Zubitxa Zentro Sozialistaren bosgarren urteurrena ospatzeko hitzordu ugari abenduan

Imanol Beloki Unamuno 2025eko abenduaren 8a

Kontzertu bat Zubietako eskola zaharraren ataraian. Argazkia: Deba Bailara Kontseilu Sozialista.

Aurten Zubitxa Zentro Sozialistak bost urte beteko ditu, eta urteurrena ospatzeko abenduan zehar ekintza ugari antolatu dituzte, nahiz-eta, abenduaren 13rako egun osorako egitaraua prestatu duten.

Zubitxa Zentro Sozialistak bost urte hauetan jarduera desberdinak antolatu ditu: formakuntzak, hitzaldiak, aholkularitza juridikoak, tailerrak, kirol entrenamenduak, janari eta arropa bilketak, musika saioak zein beste kultur emanaldi batzuk.  Horrekin batera, urteurrena ospatzeko egun bateko eta hilabete osorako egitaraua antolatu dute Deba Bailarako kontseilu sozialistatik.

Abenduaren 13ko egitaraua

  • 11:00 Patata-tortilla lehiaketa. Parte hartzeko bidali email bat edo jarri kontaktuan Kontseiluko kideekin. Baldintzak:
    • 1. Gehienez lau pertsonako taldeak.
    • 2. Kozinatzeko mahaia eta patatak bertan emango dira –gainontzeko materiala lortzeko arazorik izanez gero abisatu antolatzaileei–.
    • 3. Erabili daitezkeen osagaiak mugatuko dira.
  • 13:30 Pintxo dastatzea eta bermuta.
  • 14:30 Bazkaria. Izena emateko azken eguna abenduaren 6 izango da. Emaila bidali edo Kontseiluko kideekin harremanetan jarri.
  • Ondoren Kontzertu akustikoa.

Hurrengo egunetarako hitzorduak

Urtea bukatu bitartean beste hainbat ekintza egingo dituzte. Hona hemen:

  • Abenduaren 18an, 19an eta 20an: neguko arroparen bilketa, 17:00etatik 20:30era bitartean.
  • Abenduaren 21an eta 28an: liburutegia irekiko da ikasleentzat, 09:00-20:00 bitartean. Horretaz gain, apunte bankua ere eskuragarri egongo da.
  • Abenduaren 22a: neguko arroparen banaketa egingo da 17:00etatik 20:30era bitartean.
  • Abenduaren 23a: Taher Ali Palestinako aktibistaren hitzaldia, 18:00etan; Palestinako gatazka izango du hizpide. Ondoren, 20:00etan, kontzertua Negu Urbilak taldearen eskutik.

Zubitxako komunitatea handitzeko gogoz

Abendutik aurrera ere ekimen ezberdinak hartuko ditu Zubitxa Zentro Sozialistak eta komunitatea handitzea dute helburuen artean: "Bertan parte hartzen dutenen komunitatea handitu eta gizarteko sektore zapalduenak batu, antolatu eta behar desberdinak asetzea du helburu. Bizi baldintzak okertzen eta bizitzeko beharrezkoak diren zerbitzu asko pribatizatzen ari diren garaiotan, garrantzitsua iruditzen zaigu horrelako espazioen garapena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak