Goiena Komunikazio Taldeak ginga jarri dio 25. urteurrenari, Euskalit Fundazioaren Urrezko A Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria lortu baitu. Azken urteetan aintzatespen hori lortzeko lanean aritu da berrikuntza, jasangarritasun eta bikaintasun arloetan. Hainbat egunetan izan da Euskaliteko ebaluatzaile-talde bat Goiena aztertzen, eta nabarmendu dituen puntuetan daude, besteak beste, "Goiena bere bailaran erreferente den erakunde berritzailea dela; Goienak bere beharretara egokitutako kudeaketa sistema baliagarria diseinatu duela eta identifikatu dituen hutsuneak asetzeko tresnak egokitu eta berritzaileak sortu dituela; egoera berrietara egokitu eta produktuen eta zerbitzuen diseinuan eta eskaintzan Goienak duen malgutasuna eta erraztasuna; pertsonen ongizateari arreta berezia eskaintzen diola; eta Goienak harreman polita eta gertukoa duela bailararekin eta bertako herri eta eragile nagusiekin".
Saria "pozez eta arduraz" jaso du Goiena Komunikazio Taldeak. "Ebaluatzaileek hainbatetan esan digute nabari dela enpresa guztia dagoela ondo lan egiteko lerratuta. Jendeak sinisten duela egiten duen horretan eta ontzat dutela lana efikaziaz egitea. Goienako lantaldea izan genezakeen onena dela esaten dugunean ez dugu gezurrik esaten. Lantalde bikain batean lan egiteko zortea dugu Goienan", dio Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari Iban Arantzabalek.
Urtetik urtera hobetzen
Zilarretik urrerako salto horretan, Euskaliteko proiektu-arduradun Galder Lasuenek azpimarratu du 2019tik hona Goiena ez dela gelditu, eta 2019ko eta 2025eko txostenak alderatuz gero "jauzi nagusia" bezeroetan eta pertsonetan –langileen kudeaketa– egin duela: "Bi elementu horiek oso landuta ditu Goienak, eredugarriak diren praktikekin".
Goienak "eredua finkatu" duela irizten dio Arantzabalek; izan ere, Goienak lantaldeka funtzionatzen du eta "berebiziko garrantzia" ematen die kooperatibako pertsonei, ikus-entzule-irakuleei eta bezeroei. Haien beharrak eta nahiak oinarri hartuta lantzen dute estrategia: "Kooperatibako pertsonen eta bezeroen ondoan, garrantzia eman diogu enpresa berritzailea izateari, baita Debagoieneko gizartean dugun lekuari ere". Horregatik, informatzeaz gain, gizartearekin batera aurrera egin nahi du Goienak, eta inpaktua sortu.
Beste hainbat sari
Goiena Komunikazio Taldeak betidanik eman dio garrantzia kudeaketari, eta dagoeneko ia 10 urte igaro dira Euskaliten Kudeaketa Aurreratuaren Programan sartu zenetik. 2017an jaso zuen Kudeaketa Aurreratuaren diploma. 2019an, berriz, Zilarrezko A Saria eskuratu zuen, eta aurten jaso du Urrezko A izendapena. Alabaina, beste hainbat errekonozimendu ere jaso ditu Goienak 25 urteko ibilbidean. 2008an, esaterako, Urrezko Bikain Euskarazko Ziurtagiria jaso zuen Goienak, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskalit Fundazioaren eskutik. Era berean, nahiz eta Euskalitekin zerikusirik ez izan, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak emandako Bai Euskarari ziurtagiria ere badauka 2006a ezkero.
Hainbat eremutan erreferente
Goiena Komunikazio Taldea da eskualdeko eta hedabidegintzako lehen enpresa Urrezko A saria jasotzen duena. Hala ere, Goienak argi du lehenengoa izatea baino garrantzitsuagoa dela izatea, eta ez dela lehia bat, baizik eta kudeaketa arduratsuaren aldeko lana: "Lantaldeak lan handia egin duela eta ondo egin duela lan hori. Hori ez diogu guk geure buruaz, esaten digute Goiena lau egun osoz aztertzen egon diren sei ebaluatzailek. Lan handia da edozein enpresarendako, biluzte-ariketa handia da eta. Hala ere, gure helburua urrea lortzea baino harantzagokoa izan da. Nahi izan duguna da gure indarguneetan sakondu eta hobetzekoetan zentratu. Betebehar bat da gure enpresarendako ondo kudeatzea, eta Euskalitek lagundu egin digu. Horrela bizi izan genuen zilarra, eta baita urrea ere", azaldu du Goienako zuzendariak. Gehitu du bailaran lan-kultura handia dagoela: "Mondragon Taldekoek badituzten euren ereduak, beste batzuk EFQMn ibili dira, edo beste eredu batzuetan".
Nerea Obieta Euskaliteko komunikazio-arduradunak azpimarratu du ez dela ohikoa hedabide bat Euskaliten Kudeaketa Aurreratuaren programan sartuta egotea. "Goiena Euskadin erreferentea da, eta bidea zabaltzen ari da gainerako hedabideentzat". Hala ere, euskal hedabideen kudeaketan hobetzen laguntzeko programa bat ere koordinatu dutela azaldu du.
Aitortza eginda, sari-banaketa ekitaldia abenduaren 17an izango da, Donostian, Kursaalean, eta han elkartuko dira, Urrezko A lortu duten enpresez eta entitateez gain, Kudeaketa Aurreratuaren Diploma, Brontzezko A, Zilarrezko A eta Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria lortu dutenak.
"Urrezko A-k kudeaketan garapen handia lortu dutenak aitortzen ditu"

Kudeaketa Aurreratuaren bueltan egiten dute lan Galder Lasuenek (Bilbo, 1978) eta Nerea Obietak (Bilbo, 1979), Euskaliteko proiektu-arduraduna eta Euskaliteko komunikazio-arduraduna, hurrenez hurren.
Zilarrezko A izatetik Urrezko A lortzerako jauzia zein da?
Nerea Obieta (N.O.): Urrezko A batek kudeaketan garapen maila handia lortu duten erakundeak aitortzen ditu; Kudeaketa Aurreratuko praktikak erabat integratu izanaren ebidentziak izan behar ditu erakundeak, ebaluatutako sei elementuetan emaitza orekatuak lortuta.
Galder Lasuen (G.L.): 2019tik hona Goiena ez da gelditu. Jarraitu du etengabeko hobekuntzaren filosofia aplikatzen, egindakoa sendotzen, aldatzen, berritzen, erronka berriei aurre egiten… eta Goienaren kasuan, bi ebaluazio-txostenak alderatuz, jauzi nagusia bezeroetan eta pertsonetan –langileen kudeaketa– ikus dezakegu. Bi elementu horiek oso landuta ditu Goienak, eredugarriak diren praktikekin.
Ez da ohikoena hedabide bat Euskaliten Kudeaketa Aurreraturen programan sartuta egotea.
N.O.: Ez da ohikoa, eta argi dago Goiena Euskadin erreferentea dela, eta bidea zabaltzen ari dela gainerako hedabideentzat. Baina, egia esanda, badago lehiakortasuna hobetzeko bide honetan hasteko kezka eta interesa, eta euskal hedabideei kudeaketan hobetzen laguntzeko programa bat koordinatu du Euskalitek 2022 eta 2024 bitartean.
Nolako bilakaera izan du Kudeaketa Aurreratuaren ereduak azken urteetan?
G.L.: Gure inguruan dauden enpresen eta erakundeen erronkak oso antzekoak dira: talentua erakartzea eta mantentzea, belaunaldi erreleboa, jasangarritasuna, kontziliazioa eta berrikuntza. Beraz, tresna honek laguntzen digu izan ditzakegun arriskuen aurrean prestatzeko eta identifikatzen ditugun aukerak aprobetxatzeko. Adi gaude joera, tresna eta praktika berriei, mundu mailan, ondoren Kudeaketa Aurreratuaren eredura ekartzeko.