Mintzapraktika bat euskara maila hobetu nahi duen pertsonaren eta berari laguntza eskaintzeko prest dagoen euskaldunaren artean egiten den saio bat da. Mintzapraktiken helburua da euskara maila hobetzea, eta, euskaraz hitz egiteko helburuarekin, astean behin gutxienez, bi, hiru, lau edota talde handiagoen artean adosten dituzte zer maiztasunekin elkartzen diren. Horrez gain, badira beste mintzapraktika eredu batzuk, non talde batzuk bizikletan ibiltzeko, mendira joateko eta beste hainbat jarduera egiteko elkartzen diren, hizkuntza eta zaletasunak uztartzeko helburuarekin.
Azken horrek "arrakasta handia" izan du, eta zaletasunekin lotutako mintzapraktika "asko indartu den ideia bat" izan dela adierazi du Izaro Apraizek, Euskaltzaleen Topaguneko Mintzalagun egitasmoko komunikazio-arduradunak: "Mintzalagunek euren gustuko esparru batean euskaraz hitz egiteko eta beldurrak kentzeko erreminta oso erabilgarria bilakatu da euskara euren gustuko esparru batekin lotzea".
Hiru eguneko egitasmoa
Horiek horrela, Durangoko Azokaren 60. edizioaren baitan, Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak hiru eguneko Mintzodromo egitaraua antolatu du, mintzapraktika egitasmoa ezagutarazteko eta bertan aritzen diren boluntarioek euskararen biziberritze prozesuan egiten duten ekarpenari balioa emateko. "Mintzapraktika erabat boluntarioa den egitasmo bat da, eta bertan parte hartzen duten kideen lana oso garrantzitsua da, euskal hiztun berriak kalean jartzeko eta hiztun berri horiek hasieran izan ditzaketen beldur horiek kentzeko orduan", azaldu du Apraizek.
Abenduaren 5etik 7ra bitartean egingo da egitasmoa, eta hiru egunetan zehar euskara bultzatzeko hainbat dinamika antolatu dituzte: ikasleei zuzendutako mintzodromo ibiltaria, Hikadromoa, mintzalehiaketa eta kalejira, besteak beste. Durangoko Landako eskolan egingo dira topaketak, eta "euskaraz hitz egiteko edozeini" zuzenduta dagoen egitasmo bat dela nabarmendu du Apraizek: "Pertsona bakoitzari bere helburuak lortzeko espazio bat eskaintzen dio egitasmoak.
Horretarako, euskaraz aske hitz egiteko gune erosoak sortu nahi ditugu, eta jendeak parte hartzeko izan ditzakeen arrazoiak askotarikoak izan daitezke: haien euskara maila hobetzeko, euskaraz aritzeko inguruko aukerarik izan ezean euskarazko harremanak sortzeko edota azterketa batera prestatzeko helburuarekin". Egubakoitzean hasiko da egitaraua, eta, azokan antolatzen den ikasle goizaren baitan, Landako eremura bertaratutako eskolek mintzodromo ibiltari batean parte hartzeko aukera izango dute: "Gazteentzako mintzodromo ibiltari bat izango da, eta, DJ baten laguntzarekin, DBHko 3. eta 4 mailetako eta batxilergoko ikasleei zuzendutako mintzodromo informalago bat egingo da Durangoko kaleetan".
Hika eguna
Zapatuari dagokionez, Zirhikak, Euskal Herrian hitanoaren erabilera bultzatzeko mugimenduak, Hika Eguna antolatu du, Tauparen laguntzekin. Bertan, arratsaldean hasita, pintxo-jana eta hikadromoa antolatu dituzte, eta, egunari amaiera emateko, Amaia Agirrek eta Andoni Egañak bertso saioa egingo dute. Landako eskolan. Iaz ere Zirhikak hikadromoa antolatu zuen Durangoko Azokan, eta, Apraizek azaldu duenez, lehen edizioan 75 pertsona inguru bildu ziren, hitanoa biziberritzeko helburuarekin.
EUSKAL HERRIKO MINTZALAGUN TOPAKETAK AMAIERA JARRIKO DIO HIRU EGUNEKO EKIMENARI
Egitarauari ginga jartzeko Euskal Herriko Mintzalagun Topaketa egingo dute abenduaren 7an, domeka. 11:30ean, topaketako parte hartzaileek elkarretaratze bat egingo dute, eta, jarraian, Ugaitz Alegriak eta Ainhoa Etxeberriak gidatuko dute Landako gunetik Landako eskolara egingo den kalejira eta mintzalehiaketa. Ondoren, parte hartzaileek aukera izango dute mintzodromoan parte hartzeko edo Irudienea espazioan emanaldi bat ikusteko.
Mintzodromoari dagokionez, Ugaitz Alegriak eta Ainhoa Etxeberriak gidatuko dute saioa, eta antolatzaileek saioa gidatzeko hainbat irizpide emango dituzte: "Gidariek hitz egiteko gai posible batzuk emango dizkiete parte hartzaileei. Denbora tarte batean talde batean egongo dira, eta, ondoren, pertsona bakoitza taldez aldatuko da, parte hartzaileek elkar ezagutu dezaten eta, noski, euskaraz hitz egin dezaten".
Euskara plazara eramatea
Durangoko Azokak 60 edizio daramatza euskal kulturaren erakusleiho izaten. Hala, Apraizek azaldu duenez, plaza garrantzitsua da Euskal Herri mailako komunitate euskaldunarentzako, eta mintzalagunei azoka erakustea eta euskal kulturara gerturatzea ere egitasmoaren beste helburuetako bat da horregatik. "Guretzako garrantzitsua da horrelako ekimen bat antolatzea, batik bat uste dugulako egitasmoa zabaltzeko aukera ona dela, azokak Euskal Herri mailan eragiten duen oihartzunagatik eta jendea erakartzeko daukan ahalmenagatik".
Euskararen erabileran aurrerapausoak lortzeko dinamika desberdin horiek jendeari ezagutaraztea "oso garrantzitsua" dela nabarmendu du Mintzalagun egitasmoko komunikazio-arduradunak; mintzapraktikek euskaraz hitz egiten hasten diren hiztunek izan ohi duten "hanka sartzeko beldurra kentzeko" balio dutelako, eta beste jatorri batzuetatik datorren jendearentzat ere euskara ikasteko "ekimen aproposak" direlako: "Euskararen ezagutza ia unibertsala da, baina erabileran ez ditugu aurrerapausoak lortzen. Arazoari aurre egiteko eta jendea gure hizkuntzara eta kulturara gerturatzeko modu erraz eta praktikoa da egitasmoa".