Maider sare publikoko irakaslea da, gaur egun Amassorrain Ikastolan zuzendari lanetan dabil- Bizipoza Eskolako proba pilotuetan parte hartu zuen LH5 mailan eta gaur egun Bizipoza eskola tresna erabiltzen dute eskolan. Nerea, berriz, Bizipozako kidea da, Sanfilippo elkartekoa eta Hezkuntza Bereziko espezialista hezkuntza publikoan, eta, Luisma Gure Señeak eta Bizipoza elkarteetako kidea da, gurasoa eta jubilatua dagoen irakaslea.
Elkarlanerako proposamenaren helburu nagusia eta ondorengo helburu zehatzak ere aurkeztu dizkietela azaldu dute bertan izan diren ordezkariek. "Helburu nagusia, Bizipoza Eskola EAEko ikastetxe guztietara zabaltzea da, haren aurkezpenak eginez eta erabilera sustatuz, eta horren baitan honakoak dira helburu zehatzak", adierazi dute:
Helburu zehatzak:
1.-Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Bizipoza Elkarteak elkarlanean, EAEko ikastetxe guztietara Bizipoza Eskola zabaltzeko bide-orria osatzea eta garatzea.
2.-Eraginkortasuna bermatzea: egunerokoan egin daitezkeen lanketaz haratago, herrika edo EAE mailan egun konkretu baterako planteamendu eta gai zehatza proposatzea eta garatzea.
3.-Bizipozaeskola.eus webgunea osatzea. Material berria txertatzea, webgunearen atalak elikatzea…
4.-Gaur egun Bizipoza Eskolan jasotzen ez diren errealitateen azterketa bat egitea eta errealitate horien lanketa egiten duten elkarteekin harremantzea.
5.-EAE mailan lan egiten duten hezkuntza sistema guztiekin harremanak indartzea, bizipozaeskola.eus aurkezteko eta garatzeko bideak irekiz.
Euskaratik eta euskaraz
"Gizarte inklusiboa eraikitzen ari gara euskaratik eta euskaraz. Hala, proiektua egingarri izateko eta bere bideragarritasuna bermatu ahal izateko, aurrekontuetan proiektu honek islada izatea ere eskatu dietela alderdi politikoetako ordezkariei nabarmendu dute.