XXI. mendeko lehen hamarkada politikoki gatazkatsua izan zen: atentatuak, atxiloketak, legez kanporatzeak… Milurteko berrira heldu aurretik, ordea, hiru momentu aipagarri: batetik, ETAk 1997ko uztailaren 10ean Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotzia bahitu eta egunetara hil izana, eta horrek sortutako erreakzioa: Ermuko espiritua... Bestetik, Lizarra-Garaziko akordioa, ETAren su-etena eta bi horien amaiera, 1998 eta 1999. urteen artean; eta Egin egunkariaren itxiera, 1998an, eta ondoren etorriko zen Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohiaren atxiloketa –2007– eta kartzelaldia –2009-2010–, 18/98 sumarioaren barruan, Egin argitaratzen zuen Orain SA enpresako buruzagi izatea leporatuta.
'Dena da ETA'
2022ko udan Batasuna legez kanpo uzteak hainbat ondorio ekarri zituen. Aipagarrienen artean, Debagoienean nagusi zen ezker abertzale historikoak ezin hauteskundeetara aurkeztu izana. 2003ko maiatzeko udal hauteskundeak eta ondorengoak istilutsuak, mingarriak eta deserosoak izan ziren. Xabier Zubizarretarendako, esaterako. 1987 eta 2003 artean Arrasateko alkate izan zen –HB eta Euskal Herritarrok–, bi urtez, zentsura-mozio baten ondorioz, alkatetzatik kendu bazuten ere. 2003ko udal hauteskundeetan, Herri Anitza plataforma legez kanporatuaren zerrendaburua izan zen eta bigarren aukera izan zen, EAJ-EA koalizioaren atzetik. Ezin izan zuen ordezkaritza ofizialik lortu Arrasateko udalbatzan. Orduan adierazi zuen, Goienan, Udalak zilegitasunez gobernatu ahal izateko alderdi guztiek izan beharko zuketela hauteskundeetara aurkezteko eta "lortutako emaitzen arabera ordezkariek karguak hartzeko" aukera. EAJ-EA koalizioko alkateendako ere, kargua hartzeko uneak eta agintaldi osoa ez ziren erosoak izan.
Dena da ETA teoriaren baitan, 2003ko otsailean, Euskaldunon egunkaria-ren itxiera eta bertako buruen atxiloketa izan zen. Guardia Zibilak eroandakoen artean, Fermin Lazkano bergararra, egunkariko gerente izandakoa.
EAE eta Aralar
2007ko udal hauteskundeak ere ez ziren normal igaro. Ezker abertzaleak hainbat zerrenda aurkeztu zituen, baina EAE alderdi historikoaren siglekin osatutako gehienak legezkotzat jo zituzten epaileek, baita Debagoienean ere; Oñatin eta Aretxabaletan izan ezik.
2003tik 2011ra arteko agintaldiak istilutsuak izan ziren, legez kanporatzeengatik
Elgetan Aralarrek irabazi zuen. Oñatin EAJ izan zen lehen indarra. Aretxabaletan EAE legez kanporatuak jaso zituen boto gehien. EAEko alkategai Anjel Bergaretxek zera adierazi zuen hauteskunde egunean: "Beste alderdiek erabaki beharko dute herriari entzun edo Espainiako legeari kasu egin". Hiru astera osatu ziren udalbatzak eta Aralarreko Inaxio Garro aukeratu zuten Aretxabaletako alkate.
Isaias Carrascoren erailketa
2008ko martxoaren 7an, ETAk Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohia hil zuen, etxe ondoan tirokatuta. Egubakoitza zen eta domekan Espainiako Gorteetarako hauteskundeak ziren. PSOEk irabazi zituen, eta zerrendarik bozkatuena izan zen Debagoienean eta Arrasaten. EAE-EB-Zutik Arrasateko gobernu koalizioa apurtu eragin zuen. Apirilaren 30ean Ino Galparsoro Arrasateko alkatea kartzelan sartu zuten.
"Aita tirokatu eta etxetik jaitsi nintzenean, anbulantziaren zain geratu ginen ama eta biok; inork ez zigun lagundu" adierazi zuen Puntua-n, 2016ko abenduan, Sandra Carrascok, Isaiasen alabak. Ino Garparsoro alkate ohiak, berriz, hau, aldizkari berean, 2015eko abenduan: "Uste dut arrazoi horregatik [Carrascoren kontrako atentatua] aukeratu zuela Garzonek nire aurka egitea, baina aldez aurretik erabakita zeukan EAEko udal hautetsien aurka egitea".
2018an iragarri zuen ETAk amaiera; Marixol Iparragirre eskoriatzarrak irakurri zuen komunikatua
Ezker abertzaleko erakundeak legez kanporatzearen ondorioz, izan ziren beste hainbat debagoiendar epaituak eta espetxeratuak: Aittor Arantzabal, Mikel Garaiondo eta Mikel Zubimendi bergararrak, esaterako.
Jardun armatuari agur
2011ko otsailean Sortuk legeztatua izateko estatutuak aurkeztu zituen; Karmele Agirregabiria eskoriatzarra izan zen bozeramailea. Maiatzean udal eta foru hauteskundeak Bilduk irabazi zituen eskualdean eta Gipuzkoan. Lehen aldiz, ezker abertzaleko diputatu nagusi bat: Martin Garitano bergararra. Urrian ETAk behin betiko utzi zuen jardun armatua eta 2018an amaiera iragarri zuen. Marixol Iparragirre eskoriatzarrak irakurri zuen komunikatua.
"ETAren amaiera faktore askoren emaitza izan zen. Garrantzitsuena, ordurako euskal gizartearen gehiengoak eta baita ezker abertzalearen gehiengoak ere ez zuela begi onez ikusten bide armatua. Eta, alde horretatik, Aralarren ekarpena izan zen irtenbiderik gabeko egoera batean bide politiko soila zegoenaren aukera erakustea". Rebeka Uberaren (Elgeta, 1972) hitzak dira. Aralarren idazkari nagusi ohia eta egun EH Bilduko legebiltzarkidea Gasteizen.
Gertaera esanguratsuak:
- 2002-06-22
Aralarren kongresu eratzailea, Gasteizen. - 2002-06-27
Espainiako Diputatuen Kongresuak Alderdien Legea onartu zuen, Batasuna legez kanpo uzteko. - 2003-05-25
Udal hauteskundeak: Batasunaren ordez sortutako herri plataformak legez kanpo geratu ziren. - 2003-06-14
Istilu artean osatu ziren udalbatzak eta aukeratu ziren alkateak. - 2007-06-27
Udal hauteskundeak: Oñatin eta Aretxabaletan izan ezik, gainerako herrietan EAE alderdia legezko eta irabazle. - 2008-02-09
ETAk lehergailu bat zartarazi zuen Bergarako epaitegia; zauriturik ez. - 2008-03-07
Isaias Carrasco PSE-EEko Arrasateko zinegotzi ohia erail zuen ETAk.
2008-04-30
Ino Galparsoro Arrasateko alkatea kartzelan sartu zuten. Uztailaren 28an aske utzi zuten.
2011-02-08
Sortu alderdiaren aurkezpena, Bilbon. Karmele Agirregabiria eskoriatzarra izan zen bozeramailea. - 2011-05-22
Bilduk –Sortu, EA, Alternatiba– udal eta foru hauteskundeetan parte hartu ahal izan zuen. Koalizioko Martin Garitano bergararra aukeratu zuten diputatu nagusi ekainaren 23an. - 2011-10-20
Borroka armatua behin betiko utzi zuen ETAk.