Duela hilabete inguru iragarri zuten Enagas-en hidrogenoa garraiatzeko hodi sarea Debagoienetik igaroko zela. Elgetatik sartu eta Leintz Gatzagatik irtengo da, tartean, Bergara, Oñati, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzatik igarota. Hodi-sare horrek, guztira 2.600 kilometro izango ditu, eta, Gipuzkoan, 30 kilometro hartuko ditu, Debagoienean guztiak. Bidearen %80 egungo gasbideen albotik egingo da. 2028an hasiko dira eraikitzen eta, ondo bidean, erabilgarri egongo da 2030erako. 400 milioi euro inguruko kostua izango du.
Prozesu parte-hartzailea
Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak, Partaidetza Publikoaren Plan Kontzeptuala (PPPK) onartu zuen urtarrilean. Plan hori jarraituz, Enagas konpainia hodi-sarea igaroko den autonomia erkidego guztietan proiektua aurkezten ari da, udalerriz udalerri. Prozesua apirilean hasi zuten eta datorren urteko irailean amaitzea aurreikusten da.
Prozesu horrek, bost helburu nagusi ditu: hidrogeno sareari buruzko informazioa "gardentasunez" ematea; zalantzak argitzea eta proiektuaren "beharra eta onurak" azaltzea; komunitatea "inplikatzea" eta parte-hartze "aktiboa" sustatzea; proiektuak izan ditzakeen inpaktuak aldez aurretik identifikatzea eta "konpontzeko ekintza egokienak bermatzea"; eta, azkenik, proiektuaren onarpena hobetzea. Gauzak horrela, Debagoieneko hainbat herritan jardunaldiak izan dira aste honetan.
Hitzaldiak lau herritan
Martitzenean Bergarako udaletxean, eguaztenean, Oñatiko Euskaldun Berri gelan eta Arrasateko Etxaluzen, eta, atzo, Aretxabaletako Udalaren lokalean izan dira jardunaldiak. Guztiak streaming bidez jarraitu ahal izan dira, eta, bestetik, informazio-guneak jarri ditu Enagas-ek proiektuaren azterketa eremuan dauden udalerri guztietan; Leintz Gatzagan eta Eskoriatzan ere jarri dituzte gune horiek.
Gipuzkoan 30 kilometro izango ditu hodi-sareak, Debagoienean guztiak
Arrasateko Etxaluzen adibidez, hogei herritar inguru hurbildu ziren aurkezpenera. Bermeoko Gaviota lurrazpiko gas natural biltegian, teknikari lanetan diharduen Unai Bustinzak aurkeztu zuen Enagas-en proiektua.
Bustinzak argi utzi zuen proiektua oraindik "ingeniaritza fasea batean" dagoela eta ez dagoela argi hodia nondik pasako den. Horrez gain, proiektuaren ezaugarri teknikoak azaldu zituen; hala nola, hidrogeno-sarearen funtsezko azpiegiturak, hodiaren ezaugarriak, eraikuntza fasea nolakoa izatea aurreikusten den eta honek zenbat iraungo duen. Bestetik, ibilbidearen nondik norakoaren berri ere eman zuen; Arrigorriagatik Harora doan hodi tartearen barruan kokatuko da Debagoiena, Kantauri itsasoko ertzaren ardatzean –proiektuak bost ardatz ditu guztira–.
Azkenik, hidrogeno berdearen inguruko xehetasunak eman zituen. Proiektuaren garapenak "oso ingurumen inpaktu txikia" izango duela adierazi zuen, eta "garapen teknologikoaren eta ingurumena zaintzearen arteko oreka" bermatzen duela.

Iradokizunetarako tartea
Bustinzak aurkezpena amaitu ostean, galderetarako tartea baliatu zuten herritarrek. Madrildik etorritako Luis Miguel Sanchez, proiektuaren arduraduna, eta Alicia Abaz, baimenen koordinatzailea aritu ziren Arrasateko aurkezpenean zalantzak, kezkak eta iradokizunak erantzuten.
Herritarrek askotariko galderak egin zituzten baina, oro har, hidrogenoaren bideragarritasuna, ingurumenean duen eragina eta proiektuaren eraikuntzak lursail pribatuetan izango duen eragina izan ziren kezka nagusiak. Bestetik, edozein kontsulta edo ekarpen egiteko, iradokizunen postontzi bat ere izan zuten herritarrek eskura. Datorren astean ere bailarako udaletxeetan egongo da postontzi hori ekarpenak egin gura dutenen eskura.