Gipuzkoako Foru Aldundiak 2026ko egutegiaren 40.000 ale banatuko ditu datozen egunetan Gipuzkoa osoan, herri guztietara gerturatuta. Hamahiru argazkik osatzen dute guztira egutegia –azalean bat, eta hilabete bakoitzean bana–.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Argazki Elkarteak antolatu dute aurtengo lehiaketa fotografikoa, Ekin. Zaindu. Bizi lelopean, eta markak hautsi ditu: 1.073 argazki jaso dituzte eta orain arte egin diren bederatzi edizioetatik parte-hartze handienekoa izan da.
Joserra Txintxurreta oñatiarraren lana eramango du egutegiak azalean: artaldearen aurrean artzain bat eta bere txakurra irudikatzen ditu, "ingurumenaren zaintzaren kulturari, ondo egindako lanari eta komunitate-bizitzari egindako omenaldi gisa". 1.000 euroko saria jaso du, eta gainerako hamabi irabazleek, berriz, 250 eurokoa bakoitzak.
Gipuzkoako Argazki Elkartetik egutegia osatuko duten argazkien "kalitate teknikoa, narrazio indarra eta Gipuzkoaren berezko balioak eta bizimoduak islatzeko gaitasuna" nabarmendu dituzte. Multzoak begirada zabala eskaintzen dio lurraldeari, eta, Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu duenez, egutegi hau "irudi bilduma bat baino askoz gehiago" da: "Gipuzkoari buruzko kontakizun partekatu bat da, bertako jendeak egina".
Leintz Gatzagan, Eskoriatzan, Aretxabaletan, Arrasaten, Oñatin, Antzuolan, Bergaran eta Elgetan.
Abenduaren 11n, ostegunean, egutegiak banatuko dituzte: Leintz Gatzagan, San Migel plazan, 10:00etatik 11:00etara; Eskoriatzan, Fernando Eskoriatza plazan, 11:30etik 12:30era; Aretxabaletan, Herriko plazan, 13:00etatik 14:00etara; Arrasaten, Seber Altube plazan, 15:30etik 17:30era; eta Oñatin, Foruen enparantzan, 18:00etatik 19:00etara.
Abenduaren 12an, ostiralean, banaketa egingo dute: Antzuolan, Herriko plazan, 10:00etatik 11:00etara; Bergaran, Herriko plazan (udaletxe parean), 11:30etik 13:00etara; eta Elgetan, Mendizaleen enparantzan, 15:00etatik 16:00etara.