Goiena: 25 urteko ibilbidea

Fagor Etxetresnen eta Candyren itxierak izandako eragina eta ikasitakoak

Xabier Urtzelai 2025eko abenduaren 5a

Arrasateko kaleetan zehar herritarrek 2013ko urriaren 18an egin zuten manifestazioaren une bat.

Azken 25 urteotan esanguratsuak izan dira 2013a eta 2014a, nahiz eta arazoak lehenagotik etorri, urte haietan itxi zituzten-eta Garagartzako eta Bergarako lantegiak. Etxetresnak egiten zituzten bi lantegietan.

Azken 25 urteotan ekonomiak izan duen bilakaera ulertzeko orduan, lehenengo mugarria txanpon aldaketa izan zen. 2002an, euroaren etorrerarekin, ekonomiak gora egin zuen. Joseba Barandiaran ekonomialariaren esanetan, "bazegoen halako aberastasun sentsazio kolektibo bat, eta horrek izugarri lagundu zuen kontsumoan. Baina, era berean, zorpetzearekin lotuta dauden arazoak ekarri zituen". Hala, 2007 bitartean, Espainian etxebizitzen prezioak modu oso azkarrean igo ziren, bankuek hipotekak modu errazean ematen zituzten, eraikuntza sektorearen hedapena handia izan
zen eta espekulazio izugarria egon zen. Eta, 2008an hasitako krisi finantzario globalean etorri zen kolpe handia, bereziki etxebizitzen burbuilak eragin zuena.

2008ko finantza-krisiak eta ondorengo industria-krisiak denean izan zuen eragina, urte gogorrak izan ziren Euskal Herriko eskualde industrialentzat, eta Debagoiena ez zen salbuespena izan. Enpresa askotara aldi baterako enplegu-erregulazioak ekarri zituen, edo kaleratzeak, zuzenean. Eskualdeko enplegu-tasak behera egin zuen, nahiz eta kooperatiba-sareak –batez ere, Mondragon Korporazioa– kalteak, nolabait, leundu egin zituen. Baina, zalantza barik, krisialdi hartako gertaerarik gogorrenetakoak Fagor Etxetresna Elektrikoen (FEE) gainbehera eta maila txikiagoan Bergarako Candy enpresaren itxiera (2014) izan ziren.

Itxierek eragindakoa

Bi enpresa haietan etxetresnak egiten zituzten. FEE-en kasuan 1.800 langiletatik 1.000 inguru birkokatu egin zituzten, eta Candyren kasuan 150 lagun inguru geratu ziren lanik gabe. Itxiera haien atzean ez dago motibo bakarra; urte haietan etxetresna elektrikoen salmentan beherakada nabarmena izan zen, eta, gainera, Asiako eta Europa erdialdeko lehiakideak geroago eta indartsuagoak ziren.

Candyko jabeak
Asiara eraman zuen
ekoizpena; 2014an
150 langile joan
ziren kalera

Bergarako enpresaren kasuan, Candyk 1992an erosi zuen Bergaran 1941etik Otsein markarekin etxetresnak egiten zituen Mayc enpresa. Jabeek –Fumagalli familia italiarra– prest zuten Asian planta berria, eta hara eraman zuten produkzioa. Fagorren kasuan, berriz, urte batzuetan zor handia pilatu zuen kooperatibak. 2013ko maiatzean Mondragon Taldeak 70 milioiko mailegua onartu zuen; talde osoari gerrikoa estutzea egokitu zitzaion. Baina ez zen bidea zuzentzeko nahikoa izan, eta 2013an FEE-en zorra 980 milioikoa zen, eta Mondragonek adierazi zuen "proiektua ez zela bideragarria" eta ez zela diru gehiago injektatuko. Ondorioz, FEE-ek konkurtsoaren aurrekoan sartzea eskatu zuten.

Gaur egungo ikuspuntutik

MUko irakasle Julen Bollainen esanetan, kolpe gogorra izan arren Mondragon Taldea esperientzia hartatik sendotuta irten zen. "Betiere, min handia egon zela ahaztu gabe. Kolpea Debagoieneko komunitate osoarentzat izan zen. Hala ere, kooperatiba egiturak eta barne elkartasun mekanismoek krisi hura enpresa konbentzional batean izango zena baino modu askoz ordenatuago eta humanoagoan kudeatzea ahalbidetu zuten. Funtsezkoa izan zen, alde batetik, Lagun Aroren eta elkartasun-funtsetan oinarritutako babes-sarea. Bestetik, garrantzi handikoa izan zen kooperatiben arteko berrantolaketa. Ehunka pertsona beste kooperatiba batzuetan txertatzea lortu zen, eta lanpostu galera zuzen eta masiboagoa izan zitekeena leundu. Ez zen idilikoa izan, noski, denek ez zituzten baldintza berak man- tendu, eta birkokapen guztiak
ez ziren gustukoak izan. Baina, hala ere, argi ikusi zen kooperatiba sare batek, elkartasunean oinarrituz, badituela tresna so- zial eta komunitario bereziak krisi baten ondorioak arintzeko".

Fagor
Etxetresnetako eta
Edesako mila lagun
inguru birkokatu
egin zituzten

Egoera hartatik zer ikasi zen galdetuta, "lehenik eta behin, ilusio bat hautsi zen. Tamaina eta multinazional izaera ez dira nahikoa estrategia eta gobernantza sendoak ez badaude. Bigarrenik, arriskuaren kudeaketa eta dibertsifikazioa beste modu batean ulertu behar direla ikusi zen. Hau da, produktu sorta jakin batean eta marjina estuko negozio batean gehiegi pilatzeak ahultasun estrukturalak sortzen ditu, eta horrek talde osoari eragiten dio. Hirugarrenik, agerian geratu zen proiektu kooperatiboa ezin dela enpresa arrunt baten logikan diluitu. Gure identitate kooperatiboari –demokrazia ekonomikoa, komunitatearekiko lotura, baliabideen banaketa justuagoa eta abar– ez zaio soilik diskurtsoan eutsi behar, baizik eta erabaki estrategikoetan txertatu. Eta laugarren ikasgai gisa, interkooperazioaren indarra eta mugak agerian geratu ziren. Fagorren krisiari esker ikusi zen benetan badagoela elkartasun mekanismo bat, baina, aldi berean, eztabaida ireki zen mekanismo horiek nola sistematizatu eta nola egin koherenteago".

Gertaera esanguratsuak:

  • 2005-04-13
    Fagor Etxetresnek (FEE) Brandt taldearen %90 erosi zuten, nazioartean presentzia handitzeko.
  • 2013-10-16
    Ia mila milioiko zorrarekin, FEEk konkurtsoaren aurrekoan sartzea erabaki zuten.
  • 2013-10-18
    Manifestazio jendetsua egin zuten Arrasaten.
  • 2013-10-30
    Mondragon Taldeak uko egin zion diru gehiago jartzeari.
  • 2014ko maiatza
    FEEko eta Edesako 980 bazkide birkokatu zirela adierazi zuen Erkidek.
  • 2014-10-30
    Candy-Hoover enpresak Bergarako planta itxi behar zuela iragarri zuen.
  • 2014-11-13
    Manifestazio jendetsua egin zuten Bergaran, Candy bideragarria zela aldarrikatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak