120.000 euro bideratuko ditu Fagorrek, Arizari hezkuntza elkartearen Mugarik Gabeko Ikasgelak proiektura, Haize Berri elkartearen aniztasun funtzionala duten gazteei zuzendutako aisialdi eta kultura jardueretara, eta Shifa elkarteak Tindoufeko saharar errefuxiatuen kanpamenduetara egingo duen espedizio sanitariora.

Fagor Herrigintza lankidetza programaren deialdi berriko prozesua bukatuta, dagoeneko zehaztuta daude haren bidezko laguntza jasoko duten hiru gizarte proiektuak. 60.000 euro jasoko ditu Arizari hezkuntza elkarteak, 40.000 euro Haize Berri aisialdi elkarteak eta 20.000 euro Shifa elkarteak.

Arizari elkarteak hezkuntza arloko baliabide digitalak berrerabili eta elkartasun teknologikoa sustatzen du, Euskal Herriko ikastetxeetan erabileratik kanpo geratutako ordenagailuak egokitu eta Afrikako hainbat eskualdetako eskoletara bidaliz. Haize Berri elkarteak, berriz, aniztasun funtzionala duten gazteei aisialdi eta kultura jarduerak eskaintzen dizkie. Shifa elkartearen proiektuak Tindoufeko saharar errefuxiatuen kanpamenduetara espedizio sanitario bat aurreikusten du, arreta medikoa eta material sanitarioa eramateko.

Guztira, 38 eragilek aurkeztu zituzten proiektuak deialdira, eta horietatik bederatzi igaro ziren azken bozketa fasera. Hautaketa Fagor Taldeko bazkideek egin dute bozketa bidez. 1.585 bazkidek eman dute botoa, deitutakoen %36k: "Inoizko handiena izan da bozka faseko parte hartzea. Gainera, beste urte batez, asko eta askotarikoak izan dira euren proiektua aurkeztu duten eragileak. Ekimen interesgarri ugari jaso dira, leku eta dimentsio desberdinetakoak. Horrek guztiak berresten du Fagor Herrigintzak baduela nolabaiteko erreferentzialtasuna. Pozik egoteko modukoa da", azaldu du Aritz Otxandiano Kanpok, Fagor Taldeko iraunkortasun arduradunak. 

2025ekoa Fagor Herrigintza programaren laugarren edizioa izan da. Egitasmoa 2022an sortu zuen Fagor kooperatibak, komunitatean errotutako gizarte proiektuak babesteko helburuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak