Goiena: 25 urteko ibilbidea

Mendi lasterketen boomean, emakumezkoak lehenengo lerrora

Xabier Urtzelai 2025eko abenduaren 5a

Aurtengo Aloñako Igoerako irteeran, Kortazar eta Uribarri lehen lerroan.

Kirolaren ikuspuntutik azken 25 urteotan aldaketa nabarmenak izan dira, eta bereziki emakumezkoen parte-hartzeak orokorrean izan duen gorakada azpimarratu behar da. Hori horrela, seguruenik trail mundua izan da bi elementu horiek ondoen batu dituena.

Bi hamarkada hauetan Debagoienean mendi lasterketarik ez egotetik herri bakoitzak berea izatera pasa da –martxoan jaioko da Gatzatrail, Leintz Gatzagan–. Eta bestetik, lasterketako irteera puntuan apenas emakumezkoak egotetik kopuru politak batzera pasa dira, nahiz eta oraindik badagoen non hobetu.

Hasieran parte-hartze txikia

Urte hauetako eboluzioaren errepasoa egiteko nekez topa daiteke Oihana Kortazar baino aproposagorik: elgetarra bertako lasterketa asko zelan jaio diren testigu izan da, eta kopuruz eta kalitatez emakumezkoen maila zela igo den bertatik bertara ikusi du. Elgetakoak 2008an egin zuen lehenengo mendi lasterketa, eta ordutik batera eta bestera ibili da, nazioartean nabarmentzeraino. "Atzera begiratuta, urte hauetan guztietan denetariko egoerak bizi izan ditugu. Gertatu izan zait lasterketa batera joan eta parte hartu dugun emakumezkoon artean podiuma osatzea; alegia, kopuruz ez ginen hiru baino gehiago", dio, barre eginez. "Eta hori ez zaigu behin edo birritan gertatu. Esango nuke etxean bertan, Mutrikun, gertatu izan zaigula hori. Zorionez, egoera aldatu egin da, eta pasa gara urte batzuetan lasterketa nork irabaziko zuen garbi jakitetik emakumezkoen artean lehia politak ikustera. Horrek esan gura du emakumezkoon kopurua handitu bai, baina maila ere asko igo dela, eta Debagoienean ez bat eta ez bi, hainbat gara nabarmendu garenak. Alegia, hemengo komunikabideok atletak azpimarratzeko ez duzuela aparteko bilaketa lanik egin behar izan [Barre]".

Helmugan onenak

Kortazarrek esan moduan, azpimarratzekoa da Debagoienak zer-nolako mendi lasterkariak eman dituen. Alde horretatik, Rosa Lasagabasterrek ate asko ireki zituen; izan ere, 2002an egindako Zegama-Aizkorriren lehen edizioan eskoriatzarra lehenengo helmugaratu zen, eta hark zabaldutako bideak zenbait jarraitzaile izan ditu. Haren ondoren etorri dira Oihana Kortazar bera, Malen Osa eta Ainara Uribarri oñatiarrak, Ainara Urrutia eta Garazi Abasolo aretxabaletarrak edota Ane Zabala arrasatearra, esanguratsuenak nabarmentzearren. Bakoitza bere mailan, denek irabazi dituzte lasterketa politak.

Lehenengo Aloñako Igoerako irteera (2005); zortzi emakumezkok hartu zuten esku. Argazkia: Aloñako Igoera.

Aloñako Igoera, zaharrena

Debagoienera traila Oñatitik sartu zen; Aloñako maldetatik, zehatzak izateko. 2005erako Zegama-Aizkorrik lau edizio zituen eta Oñatin harra piztu zitzaien zenbait mendizaleri. Hala, lehenengo edizio hartan Ionut Zinca eta Alicia Olazabal izan ziren azkarrenak –Oñatiko plazatik tontorrera joan-etorria egiten zen orduan–, guztira 246 lagunek amaitu zuten lasterketa, eta horietatik 13 izan ziren emakumezkoak (%5,2). Aurten, berriz, 317 lagunek amaitu dute lasterketa, horietatik 37 izan dira emakumezkoak (%11,6) eta Oihana Kortazar eta Aitor Ajuria izan dira azkarrenak –egun, lasterketa luzeagoa da–. Eskoriatzatik etorri zen hurrengo proposamena, 2012an, eta bazuen berritasunik, lasterketa gauez egitea proposatu zuten eta. 2023an antolatu zuten azken edizioa, eta hamarkada batez –11 edizio– kirol hitzordu horrek Eskoriatzako kaleak girotu ditu ekainean. Ondoren etorri ziren Antzuolako (2013), Arrasateko (2015), Osintxuko (2016), Bergarako (2016), Elgetako (2022) eta Aretxabaletako (2022) mendi lasterketak, eta hazkunde hori ez da geratu, 2026an Leintz Gatzagan lehenengoz egingo dute-eta mendi lasterketa. "Herri txikietako lasterketa horiek asko gustatzen zaizkit, igartzen delako herritarrek mimoz prestatzen dituztela. Gainera, beti pentsatu izan dut ondoko herriko edo bailarako mendiak ezagutzeko modurik onena dela. Gehiago esango dut: norberaren herri inguruak hobeto ezagutzeko ere balio du. Elgetan, esaterako, Ahuntzen lasterketari esker ikasi izan ditut Elorrio eta Eibar arteko bidetxur asko".

2005ean antolatu
zuten lehenengoz
Aloñako Igoera,
bailarako lehen
mendi lasterketa

Hala, urte hauetako trailaren hazkundeak mendirako ohituren aldaketan ere eragin duela nabarmendu du Kortazarrek: "Lehen, hiru katu ibiltzen ginen mendian korrika, arraroak ginen. Orain, kontrara, mendira joan eta oso ohikoa da jendea korrika ikustea. Horretan ere asko aldatu dira ohiturak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak