Eguneroko arrazakeria egoerak ikastetxean: guztion erronka izenpean antolatu dute jardunaldia eta 100 parte hartzaile elkartu dira Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Eskoriatzako campusean; ikastetxeetako zuzendariak, irakasleak, gurasoak eta ikasleak, besteak beste.
Hitzaldiak eta mahai-inguruak
Iñaki Larrea Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Ikerketa eta Transferentzia zuzendariak eman dio hasiera jardunaldiari. Ondoren, Ane Urizar eta Sara Jimenez de Aberasturi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikerlariek hitzaldia egin dute. Urizarrek ikasle arrazializatuek ikastetxean jasandako arrazakeria egoerez jardun du: "Garrantzitsua da identitate pluralaz hitz egitea, gaur egun bertako sentiarazten ez ditugun ikasleak sentitu ahal izan daitezen bertako, jatorriko identitateari uko egin gabe". Jimenez de Aberasturi ikerlariak, berriz, nabarmendu du "pribilegioetaz hausnartzea" dagokiela hezkuntza-eragileei, ez dutelako "nahikoa landu zuri izateak eskaintzen digun pribilegioa".
Hitzaldien ostean, mahai-ingurua egin dute Lexuri Bergarak, Hanane El fakirik, Ane Zelaiak eta Mikel Hendak, eta ikaskuntza- eta irakaskuntza-ibilbidean bizitako arrazakeria egoerez eta arrazakeria sistemikoaz aritu dira.
Bukatzeko Jeanne Rolande ikerlari eta aktibista feminista, antiarrazista eta dekolonialak hartu du hitza, eta arrazakeria instituzionalean eta sozialean oinarritu du hitzaldia.