Goiena: 25 urteko ibilbidea

Feminismoa lehen lerroan eta "olatu erreakzionarioari" aurre egiteko gertu

Txomin Madina Milikua 2025eko abenduaren 5a

Mugimendu feministak indarra eta ikusgarritasuna lortu ditu azken 25 urteotan, baina argi du kontrako oldarraldi bati ere aurre egin behar diola.

Besteak beste, Antzuolan Andramanuelak, Bergaran Martxanterak, Oñatin Bargastak eta Aretxabaletan Pikarraituz talde feministen agerpena; bailarako udaletan berdintasun sailak eta teknikariak ugaritzea; mobilizazio jendetsuak; enpresetan abian jarri diren berdintasuna planak… Feminismoa gizartearen alor gehienetara zabaldu eta lehen lerroan kokatu da azken hamarkadetan, eta haren baitako aldarrikapenek ere izan dute bilakaera bat.

"25 urteotan mugimendu feministak jauzi kualitatibo zein kuantitatiboa eman du, indar politiko gisa sendotu egin delako, kaleko mobilizazio jendetsuetatik agenda zein politika publikoetan eragiteraino", dio Pikarratuz taldeko kide Naroa Iturbek, eta hori mugimendu feministaren antolakuntza gaitasunari esker gertatu dela gaineratu du.

Borroka feministan duela lau hamarkada pasa murgildu eta bertan jarraitzen duen Julia Monge arrasatearrak ere zentzu berean hitz egiten du: "Argi dago feminismoa emakume talde txiki eta gaizki ikusia izatetik protagonismo mediatikoa izatera pasatu dela eta hori aurrerapen moduan ikusi daitekeela, baina arriskuak ere baditu horrek; banalizazioa, adibidez. Feminismoak deserosoa izaten segi behar du botere eta sistemarentzat".

Borrokaren bilakaera

Urteotan zertan aurreratu den galdetuta, hark bizitako adibide bat jartzen du Mongek: "Kalean jarri nuen lehen karteletako bat Arrasaten izandako krimen matxista batengatik izan zen, eta auzokide batek oihu egin zidan esanaz trapu zikinak etxean garbitzen direla. Duela bost urte, krimen matxista baten biktima izan zen Marian Ibarluzearen hilketa salatzeko berehala antolatu zen herriko mugimendu feminista, eta deitu genuen elkarretaratzean plaza jendez bete zen. Lehen aipatutako krimenaz oroitu nintzen, trapu zikinen kontuaz, eta pentsatu nuen: "Bueno, zerbait ondo egin dugu!". Baina berehala pentsatu nuen baita ere oraindik ere hiltzen jarraitzen gaituztela".

Talde feminista
ugari sortu dira eta
hainbat udalek sortu
dituzte berdintasun
sailak

Naroa Iturbek argi du 25 urtean testuingurua aldatu egin dela: "Lehen, emakumeen ahalduntzea edo emakumeen aurkako indarkeria ikusaraztea ziren erronkak. Orain, beste batzuk ere badaude: ikusten ari garen erreakzio kontserbadore eta eskuin muturrekoari aurre egitea, eta baita zaintzaren antolakuntza sozial eta politikoa erdigunean jartzea". Transfeminismoa bezalako kontzeptuez galdetzean, aliantzak sortzeren garrantzia ere nabarmentzen du aretxabaletarrak: "Aliantzak ezinbestekoak dira, disidentzian dagoen bestelako jendearekin batu eta dauden hutsune eta zapalkuntzetan feminismotik ere eragiteko".

Erakundeen inplikazioa

Duela 22 urte ireki zuten, Arrasateko Udalaren ekimenez, Emakume Txokoa, eta Basauri eta Ermukorekin batera aitzindaria izan zen emakumeendako era horretako espazioak eskaintzen. "Aurretik, une hartan eta gerora Arrasateko mugimendu feminista aktiboa izan da eta Emakume Txokoa mugimenduaren aldarri bati erantzutera etorri zen, emakumeek euren buruak ahalduntzeko zein jendartean gertatzen direnen irakurketa egiteko espazio propio bat izan zezaten. Horrelako proiektu bat bultzatzeko borondate politikoa, martxan jartzeko gaitasuna eta mugimendu feministaren aldarrikapena uztartu ziren", diote bertako teknikariek. 

Zaintzarena
bezalako gaiek
pisua hartu dute
feminismoaren
aldarrietan

Bergaran, Oñatin eta Aretxabaletan ere antzerako ekimen publikoek ateak zabalduko dituzte 2026an, eta begi onez ikusten dute hori Arrasaten: "Jendartearendako onuragarriak dira; betiere, espiritu eraldatzaile eta feministatik sortutakoak badira eta ahalduntze prozesuak eta izaera komunitarioa sustatzen badituzte", gaineratu dute Emakume Txokoko kideek, eta azpimarratu bi hamarkadatan feminismoak erakunde publikoetan ibilbide nabarmena egin duen arren "benetako apustu sendoek denboran iraun behar dutela".

Atzera egiteko arriskua

Egindako lorpenetan atzerakadarik egoteko arriskua "nabarmena" dela diote Naroa Iturbek, Julia Mongek eta Emakume Txokoko teknikariek. "Badago olatu erreakzionario bat, gure boteretzeak haien pribilegioak galtzea dakarrelako. Baina argi dugu horren aurrean erantzuten jarraituko dugula. Azaro hasieran egindako Baterajotzean 800 gazte feminista batu ginen eta erakutsi genuen badugula indarra eta borroka politikorako grina", dio Iturbek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak