Goiena: 25 urteko ibilbidea

Kazetaritza sinesgarriaren izenean, maiuskulaz hasi eta puntua jarri zaio amaieran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025eko abenduaren 3a

Goienaren logo berria, maiuskulaz hasi eta puntuz amaituta; Zu hemen zaude dioen tagline-a ere ageri da, iruditeria berrirako propio aukeratu den kolore gorrian.

Iruditeria berritu du Goienak, kazetaritza sinesgarria kontzeptua oinarri hartuta. Logoa bera ere aldatu dute ideia horren bueltan, maiuskulaz hasita eta puntuarekin amaieran: "Gauzak behar bezala hasi eta behar bezala bukatu, komunikazio garbia" .

Kazetaritza sinesgarria. Bi kontzeptu horiek dira Goiena Komunikazio Taldearen iruditeria berriaren oinarria, bi berba horiek dira planteamenduaren aspektu nagusia. Harago joanda, irudi korporatiboa honako balio-proposamen honetatik abiatu da: Komunitatetik, euskarazko kazetaritza sinesgarria ziurtatzen dizun gertuko erreferentziazko komunikabidea. Irakurleak eskuetan duen argitalpen berezi hau da iruditeria berriarekin kaleratutako lehena. 

Maiuskulaz hasi, puntuz amaitu 

Goiena Komunikazio Taldearen 25. urteurrena baliatu du diseinu taldeak iruditeria ere aldatzeko, eta honako azalpen hau eman dute kontzeptua garatzeko orduan: "Kazetaritzan, besteak beste, esaldiak erredaktatu egiten dira. Eta esaldiak hasten dira maiuskulaz eta, gehienetan, bukatzen dira puntuz. Ideia hori islatzen du logotipoak: gauzak behar bezala hasi eta behar bezala bukatu, komunikazio garbia". Diseinu taldearen arabera, markaren xedea da "gertuko kazetaritza zintzoa" islatzea, "ez-erosia" den kazetaritza. 

Zaharkitzeko arriskurik ez

Goiena Komunikazio Taldearen urteurren bereziarekin nahi izan dute iruditeria osoa aldatu, eta, hain zuzen ere, epe luzera begirako begirada ere izan dute diseinatzaileek: "Logotipoak behin betikotasun bokazioa du. Markaren jarduera nagusia aldatzen ez den bitartean, behintzat, logotipoaren funtsezko ideiak ez du zaharkitua geratzeko arriskurik. Baina eta, aldi berean, erraz onartuko lituzke eguneraketak, maiuskulari eta puntuari euste hutsak ematen diolako bereizgarritasuna".

Goienaren logoak izan duen bilakaera.

Batasuna eta moldagarritasuna 

Gainera, logotipoak batasuna eta moldagarritasuna izatea ere hartu dute aintzat, besteak beste. Batasuna du logotipoak, batetik: "Markaren produktuetako goiburuetan presentzia ahaltsua izateaz gain, produktuetatik kanporako erabilera orokorrean ere –esaterako, papertegian– balioari eusten dio, beste bertsio espezifikoren beharrik gabe. Horrela, batasun erabatekoa lortzen da markaren irudian". 

Eta, bestetik, moldagarria da markaren irudia: "Euskarri kolorebakarretarako ere bere horretan balio du –adibidez, paperean zuri-beltzean inprimatutako orrialdeetan–, bertsio espezifiko baten beharrik gabe".

Gorria bai, baina argitsuagoa

Zuriaren gainean, beltza. Hori da Goienaren kolore konbinazio nagusia: "Diseinu elementu nagusien estiloa ezartzeko erabili den ideia –kazetaritza sinesgarria– aintzat hartuta. Zintzotasuna, gauzak garbi adieraztea, dagoenik eta kolore-kontraste handienarekin", zehaztu dute diseinu taldekoek. 

Gainera, Goiena 2010a ezkero bereizten duen kolore gorriari eutsi egin dio irudi korporatibo berriak. "Biziaren gorria: gaurkotasuna, dinamikotasuna. Berritua izan da, ordea: 2010eko gorriaren aldean, argitsuagoa da, 'granatetasuna' galduta. Biziagoa da, modernoagoa". Eta azpimarratu beharreko hurrengo kolorea grisa izango litzateke: "Kolore gehigarria da, justifikazio funtzional edo estetikoren bat tarteko erabili beharrekoa. Goiena grisa da gris-eskalako tarte bat: beltzaren %10en eta %50en artekoa, hain zuzen; betiere, %40eko grisa lehenetsita". Horrez gain, diseinu taldeak aurreikusi ditu kolore gehigarri batzuk egoera berezietarako: kolore-beharrak asetzeko, zuria-beltza, gorria eta grisa funtzionalki nahikoa ez direnean –adibidez, grafiko baterako itemak bereizteko– edo produktuen kolore-beharrak asetzeko berezko Goiena koloreak –zuria, beltza, grisa eta gorria– nahikoa ez direnean; adibidez, Goiena 0km gida. 

Goiena 0km gida-ren adibidearekin jarraituz, Goienaren logotipotik eratorritako iruditeria izanik marka-batasuna bermatzeko, papereko zein Interneteko edizioetan kolore ezberdina izango dute logotipoek, eremuaren arabera: Leintz aldean –Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Aramaio eta Leintz Gatzaga– banatzen den zenbakiak kolore morea izango du; Bergaraldean –Bergara, Antzuola eta Elgeta– banatzen denak, kolore urdina: eta Oñatin banatzen den edizioak, azkenik, laranja. 

Tipografia, moderno eta adeitsu

Iruditeria berriak tipografia edo karaktereen diseinua aldatzea ere ekarri du. FontFont etxearen Graphik X Condensed Bold tipografiarekin eraikita dago logotipoa; diseinu taldetik ez dute kasualitatez aukeratu tipografia hori: "Graphik X Condensed Bold modernoa da, ez-literarioa edo aktiboa. Adeitsua da, eta eraginkorra; konpaktua delako, erabilerraztasunaren mesedetan. Tipografia fidagarria da, neurri oso txikietan ere ondo hautematen da".

Beste hainbat euskarritan  

Irudi berriak ere izango du dagokion aplikazioa askotariko euskarrietan eta produktuetan. Puntua aldizkaria ere batu da iruditeria berrira, eta badoa logotipoa –ondoko argazkian–; Goiena telebistarako mikrofonoan, esaterako, kapsula edo esponjatxoan doa monograma, handi, eta beheko kubiletan, berriz, logotipo soila, markaren izen osoa ere erakusteko –26. orriko argazkia–. Arropan, poltsan –goiko argazkian– eta beste produktuetan logotipo soila eta Komunikazio Taldea deritzon deskriptorea dago gehituta. 

Goienako kazetarien mikrofono berria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak