Goiena: 25 urteko ibilbidea

Debagoieneko biztanle kopurua antzerakoa, baina biztanleria askotarikoagoa

Txomin Madina Milikua 2025eko abenduaren 5a

Heriotzak jaiotzak baino gehiago izan diren arren, atzerrian jaiotako herritar kopuruaren gorakadaren ondorioz Debagoieneko biztanleriak zertxobait egin du gora 2000ko hamarkada hasieratik hona.

Azken bi hamarkadetan Debagoieneko biztanle kopuruak izandako aldaketa ez da oso nabarmena izan. Eustat-en arabera, 2021ean 62.903 pertsona bizi ziren bailaran; 2024an, 64.503. Hau da, biztanleriak %2,5 egin zuen 2001etik 2024ra.

Biztanleriaren gorakadaren atzean, baina, ezin da esan hazkunde begetatiboa dagoenik, jaiotzak heriotzak baino gehiago izan direnik. Izan ere, hazkunde begetatiboa negatiboa izan da urte horien artean: -2.236, hain zuzen ere. Eta mila biztanleko jaiotza-tasaren bilakaera ere negatiboa izan da: 2002an 8,21 izan zen jaiotza-tasa; 2023an, 5,98koa. Biztanleria jaitsi beharrean igotzearen arrazoia, hortaz, fluxu migratorioetan dago.

Atzerritar jatorriko pertsonak

2024ko Espainiako Estatistika Institutuaren datuetan oinarrituta, Ikuspegik, Immigrazioaren Euskal Behatokiak, EAEko eskualdeetan bizi ziren atzerritar jatorriko pertsonen inguruko ikerketa argitaratu du duela gutxi. Bertan ematen den datu eguneratuena da Debagoienean – Aramaio aintzat hartu gabe– biztanleriaren %11,6 atzerrian jaiotakoa dela. Hogei urte lehenago, 2004an, %1,9 zen kopurua.

Debagoienean 2024ko kopurua Gipuzkoakoaren (%13) eta EAEkoaren (%13,3) azpitik dagoen arren, Ikuspegiko kide eta EHU-ko irakasle Oier Ochoa de Aspuruk ez dio aparteko garrantzirik ematen: "Dinamika berari erantzuten dio eremu guztietan: immigrazio ekonomikoa da; datozenak lan egitera datoz. Immigrazioak 2000ko hamarkada hasieratik izan du gorakada EAEn, baina hainbat fase egon dira: 2000ko hamarkadako lehen urteetan hasi zen pisua hartzen, loraldi ekonomikoaren garaian. Gero, krisiaren ondorioz, moteldu egin zen etorrera, eta 2012 eta 2013. Urteetan behera ere egin zuen. 2014tik aurrera berriz ere indarra hartu zuen, eta, COVIDak eragindako motelaldiaren ostean, gaur egun berriz ere pandemia aurreko igoeretan gaude".

Jatorrizko herrialdeei dagokionez, EAEn bezala Kolonbia da nagusi Debagoienean, eta bigarrena, Maroko. Hirugarren jatorrizko herrialde nagusienean, aldiz, ezberdintasuna daude: EAEn, Nikaragua dago postu horretan, eta Debagoienean, Pakistan. Bailaran bizi diren jatorri atzerritarreko pertsonen %8 dira Asiako herrialde hartakoak.

2001etik 2024ra
%2,5 egin zuen gora
Debagoieneko
bederatzi herrietako
populazioak

"Migrazio-sareak daude horren atzean. Izan ere, nire herrikide batek esaten badit Debagoienera joan dela, eta gustura dagoela, nik ere toki hori aukeratuko dut migratzeko orduan. Badakit zer topatuko dudan, eta, ezagunak ditudanez, sostengua edo babesa ere izango dut", azaldu du Ochoa de Aspuruk, eta zehaztu batez ere Arrasaten eta Bergaran batzen dela komunitate pakistandarra.

Politika publikoak

Atzerritar jatorriko pertsonen ugaritzeak politika publikoetan ere izan du eragina. Hainbat udalek harrera protokoloak landu dituzte urteotan, eta Arrasaten, esaterako, 2015ean egindakoaren balorazioan eta berritzean daude sartuta, Xixili Egiguren Aniztasun teknikariak azaldu duenez: "Gaur egun Arrasaten bizi diren pertsonen %16,5 dira jatorri atzerritarrekoak; 2015ean, %6,5 zen kopuru hori. Horrek errealitate berrietara egokitzea ekarri digu". Egigurenen esanetan, atzerriko jatorriko pertsonek aberastasun kulturala eta linguistikoa ekarri diote herriari, baina baita erronkak ere, eta, horien kudeaketarako, kulturarteko ereduaren alde egin dute. Kudeaketa horren parte da Udala eta herriko hamasei eragile batzen dituen Aniztasun Mahaia.

Arrasate herri abegikorra dela dio Aniztasun teknikariak, baina gaineratzen du hobetzeko gauzak daudela: "Mundu mailako testuinguruak gurean ere badu eragina, eta zabaltzen diren diskurtso arrazista eta xenofoboei aurre egin behar diegu".

Elkarteen loraldia

Jatorri atzerritarreko pertsonen integrazioa eta kulturartekotasuna helburu duten ekimen eta elkarte ugari sortu dira azken urteotan Euskal Herrian zein bailaran. Horien artean dago, esaterako, euskaratik urrun bizi diren herritarrak euskarara hurbiltzeko helburuarekin sortutako Auzoko, herrietan isla duen nazio mailako ekimena. Elkarteei dagokienez, urteotan hainbat sortu dira bailaran: besteak beste, 2011n Acesma Oñatin; 2012an IMME Arrasaten eta Ndank Ndank Bergaran; eta 2021ean Amerika Arrasaten.

Atzerritar jatorriko
herritarren igoeraren
ondorioz elkarte
ugari sortu dira
bailaran

 

 

 

Ibis Rodriguez 1993an heldu zen Kubatik Oñatira, eta, haren esanetan, oso gutxi ziren orduan herrian bizi ziren jatorriko atzerritarreko pertsonak. Aurretik bizimodua oñatiarrekin egiten bazuen ere, haren senideak Kubatik etorri zirenean jabetu zen kanpotik zetozenek herrian integratzeko zuten beharraz zein behar materialez, eta horrek animatu zuen Acesma sortzera. Gaur egun, jatorri atzerritarreko etorkinen eta Oñatiko gainerako eragile zein mugimenduen arteko zubi-lanak egitea da Acesmaren helburu nagusia, eta Rodriguezek dio bai elkarteak eta baita herritarrek ere integraziorako ahalegina egin arren oraindik ere lan handia dagoe- la egiteko, "ghettoak sortzen direlako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak