Goiena: 25 urteko ibilbidea

Bi norabidetan irabazi da elkarren artean eraikitako harremanari esker

Goiatz Arana Begiristain 2025eko abenduaren 4a

Maitane Azkarate, Idoia Elexpuru, Jesusmari Elkoro eta Alaitz Uribeetxeberria.

Goiena eta tokiko merkataritza estuki lotuta egon dira, hastapenetatik. Euskara eta 'zero kilometro' filosofia erdigunean jarrita, elkarlanean egin dute ibilbidea. Kooperatibaren 25. urteurrenean, esker-hitzak dituzte batak bestearentzat.

Eman eta jaso. Bi hitz horiek laburbiltzen dute 25 urteotan guztiotan Goienak eta tokiko merkataritzak elkarrekin izandako harremana. Ez dago ulertzerik bat bestea gabe, eta bete-betean egiten dute bat, izatetik bertatik: komunitate beraren parte; zero kilometrokoak; eta era batera ez bada bestera, "denda", biak ala biak, debagoiendarrentzat.

Publizitatea hartu-eman komertzial hutsetik harago ulertuta, Goienak askotariko ekintzak eta kanpainak eraman ditu aurrera bertako komertzioekin. 2013an, Fagor Etxetresnen itxieraren ondotik egindako arditxoaren kanpaina izan zen gogoangarrienetako bat.

Arditxoaren kanpaina

Industrian jasandako krisia hirugarren sektorera hedatu zen eta modu berezian kolpatu zuen herriko merkataritza. Izan ere, Fagor Taldearen kooperatiben artetik handiena eta ezagunena zena jausi izanak lurrikara ekarri zuen: zuzen-zuzenean eragin zuen debagoiendar askoren eros-ahalmenean, eta ahalmena izan bazuena ere beldurrez zegoen. Gabonak ere bazetozen eta zerbait egin beharra zegoen.

Debagoieneko Mankomunitateak, orduko lau merkatari-elkarteek –Ibai-arte, Bedelkar, Aretxarte eta Txanda– eta Goienak Erosketak Debagoienean egin! kanpaina abiarazi zuten, elkarrekin. Eta hala, ardia harentzako ezohikoak ziren habitatetan ibili zen –basamortuan, Ipar Poloan eta Karibean–, Ez zaitez galdu! esaldia aldean zeramala.

Bultzada teknologikoa

2016. urtea zen Merkatari aplikazioa jaio zenean. Teknologia berriak abiadura handian hedatzen ari ziren, eta haietara egokitzea inoiz baino beharrezkoagoa bihurtu zen komertzio txikientzako, negozioa aurrera eraman ahal izateko. Helburu hartan laguntzeko jaio zen, hain justu ere, Merkatari izeneko mugikorrerako aplikazioa. Goiena Komunikazio Taldeak eta ISEA Berrikuntza Zentroak jarri zuten abian proiektua, Debagoieneko Mankomunitatearekin elkarlanean.

Atzean geratzea ez zela aukera bat sinistuta, merkatari debagoiendarrek erabaki zuten Internetekin zabaldu zitzaien ate hartatik sartu eta aurrera egitea. Baina itsaso zabaleko pizti handiekin berdinetik berdinera zereginik izango ez zutela jakinda, euren balioetan azpimarra jartzea erabaki zuten: gertutasuna, konfiantza eta fideltasuna. Eta hala, teknologia erabili zuten helburu ezberdin batekin: bezeroa dendara hurbiltzeko helburuarekin. Goienak ordurako zituen bezeroen gaineko ezagutzatik eta haiekiko harremanetik eratorritako gida izan zen aplikazioaren datu-basea, proiektuaren abiapuntua. Hain zuzen ere, komunikazio taldeak bailararen garapenarekin zuen konpromisoaren baitan kokatu zuen egitasmoa.

Moda eta gehiago

Ekimen haiek eta gehiago ere izan dira: Bedelkar elkartearekin eta Bergarako Udalarekin egindakoak, besteak beste. Bergara Bizi egitasmoaren baitan aurrera eramandako moda desfileak, esaterako, zuzenean jarraitu ahal izan zituzten ikus-entzuleek Goiena telebistan eta www.goiena.eus atarian. Eta herriko elikagai-dendak bultzatzeko, Bergara Chef lehiaketa ere egin zuten egitasmo beraren baitan, Eusko Jaurlaritzaren eta Goienaren laguntzarekin. Herrian erositako produktuekin askotariko menuak prestatu zituzten parte-hartzaileek, elkarte gastronomiko batean.

Apustu eginez

Goienak berak bizi izandako garai zailekin ere izan dute zerikusirik egindako hainbat egitasmok. 2007tik 2015era, adibidez, bezero kopuruan eta, horrekin batera, publizitatearen fakturazioan izandako bilakaera negatiboak –%51ko jaitsiera– erakusten du krisiak Goiena ere kolpatu duela inoiz, eta, horren aurrean, "berrasmatzea" izan dela bidea dio Mireia Larrañagak, Goienako zuzendari komertzialak, "komertzioekin egon eta momentuko beharrak zeintzuk diren ikusiz. Kikildu ordez, apustu egitea izan da gure hautua", adierazi du.

Mireia Larrañaga: "Berrasmatzea izan da gakoa, komertzioen momentuko beharrak zeintzuk diren ikusiz"

Beharrak izan du zerikusirik, baina ez bakarrik. Ekonomikoki dakarrenaz gaindi, betidanik garrantzi berezia eman dio Goienak publizitateari; hala erakusten du GOIENA aldizkariaren edota www.goiena.eus atariaren egokitzapenak egiteko orduan behin eta berriz publizitatea aintzat hartu izanak, leku esanguratsua emateko hainbat euskarritan. Are gehiago: ohiko formatutik harago, publizitatea eduki moduan ere aurkeztu du sarritan Goienak –elkarrizketa edota erreportaje bitartez–, merkatariek helarazitako nahietako bat asez horrela.

'Goiena 0km gida'

Goiena 0km gida da, ordea, tokiko merkatariek eta debagoiendarrek eskura duten altxorrik handienetako bat. QR kodeen presentzia indartuta, komertzioen minisite-etara sartzeko bideak biderkatzea izan da azken berritasuna, minisite horietan produktuak ikusteko eta erreserbatzeko, eta dendariekin harremanetan jartzeko aukera eskainiz.

Euskaraz eta lider

Euskara da, zalantza barik, ezinbestean aipatu beharreko beste aldagai bat. Egun, publizitatea euskaraz egitea ohikoa bada ere, ez dago gauza bera esaterik duela urte batzuetako errealitateari erreparatuz gero: "Lortu dugu establezimenduek publizitatea euskaraz egitea, eta gure hizkuntzarentzat espazioa irabaztea. Dugun misioarekin estuki konprometituta, publizitatea ele bitan jarri gura izan duten zenbait eskaintzari ezezkoa ere eman izan diegu. Eta, hala ere, demostratu dugu posible dela, euskaraz eginda, lider izatea", azaldu du Larrañagak.

Tokiko merkatarien ahotik

Arrasateko Elkoro elektrizitate-dendako Jesusmari Elkoro da Goienarekin hartu-eman estua izan dutenetako bat. Duela 80 urte ekin zion negozioari haren familiak. Herri osoak ezagutu zezan gura zuten, eta baita lortu ere, erakusleihoan lanpara fluoreszente bat –garai haietarako oso deigarria zena– ipinita. "Elektrizitatea etxeetan geroz gehiago sartzen eta gailu berriak sortzen joan ahala, merkatua bera ere betetzen joan zen, eta publizitate beharra areagotzen: hasieran, generikoa; eta gerora, dendaren irudiarekin eta balioekin estuki lotua", adierazi du; eta segitu du esanez berehala ohartu zirela Goienak horretarako zuen balio erantsiaz: "Gertutasuna zen haren baliorik handiena, etxekoa moduan hartzen zen. Eta euskara ere balio erantsia zen, dena erdaraz zen garai haietan". Negozio ona zela dio, alde biek irabazten zutelako: "Guk lortu genuen publikoki azaltzea; eta Goienak, gu eurenean azalduz, jendeak bere edo are bereago sentitzea. Goiena gu denon erakusleiho da, eta garrantzitsua izan da herrira begira ez ezik bailarara begira ere".

Jesusmari Elkoro: "Publizitatea euskaraz egitea balio erantsia zen, dena erdaraz zen garai haietan"

Beste hainbesteko ibilbidea egin du ia Oñatiko Txantxiku Elektrizitatea dendak –Txintxurreta, lehen urteetan–. Alaitz Uribeetxeberriak gidatzen du negozioa egun, Julen anaiarekin batera; hirugarren belaunaldia dira. Erreferentziazko hedabidea da eurentzako Goiena: "Garrantzi handia ematen diogu euskaraz izateagatik, gertutasunagatik eta bailarako etxe guztietan sartzen delako. Guri lagundu digu Debagoienera zabaltzen; geroz gehiago joaten gara lanera Oñatitik kanpo". Eta horri gehitu dio Goiena bidelagun izan dutela erronka berriei aurre egitea egokitu denetan ere.

Alaitz Uribeetxeberria: "Debagoienera zabaltzen lagundu digu; herritik kanpo lan gehiago dugu orain" 

Maitane Azkarate arrasatearrak 2014an ireki zuen Amua jantzi-denda, Bergaran; amak ere izan zuen txiki bat, Arrasaten. 11 urteotan Goienarekin izandako harremanari buruz dio bizitza aldatzen eta haren denda egokitzen joan diren heinean etapa ezberdinak islatzeko balio izan duela. Baita publizitate eta informazio puntu bezala ere: "Goiena erabili dut plataforma bezala, baina hainbat euskarritan egindako artikulu, erreportaje eta bestelakoetan ere parte hartu izan dut, eta balorazioa positiboa da. Bi aldeek irabazteko bide ematen duen harreman bat da. Gauza asko egin ditugu, bai Amuan bai Bedelkarren –presidente izandakoa da Azkarate–, eta Goiena beti egon da hor, beti izan da bidelagun".

Maitane Azkarate: "Gauza asko egin ditugu, eta Goiena beti egon da hor, beti izan da bidelagun"

Idoia Elexpuruk 16 urte egin ditu Aretxabaletako Belar Meta jantzi-dendaren gidaritzan, eta Aretxarte elkarteko presidentea ere izandakoa da. Ama Goienaren zale amorratua duela dio, Goiena betidanik egon dela haren etxean, baina, komertzioaren bitartez, harremana are gehiago estutu dela. 

Idoia Elexpuru: "Gertutasunak eta elkarlanak batzen gaituzte; elkar laguntzen diogu"

Goienak eta tokiko merkataritzak bata bestearen beharra izan dutela dio, eta elkarri lagundu diotela: "Izan publizitatea jarri dugulako edo, Goienak eskatuta, erreportaje batean parte hartu edo elkarrizketa bat eman dugulako, jende askok ikusi gaitu eta dendara etorri da. Gertutasunak eta elkarlanak batzen gaituzte".

Aurrera begira

Goienako zuzendari komertzialak dio multinazional handien –Instagram, Facebook...– eraginari eta online erosketei aurre egitea izango dela etorkizuneko erronka, bai zero kilometroko hedabideentzako eta baita zero kilometroko komertzioentzako ere, eta, "aukeran, hobeto, elkarrekin heltzen badiogu", gehitu du. "Behar zaituztegu eta jarraitu, orain arte moduan", esan du Elkorok. Eskerrik asko, eta berdin zuek ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak