Euskal Herri mailako kanpaina horrek Debagoienean ere izan du oihartzuna, Eroski, BM eta Lidl supermerkatuetan, esaterako. Saltokietako Israelgo produktuak, bereziki pipak, datilak, patatak eta ahuakateak seinalatu eta kentzea izan da kanpainaren helburu nagusia.
Boikot mugimenduak azpimarra jarri du Uvesco Taldearen erabakian; BDZk produktu israeldarren erretiroa ziurtatzeko galdegin zion, eta taldearen komunikazio korporatiboaren erantzuna "argia" izan da, mugimenduaren arabera. Honakoa adierazi zuen: "Israeldar jatorriko produktu guztiak UVESCO Taldeko denda guztietatik kendu dituztela baiezta dezakegu, bai BM Supermerkatuetan, bai Super Amaran".
Bestelakoa da, BDZren esanetan, gainontzeko supermerkatuen jarrera. Eroskin, esaterako, presio kanpainak emaitzak ekarri arren –gaur egun ez dago jatorri israeldarreko produkturik Eroskiren marka zurian–, "zuzendaritzaren aldetik ez da baieztapen ofizialik jaso".
Bestalde, Lidl, Aldi, Mercadona eta Carrefour bezalako kateek Israelgo produktuak saltzen jarraitzen dute oraindik ere: "Carrefourrek aipamen berezia merezi du bere inplikazio eta konplizitate mailagatik, izan ere eutsi egin dio Israelgo enpresekin duen akordioari. Israelgo Electra Consumer Products eta bere filiala den Yenot Bitan enpresekin du akordioa, biak ala biak Israelgo legez kanpoko kolonien ezarpenean lanean ari diren enpresak. Honek Carrefour genozidioaren eta Israelgo apartheid erregimenaren kolaboratzaile bihurtzen du".
"Presio antolatuaren garaipena"
Uvesco taldearen erabakia "garaipen esanguratsua" da Euskal Herriko BDZ mugimenduarentzat: "Erakusten duelako herritarren antolakuntza ezinbestekoa dela presio kanpainak artikulatzeko eta, horien bidez, gure inguruko enpresa eta erakundeak erregimen sionista genozidarekin dituzten harremanak haustera bultzatzeko".
Mugimenduak gaineratu du Uvesco Taldeak hartutako konpromisoa bere saltoki guztietan betetzen dela "zainduko" duela. Horrez gain, Eroskiko egoera "arretaz" jarraituko dute, "eta, aldi berean, zuzendaritzari eskatuko diogu bere jarrera ofiziala argitara dezala". Gainera, Lidl, Aldi, Mercadona eta Carrefourren aurkako kanpaina "areagotuko" dute, "Israelgo erregimen sionistarekin duten harreman oro eten arte".