Saltoki erraldoi hutsaz harago, Kulturaren Jaialdia izango da Durangoko Azoka

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025eko abenduaren 5a

Landako gunea beteta iazko Durangoko Azokan.

Aurten 60 urte bete dituen Durangoko azoka abiatuko dute gaur, egubakoitza, eta, astelehenera bitartean, 1.000tik gora nobedade, 285 erakusmahai eta 273 ekitaldi izango dira; Durangokoazoka.eus atarian kontsulta daiteke egitaraua.

"Atzera begirako nostalgian erori beharrean, harro aldarrikatu dute" antolatzaileek Durangoko Azokak izandako bilakaera eta "pozik eta inoiz baino gogotsuago" heldu diote aurten 60 urte bete dituen Durangoko Azokari. "Sortzen doazen adierazpen eta korronte berrietara moldatzen ari da euskal kultura, eta, horren atzetik, euskarazko sorkuntza bultzatu eta hauspotzeko asmoz lanean dihardu Durangoko Azokak, esku artean dugun Kulturaren Jaialdi hau ahalik eta anitzena eta koloretsuena izan dadin", azaldu du Gerediaga elkarteko kide eta Durangoko Azokako koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak.

Iratxe Reparazek sortu du aurtengo iruditeria, eta, ordutegiari dagokionez, iazko eredua mantenduko da, azken eguneko itxiera aurreratuta; hori horrela, 10:30etik 20:00etara izango da egunero, eta astelehenean 18:00etan itxiko dituzte ateak; aurten, baina, azoka itxi eta gero egitarauak jarraipena izango du. Kulturaren Plaza izateaz gainera, elkartasunari ere lekua egingo dio aurten; horregatik, Palestinak bizi duen genozidioa salatzeko, abenduaren 7an geldialdia egingo du Azokak, eta elkarretaratze kulturala egingo dute Landako plazan, 14:00etan.

Zortzi gunetan banatuta

Aurreko urteetan izan diren guneez gainera –Talaia; Ahotsenea; Irudienea; Kabia; Saguganbara eta Szenatokia–, bi gune berri izango dira oraingoan: Berbagailua eta Atartea izenekoak. "Berrikuntza horiek ez diote urteurren baten ospakizunari erantzuten, Azokak sei hamarkadatan zehar egindako ibilbidearen noranzkoari baizik: ingurura moldatzen joan da etengabe Azoka; euskal kulturaren berritasunei egokitzen eta arte-adierazpen berriak batzen", azaldu dute antolatzaileek.

Gaur egun bogan dauden podcasten plaza izango da Berbagailua: "Euskal Herrian euskaraz ekoizten diren zenbait podcast gonbidatu ditugu, eta, Azokan erakutsiko diren nobedadeak abiapuntu hartuta, askotariko gaiei buruzko solasaldiak egingo dituzte. Madalenako Ermitan kokatuta egongo da eta 20 lagunek zuzenean jarraitu ahal izango dituzte zuzeneko emankizunak, eta gero sarean ikusgai egongo dira". Horien artean izango da Goiena Komunikazio Taldeak ekoizten duen eta musika oinarri nagusi duen Sona.

Arte Ederren Plaza izango da, berriz, Atartea izenekoa; ilustrazioari lotutako erakusketak eta ekitaldiak antolatu dira Durangoko Museoan kokatutako gunean. Espazio horretako protagonistetako bat izango da Arrasateko Iban Galan irudigilea: "Nire lana zertan datzan eta dudan lan egiteko edo sortzeko modua azalduko dut bihar egingo dudan aurkezpenean. Era berean, gune horretan Euskal Herriko hainbat ilustratzaileren lanak bateratzen dituen erakusketa bat izango da, eta, erakutsiko diren lanen artean, Arrasateko Erromintxelak musika taldearen Nork erran eni diskorako egin dudan azala tamaina handian izango da ikusgai. Horrez gainera, aurten estreinakoz stand bat izango dugu euskal irudigileek, eta askotariko laminak izango ditut han salgai".

Azoka Telebistak, magazina

Ordu erdiko saioa ekoiztuko dute egunero, eta hainbat kanaletan ikusi ahal izango da; horien artean, Goiena telebistan, 20:30ean, eta ondoren, Goiena. eus atarian. Saio horiez gain, Debagoieneko sortzaileei buruzko erreportajea izango da abenduaren 10ean Goiena telebistan.

Guztiontzako Azoka erosoa eta segurua izan dadin, garraio zerbitzu berezia atondu dute, eta, horrez gain, Puntu Morea izango da Landako guneko informazio-puntuan.

Debagoiendarren aurkezpenak

Abenduak 5

  • Arima Soul taldea Jokin Vitoria arrasatearrak parte hartzen duen taldeak kontzertua egingo du, Plateruenan kokatutako Ahotsenea Musika gunean, 15:40ean.

Abenduak 6

  • Iban Galan Desegin Arrasateko ilustratzaileak bere sormen-lanen eta ibilbideari buruzko aurkezpena egingo du, Durangoko Museoan kokatutako Atartea gunean, 12:00etan.
  • Nhil taldea Aretxabaletako musika taldeak kontzertua egingo du, Plateruenan kokatutako Ahotsenea Musika gunean, 14:30ean.
  • Iban Gonzalez Leire Bereikuarekin batera egin duen Ezki kontu-kontari saioaren bigarren denboraldia aurkeztuko du Aretxabaletakoak, Zugaza zinema-aretoan kokatuta dagoen Irudienea gunean, 14:30ean.
  • Neomak taldea Benetan zabiz? bideopodcastean parte hartuko du Arrasateko Leire Etxezarreta eta Irati Gutierrez kide diren Neomak musika taldeak, Madalena ermitan kokatuta dagoen Berbagailua gunean, 17:00etan.

Abenduak 7

  • Potx, Lotx, Izaskun eta Xabi Sound Lagunekin Topa! diskoa aurkeztuko dute Oñatiko Algaraz elkarteko kideek, Saguganbara gunean, 12:00etan.
  • Harria taldea Bergarako musika taldeak kontzertua egingo du, Plateruenan kokatutako Ahotsenea Musika gunean, 19:10ean.
  • Ginka Biloba taldea Arrasateko musika taldeak kontzertua egingo du, Plateruenan kokatutako Ahotsenea Musika gunean, 20:20an.

Abenduak 8

  • Malko taldea Sona bideopodcastean parte hartuko du Oñatiko musika taldeak, Madalena ermitan kokatuta dagoen Berbagailua gunean, 11:00etan.
  • Kiimak taldea Antzuolako musika taldeak kontzertua egingo du, Plateruenan kokatutako Ahotsenea Musika gunean, 18:00etan hasita.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak