Ivan Marten Uliarte: "Trantsizio energetiko pragmatiko eta ordenatu bat behar dugu"

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko abenduaren 12a

Ivan Marten Uliarte. (Argazkia: Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartea)

Arizmendiarrietarren Lagunak Elkarteak gonbidatuta Arrasaten izan zen eguaztenean Ivan Marten Uliarte (Donostia, 1.954). Orkestra – Lehiakortasunerako Euskal Institutuko lehendakaria da eta trantsizio energetikoaren eta industrialaren geopolitikaz aritu zen.

Zer eragin du trantsizio energetikoak euskal ekonomian?

Alde batetik, eragin positiboak ikusten ditut: iraunkortasunari buruzko kontzientziazio handiagoa dago, bai ingurumen-dimentsiotik, eta bai dimentsio sozialean zein ekonomikoan.  Gainera, kontsumo-eredu arduratsuago baterantz goaz. Baina eragin negatiboak ere ikusten ditut. Uste dut azkarregi egin nahi ditugula gauzak, ez bakarrik EAEn baizik eta Europan eta oro har munduan eta horrek eragin ekonomikoa du bai enpleguan eta bai gure industriaren lehiakortasunean.

Hau da, trantsizioa egin behar dugu, baina erritmo egokian eta gaitasun teknologikoak zein giza gaitasunak garatuz kostu soziala ahalik eta txikiena izan dadin: enplegua suntsi ez dadin, prezioek gora egin ez dezaten eta lehiakortasuna gal ez dadin. Automozioaren sektorea adibide garbia da.

Geopolitikak edo, beste era batera esanda, merkatu-fluxuek ere eragina dute.

Industria-trantsizioak oso eragin handia izan du merkatuetan eta energia-fluxuetan; hornidura-kateetan, energia-horniduraren segurtasunean edo autonomia estrategikoan. Txina da trantsizio energetiko industrialaren irabazle nagusia, eta eskualde batzuk galtzaileagoak dira, hala nola Europa.

Marko horretan, zein erronka nagusi ditu euskal ekonomiak?

2030 Industria Planean jasota daudenak dira. Deskarbonizazioa egin behar dugu, emisioak gutxitu, gure eraginkortasuna eta berrikuntza hobetu behar ditugu... Hau da, ekonomia berdeago eta iraunkorrago batek ekarriko dizkigun negozio-aukerei heltzeko prest egon behar dugu.

Eta gure abiapuntu ona da?

Zorionez, Euskal Autonomia Erkidegoan industriaren % 24 daukagu BPGan, eta hori asko da, baina ziurtatu behar dugu maila hori mantentzen dugula. Industria gehiago behar dugu, kalitatezko enpleguak direlako, eta industria askoz eraginkorragoa eta modernoagoa behar dugu. Hau da, industria berdeagoa eta eraginkorragoa.

Europak gehiegi erregularizatu du?

Europak gehiegizko erregulazioa ezarri du: hiper-erregulatu egin du, eta gehiegizko oztopo burokratikoak eta erregulatzaileak jarri ditu. Baliteke enpresa handi batzuentzat zentzua izatea, baina 20-100 pertsonako enpresei asko eragiten die, horri aurre egiteko baliabide finantzariorik eta giza baliabiderik ez dutelako, eta hori arazo larria da.

Badugu nahikoa baliabide lehiakorrak izateko?

Orkestratik indargune handiak ikusten ditugu. Lehenik eta behin, gure indarguneak dira ezagutza handia dugula eta industria-lana egiten badakigula. Baita ere balio-kate oso finkatuak eta punta-puntakoak ditugula trantsizio energetikoaren eremu garrantzitsu batzuetan. Lankidetza publiko-pribatuak ere oso ondo funtzionatzen du, eta, gero, prestakuntza-ekosistema oso indartsua dugu, batez ere lanbide-heziketaren kasuan. Azkenik, ez dut ahaztu nahi gure teknologia eta berrikuntza ekosistema eta gure zentro teknologiko guztien garapena. Punta-puntakoak gara teknologia-zentroen garapenean, eta balio izan dute enpresek teknologiarako sarbidea izan dezaten, nazioarteko sareetan egon daitezen eta ekoizpena egokitzen jarrai dezaten.

Europako beste eremu batzuekin alderatuta, ondo kokatuta al gaude?

Nire ustez, Europako beste eskualde batzuk baino hobeto gaude, argi eta garbi. Denbora behar dugu sortu ditugun baldintzek fruituak eman ditzaten. Eta gehituko nuke ahalik eta gehien jarri behar ditugula balioan Orkestran  enpresa txapeldunak deiturikoak. Nitxo-sektoreetan munduko liderrak dira eta beste enpresa batzuk baino garapen, hazkunde eta errentagarritasun handiagoa dute. Enpresa-sare sendoa da, oso espezializatuta daude eta mundu mailan posizionamendu liderra dute.

Ezezagun handiak dira, baina hor daude, eta gure lantza-punta diren txapeldun ezkutu horiek sortzen jarraitu behar dugu. Adibidez, surfa egiteko igerilekuen fabrikatzaileak edo erreminta-makinen enpresak, Danobat adibidez, edo balbulak sortzen dituen Ampo enpresa.  Ez dira enpresa handiak tamainaz, baina berrikuntzan, talentuan eta ezagutzan inbertitu dute eta liderrak dira nazioartean. Alde horretatik, ni baikorra naiz, uste dut oso enpresa eta baldintza onak ditugula.

Arizmendiarrieta Lagunen Elkarteak gonbidatuta etorri zara Arrasatera. Kooperatibek zein paper jokatzen dute trantsizio energetikoaren auzian?  

Esan behar dut kooperatibak direla gure industria-sarearen oinarria. Gure lurraldean oso errotuta daude, lehiakortasuna bultzatzen dute berrikuntza, erresilientzia eta gizarte-ekitatea sustatuz, lankidetzaren, gobernantza partekatuaren, pertsonen ahalduntzearen eta gizarte-balio partekatuen ikuspegiaren bidez. Horrek mundu mailan lehiatzeko aukera ematen die, betiere tokiko sustrai sendoak, egonkortasun ekonomikoa eta garapen inklusiboa zein balio partekatua sortzeko helburuak mantentzen dituzten bitartean.

Zein izango litzateke zure mezua enpresaburuentzat, langileentzat, erakundeentzat eta agintarientzat?

Trantsizio energetiko pragmatiko eta ordenatu bat behar dugu eta gure lurraldearen errealitatera eta baldintzetara egokitua. Ingurumen-helburuak betetzen direla ziurtatuko behar dugu, gure lehiakortasuna eta gizarte-ongizatea arriskuan jarri gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak