IX. Euskelec lehiaketaren lehen topaketa egin dute Arrasaten

Mirari Altube Arrese 2025eko abenduaren 15a

Parte-hartzaile bat Iturripeko pistan. (Argazkia: Aretxabaleta Lanbide Eskola)

Euskelec lehiaketaren IX. edizioko lehen faseko topaketa egin zuten joan den egubakoitzean, hilaren 12an, Arrasateko Mondragon Unibertsitateko campusean, Tknikak antolatuta. 100 parte-hartzaile inguru elkartu ziren proiektuen aurrerapenak partekatu eta aurtengo nobedadeak ezagutzeko.

Topaketari ekiteko aurreko urteetako ibilgailuen deskarga egin zuten parte-hartzaileek; eta ondoren, lehiaketaren aurkezpen ofiziala eta aurtengo berrikuntzak azaldu zituzten. 

Goiz erdian, 10:30ean, VIII. lehiaketako ibilgailuen erakustaldia izan zen, baita benchmarking saioa ere. "Parte-hartzaileek ideiak kontrastatu, argazkiak atera eta irtenbide tekniko ezberdinak aztertu zituzten", azaldu dute ekitaldian parte hartu zuten Aretxabaleta Lanbide Eskolako kideek.

Amaitzeko, 11:30etik 13:00etara, aurreko edizioko ibilgailuen proba saioak egin zituzten Iturripeko pistan: "Ikasleek benetako egoeretan probatzeko aukera izan zuten, autoen errendimendua eta egonkortasuna ezagutuz".

ALEko ikasleak proiektuak partekatzen

Aretxabaleta Lanbide Eskolako taldeek gainerako ikastetxeekin partekatu zituzten euren proiektuak eta, aldi berean, aurreko edizioetako ibilgailuak probatu. "Jardunaldia aukera bikaina izan da ikasleentzat beren lana testuinguru errealago batean aztertzeko eta hobetzeko", adierazi dute.

Eta topaketari balioa eman diote: "Topaketa horren bidez, Euskelec ekimenak berrikuntzan, elkarlan teknikoan eta energia garbien sustapenean egiten duen lana agerian geratu da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak