Goiena: 25 urteko ibilbidea

Euskaraz informatzen du eta kohesionatu duen bailarako parte da Goiena

Oihana Elorza Gorostiza 2025eko abenduaren 4a

Mikel Lezamiz, Kristina Buizer, Onintza Legorburu eta Xabi Igoa, Arrrasateko Euskararen plazan.

Komunikazio beharra ase, elkarbizitzarako bideak landu, euskara ardatz izan eta elkarlanean oinarriturik dihardu lanean Goienak, eta ezaugarri horien gainean jardun du bailarako lau lagunekin, egindakoaz eta egitekoaz.

Komunikazio taldea da Goiena, Debagoienetik informatzen duena, bertako parte dena, euskaraz jarduten duena eta kooperatiba izaera duena. Ezaugarri horiek izanda, erreferente bat da Euskal Herrian zein kanpoan; izan ere, bailarako euskara elkarteekin eta udalekin batera osatutako tokiko komunikabide bat da informazioa hizkuntza gutxituan ematen duena. Eta komunikazioa, elkarbizitzarako bideak lantzea eta euskara ditu haren misioaren oinarrian; hirurak, Debagoienetik, haren esparru naturaletik.

Bailarako lokarri

Bertako komunikabidea, bailarako eta gizarteko parte dena eta euskaraz jarduten duena. Hala, hiru esparru horietan izan duen garrantziaz, egin duen ekarpenaz edo etorkizunean har dezakeen bideaz hitz egin dugu Debagoieneko lau lagunekin: Mikel Lezamiz soziologoarekin, Xabi Igoa komunikazioan adituarekin, Onintza Legorburu EMUNeko hizkuntza eta genero aholkulariarekin eta Kristina Buizer herritarrarekin.

Igoak eta Legorburuk ondoan, txikitatik, ezagutu dute Goiena, Buizerrek, Herbehereetatik Bergarara bizitzera etorri zenean ezagutu zuen eta Lezamizek, aldiz, sorrera ere bizi izan zuen; Goiena bako sasoia eta ostekoa, biak ditu presente. Barrutik bizi izan zuen sorrera busturiarrak, eta oraindik akorduan dauka duela 25 urteko hasiera hura Mondragon taldeko Kooperatiba Hedapen zuzendari izandakoak: "Herri batzuetan euren aldizkaria eta telebista zeukaten, baina profesionaltasuna lortzeko aukera gutxi zegoen, bakoitza bere aldetik zebilelako indarrak eta diruak gastatuz. Herrien arteko dinamika bateratu gutxi zegoen. Egun, Debagoiena indartsuagoa ikusten da Gipuzkoa mailan hiri bat bezala, 65.000 biztanleduna. Orain, berrogeita hamarreko profesional talde itzela dago. Eta herrien eta udalen dinamika sozioekonomikoa hobeto ikusten dugu guztiok".

Goienak Debagoiena batu eta bailara izaera erein zuela ere badio Lezamizek: "Goiena sortu aurretik, ez zegoen elkarren berririk eta bakoitzak bere aldetik jotzen zuen. Orain, eskualde indartsuago baten irudia hobetu dugu, bai barrura eta kanpora begira ere, Gipuzkoara eta Euskal Herrira. Goiena kooperatiba bailarako udal eta biztanleen elkartasuna da eta eskualde osoaren batuketa eta sentimendu bateratua eman du. Hiri bezala funtzionatzeko ahalmena sortu du herritarrengan". Euskaraz lan egiteari ere bere garrantzia eman gura izan dio Lezamizek: "Goienari eta euskal elkarteei esker informazio gehiena euskaraz egiten da hemen eta gure hizkuntza mantentzen laguntzen du. Goiena egon ez balitz, beste batzuek han-hemenka komunikabideak aterako zituzten, eta asko, erdarazkoak".

Tokiko kazetaritza

Bailararen kohesioa sustatzea da, hain zuzen ere, Goienak sortzen duen balioetako bat, bertako unibertsitateak egindako ikerketa baten ondorioz, Xabi Igoa komunikazioan adituak eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien campuseko komunikazio arduradunak azaldu duen moduan: "Euskara erdigunean jarrita, Goienak komunitatearen eraikuntzan laguntzen duela iruditzen zait. Tokikoak gertutasuna ere esan nahi du, eta, hein baten, funtzio hori betetzen du Debagoienean, bertako herriak saretu eta elkarren arteko lotura sendotuz. Izan ere, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak egindako ikerketa batek ondorioztatzen du Goienak sortzen duen balio sozial garrantzitsuenetako bat dela eskualdearen kohesioa sustatzea, eskualdeko kide izatearen sentimendu sorkuntzan ekarpen nabarmena egin du eta".

Goienak egiten duen kazetaritza lanaz galdetua, "erreferente" izan dela dio Igoak: "Euskararen normalizazioan ere eginkizun garrantzitsua du, etxe guztietara eta gure pantailetara euskara hutsezko informazio eduki eta formatu anitzetan helaraziz. Alde horretatik ere erreferente izan baita". Eta ikusten eta irakurtzen duguna askotan egia den edo ez zalantzan jartzen dugun garai honetan, tokiko hedabideek duten garrantzia azpimarratu du aramaioarrak: "Baina erreferentzialtasuna ez du soilik lortu eduki eta formatu berrietara egokitzeko gaitasunagatik, beste hainbat ekimenen bidez ere erakutsi du berrikuntzarako eta lankidetzarako bokazioa; esaterako, Tokikom sarearen sustapenean. Eta egia-ren eta fake news-en arteko muga gero eta lausoago den honetan, izaera kritikoa lantzeaz gain, herritarrengandik hurbil dauden eta konfiantzan oinarritutako harremanak sustatzen dituzten komunikabideak funtsezkoak dira".

Ekarpena gizartean

Onintza Legorburu antzuolarraren ustez, "euskararen alde" egotetik "euskaraz egitera" pasa zen Goiena duela mende laurden, eta tokiko informazioan zegoen hutsunea euskaraz betetzea izan da Goienak egin duen ekarpen handiena, haren esanetan. "Uste dut Goienak orain dela 25 urte euskararen kokapena bera aldatu zuela. Hau da, bai orduan eta baita orain ere oso ohituta gaude gauzak euskararen alde egitera. Egiten ditugu kantuak, dantzak, pegatinak, kontzentrazioak… euskararen alde. Eta ondo dago. Baina Goienak euskararen kokapena aldatu, eta, euskararen alde baino gehiago, euskaraz egiten hasi zen. Tokiko informazioan, gertueneko berrietan hutsune bat zegoen. Herritarrok bagenituen herrietako aldizkariak, eta ondoren, aldizkari nazionalak. Baina erdi bideko zerbait falta zen. Hau da, herrietako berri horien batura bat, eta eskualde mailako ikuspegi bat. Eta hutsune hori, informazioan, berrietan, ezagutzan… zegoen hutsune hori, euskaraz estaltzea hobetsi zen. Hau da, zu antzuolarra izanda, Arrasaten larunbatean zer dagoen jakiteko, euskarazko bidea hartu beharra daukazu. Eta hori uste dut izan dela Goienaren ekarpen handiena. Zegoen hutsune bat euskaraz betetzea".

Legorburuk aitortu du "konplexurik gabe" egin zela tokiko informazioa euskaraz eskaintzeko apustu hura, eta "inbidia apur batekin" ikusten duela: "Askotan, gaztelaniazko gauza berak euskaraz erreplikatzen saiatzen gara. Baina askok pentsatuko dute: zergatik kontsumitu zerbait euskaraz, gaztelaniaz ere baldin badago? Eta kasu honetan, soilik euskarazko aukera emanda, gertuko informazio horretara iristeko euskaratik pasa beharra dago derrigor, eta hori ekarpen handia izan dela uste dut. Gainera, konplexurik gabe egin zela uste dut. Hau da, "hutsune hau euskara hutsez beteko dugu". Esan eta egin, horrek horrela izan behar zuen uste osoarekin. Konbikzio horrek, inbidia ematen dit gaur egundik begiratuta".

Euskaran ez ezik, gizarteko beste esparru batzuetan –ingurugiroa, inklusioa, berdintasuna, migrazioa...– Goiena zelan ikusten duen galdetuta, ekarpena egiten duela erantzun du, bai, behintzat, berdintasun ikuspegitik: "Nik uste dut Goienak bestelako gaitegi bat ere bere egiten duela. Argi dago informazioa eta gertatzen dena ez dagoela neutralitatetik kontatzerik. Beste ezer neutralitatetik eta objektibotasunetik egiterik ez dagoen moduan. Hortaz, zer eta nola kontatu erabaki bat da. Eta esango nuke Goienak kontatzeko aukeratzen dituen gaietan, eta kontatzeko moduetan, egiten duela ekarpen bat bailara hau berdintasunean –berdintasuna modu orokorrean ulertuta– eraiki dadin".

Euskara ikasteko lagungarri

Era berean, euskara ikasteko lagungarria izan daitekeela Goiena uste du Legorburuk: "Bailararen eta bertako biztanleen euskalduntze prozesuan ez dakit zenbaterainoko eragina izan duen. Baina lagungarri, nik esango nuke lagungarria izan dela. Goiena izango da bailarako etxe askotan euskaraz sartzen den idatzizko euskarri bakarra. Eta ziur nago ulertzen ez duten askok ere begiratzen dutela; hemen eta han pasa direnak ikusteko, argazkiak gainbegiratzeko… Eta hori euskalduntze prozesuan lagungarria da. Ez da euskalduntzerako elementu bakarra izango, baina modu unibertsalean, bailarako etxe guztietan, bereizketarik gabe, astero, euskarazko euskarri bat etxean jasotzea euskalduntzearen kalterako ez dela, seguru".

Kristina Buizer Herbehereetan jaio zen eta 2006tik Bergaran bizi da; aurretik beste hiru urte egin zituen Beasainen. Euskal Herrira etorrita, anbulantzietan hasi zen lanean. "Etxe barruraino sartzen ginen, eta "egun on" edo "non daukazu mina?" bezalako esaldiak azkar ikasi nituen. Goiena ere etxeraino etortzen da, eta gustura hartzen dut, laguntzen dit euskaraz irakurtzen. Puntua aldizkaria ere jasotzen dugu eta webgunean askotan sartzen naiz albisteak irakurtzeko. Niretzat lagungarria da oso Goiena. Senarrak euskaltegian ikasi zuen euskara, alabek eskolan eta ni poliki-poliki ari naiz ikasten, kalean, lagunekin... eta Goienarekin".

Euskal Herrira oporretan etorri zenean ezagutu zuen euskara Buizerrek, 1998an, Zurriolan. "Oso garbi ikusi genuen han bi mundu zeudela, euskaldunak taldean bizi zirela. Eta hizkuntza oso desberdina delako eta hau oso ederra delako erabaki genuen senarrak, bi alabek eta laurok euskaldunak ezagutu nahi genituela". Hemen bizi direnetik euskaraz bizi dela dio Buizerrek, gaztelera ahaztear duela eta euskara ikasteak asko lagundu diola herriko parte izaten: "Lagunak egiteko, adibidez. Baita musika entzuteko edo Goienaren bitartez albisteak irakurriz inguruan zer gertatu den jakiteko. Goienak lagundu dit ikasitakoa ez galtzen eta gero eta gehiago ulertzen. Horrek erraztu dit dendetan, boluntario moduan egindako lanetan edo eskolan euskara erabiltzen".

Gaur egun euskaraz bizi dela dio Buizerrek, eta Goienak hor zerikusi handia izan duela: "Egun, Pol Poleko kideekin euskaraz egiten dut, baita Aritzeta abesbatzako lagunekin, Mizpirualden edo dendetan. Pieza oso garrantzitsua izan da eta da niretako Goienaren lana".

Kooperatiba eta etorkizuna

Euskaraz, tokikoa eta kooperatiba izateak ere baduela kanpoan oihartzuna gehitu du Arrasaten bizi den Mikel Lezamizek: "Goiena eredu bat da, erreferente bat bai Euskal Herriko komunikabideentzat eta baita beste udalentzat ere. Elkarte eta herri ugari daude guri begira. Eta mundu zabalean ere zirrara sortzen du kooperatiba bat delako, herri elkarteak, udalak eta langileak elkartzen dituen kooperatiba moderno bat delako. Kanpokoak Goienaren instalazioak bisitatzen dutenean txundituta gelditzen dira".

Aurrera begiratuta, Goiena irakurtzen jarraitu gurako luke Buizerrek; Igoaren ustez, "funtsezkoak" izango dira izaera kritikoa landu eta herritarren ondoan dauden komunikabideak; Legorbururen iritziz, "zer eta nola" jasotzeak garrantzia du; eta Lezamizek baikor begiratzen dio Goienaren etorkizunari: "Goiena enpresa berritzailea da, proiektu berri eta zabal askotan dabil, eta nik uste dut etorkizun oparoa izango duela, beti berrikuntzen inguruan mugitzen baldin bada. Eta ziur nago horrela izango dela, taldea dinamikoa eta etorkizunera begira dagoena delako. Beti aurrera!!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak