1,1 milioi euro horiekin elkarteko zazpi Ikastola eta hainbat proiektu babestuko dituzte: Nafarroako Argia (Tutera) eta Ibaialde (Lodosa) Ikastolak, Iparraldeko Kattalin Elizalde Kolegioa (Senpere), Lizeo berrirako proiektua (Donapaleu) eta Ikastolen Etxea (Kanbo), Bizkaiko Bihotz Gaztea Ikastola (Santurtzi) eta Gipuzkoako Zubimusu Ikastola (Amasa.Villabona/Zizurkil).
Adierazi dutenez, Ikastolen komunitatea osatzen duten guraso eta langileek Ikastolen mugimenduari, eta Euskal Hezkuntza Nazionalari egindako elkartasun-ekarpena da: "Beldurrik gabe esan dezakegu ez dagoela Euskal Herrian horrelako elkartasun-ekintzarik. Horixe gara Ikastolak, elkartasunean eta kooperazioan aritzen den komunitate sendoa".
Elkartasun Kutxari 2025-2026 ikasturtean 803.684 euroko ekarpena egin diete Ikastolek: "Artezkaritza Kontseiluak Elkartasun Ikastolak Kooperatibari egin dion proposamenean eta Batzarrak berretsitakoan, berriz, jarritako dirua baino gehiago banatzea erabaki da. Batzarrean esan den moduan, Ikastolok urte batez egin dezakegun ariketa da hau, baina ezin da ohiko bihurtu. Izan ere, Elkartasun Kutxak jasotzen duena baino gutxiago banatu beharko luke gerta daitekeenari erantzuteko funts bat sortzeko".
EH Ikastolak EKEren Batzar Nagusia
Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusiaren aurretik egin zuten Euskal Herriko Ikastolak EKEren urteko Ohiko Batzar Nagusia. Aurreko ekitaldiko kontuak onartu zituzten; baita aurtengo ikasturteko aurrekontua ere. Guztira, zortzi milioi euroko aurrekontua izango du Ikastolen Elkarteak.
Kudeaketa planean jaso dituzte ikasturteko ildo nagusiak; hala nola hezkuntza, euskalra eta euskal kultura, digitalizazioa, enpresa, aisialdia eta Ikastolak:
- Hezkuntza: Aholkularitza pedagogikoa diseinatzen bukatzea eta bost ikastolatan pilotatzea; ikaskuntza eredu berria diseinatzea, ekoiztea eta integratzea; marko teknopedagogikoa definitzea; Ongizate taldea antolatzea eta lan-ildoak planifikatzea; prestakuntza birdiseinatzea eta prozesatzea; Euskal Curriculuma eguneratzea.
- Euskara eta euskal kultura: murgiltze programa aberastu eta ikastolaratzea; murgiltze eredua eguneratzea; B2 neurketa sistema pilotatzea; kultur plazak aktibatzea.
- Digitalizazioa: burujabetza teknologikoaren bide-orria definitu eta abiaraztea.
- Enpresa: Ikastolen Elkarteko Zuzendaritza Taldea indartzea; Ikastolen Elkarteko bideragarritasun ekonomikoa bermatzea; Ikastolen Elkartea berrantolatu eta egiteko modua sistematizatzea.
- Aisialdia: Aisia Marko orokorra Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorraren baitan eguneratzea eta aisialdi eskaintza horren baitan garatzea; ekintza ludikoak burutzeko askotariko baliabideak eskaintzea.
- Ikastolak: Ikastolen arteko lankidetzak indartzea; Ikastoletarako finantza eta lan aholkularitzak antolatzea.