Euskalgintzaren loraldia bizi izan zen 80ko eta 90eko hamarkadetan, frankismo sasoian euskarak bizitako ilunaldia iraultzea helburu. Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) izan zen Euskal Herriko lehenengoetako euskara elkartea –1983ko azaroan eratua eta gaur egun 570 bazkide dituena–, eta haren ondotik sortu ziren gainerako herri guztietan –Jardun, 800 bazkiderekin egun, Bergaran; eta Loramendi, 430 bazkiderekin, Aretxabaletan, esaterako, oraindik ere lanean dihardutenak–. "80ko hamarkadan lan egitera etorri ziren, eta Arrasateko bertako pertsona asko euskararen egoeraz arduraturik elkartu eta horri aurre egiteko erabakia hartu zuten", azaldu du AEDko lehendakari Eñaut Muxikak.
AEDren arrimuan, Arrasaten bertan beste ekimen batzuk ere sortu ziren: Txatxilipurdi, Ekin Emakumeak Elkartea eta Emun kooperatiba. Herri aldizkariak ere Debagoieneko herri guztietan eratu ziren, tokiko informazioa eta euskara eskutik hartuta, bailarako lehenengoa Arrasate Press izanik –1988ko abenduan–.
Erabileran jaitsiera
Bost herri UEMAko kide dira –Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea–: lehenengoa sartzen Aramaio izan zen, 1996an; eta haren atzetik, Antzuola, 2003an; Bergara, 2008an; Elgeta, 2009an; eta Oñati, 2012an. Udalerri euskaldunek eta arnasguneek osatzen dute UEMA, baina Debagoienean, gaur-gaurkoz, ez dago arnasgunerik; hau da, 2021eko datuen arabera, ez dago etxean euskararen erabilera %60 baino handiagoa duen herririk. 1991n, bestelakoa zen egoera Oñatin, Elgetan, Antzuolan, Aramaion eta Leintz Gatzagan; gaur egun, baina, %50 eta %60 artean dago. Eta gainerako herrietan ere behera egin du etxeko erabilerak.
Ez dago etxeko euskararen erabilera %60 baino handiagoa duen herririk
Kaleko erabilerari dagokionez ere atzera egin da 2011tik 2021era bitartean –Jaurlaritzako Euskararen Adierazle Sistemak jasotako datuak–: Aretxabaletan ia zortzi puntu (%41,2ra); bost punturen bueltan Eskoriatzan (%29,2) eta Antzuolan (%60,5); Elgetan ia lau (%57,9); eta Debagoienean, 4,6 puntu (%47tik %42,4ra). Gora egin duten bakarrak izan dira Oñati, 7,5 puntu (%71,5) eta Bergara, 6,4 (%47,4ra). Gainerako herrietako datu osaturik ez dago.
Muxikak dio gizartea aldatu egin dela: "Gizartearen zati gero eta handiago batek euskara ez du larritasun egoera baten dagoen kontzientziarik. Jende askorentzat beste hizkuntza batzuetan hitz egitea ez da traumatikoa. Nolabait, euskararekiko leialtasun kontzeptu hori galtzen doa".
Kike Amonarriz soziolinguista ez da ezkorra: "Nik datuetan ez dut atzeraldirik ikusten, geldialdia baizik. Izan diren aldaketa egiturazkoak, teknologikoak edo soziodemografikoak aintzat harturik, erresistitzea ez da gutxi, baina atzeraldian sartzeko arriskuak ere handiak dira".
Aldaketei erreparatuta, eskualdean bizi direnen profila asko aldatu da 25 urteotan, kanpotik etorritako bizilagunen kopurua hazi egin delako. Ildo horretatik, Euskaldunen Topaguneak –2024tik Taupa– Auzoko ekimena jarri zuen abian, eta oraindik lanean dihardute Oñatin, Aretxabaletan eta Eskoriatzan, besteak beste. Erabilera bultzatzeko ekimenen artean, Berbalaguna sustatu du, eta herri gehienetan daude euskaraz jarduteko taldeak.
Elkarlanean jardun beharra
2018ko Euskaraldian Debagoiena izan zen parte-hartze handieneko bosgarren eskualdea
Euskalgintzaren eta erakundeen elkarlanetik Euskaraldia iritsi zen 2018an, euskararen erabilera aktibatzeko mugimendu soziala; Debagoiena izan zen orduan parte-hartze handieneko bosgarren eskualdea, 13.263 izen-ematerekin. Haren ondotik, beste hiru etorri dira: 2020an, 2022an eta 2025ean; azkenengoa, 11.706 parte-hartzailerekin.
Amonarrizek dio bi hankak direla beharrezko: "Euskarak aurrera egingo badu, ezinbestekoak ditu hanka soziala –euskalgintza, herritarrak eta eragile sozialak– eta hanka instituzionala –erakundeak, legeak eta aurrekontuak–. Biak zenbat eta indartsuago, eta bien artean elkarlanean zenbat eta gehiago aritu, euskararen biziberritze-prozesua orduan eta bizkorragoa eta sendoagoa izango da".