Debagoieneko Gurutze Gorriak, beste urte batez, Jostailu hezitzailea kanpaina jarri du martxan. Hogeita bost boluntariok baino gehiagok parte hartuko dute funtsak eta jostailu berriak biltzen, zaurgarritasun egoeran dauden edo gizarte-bazterkeria jasan dezaketen bailarako haurrentzat. "Debagoienean proiektu ugari garatzen ditugu urtean zehar gure eskualdean bizi diren eta kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateko, adineko pertsonetatik hasi eta adingabeetaraino. Eskualdeko Gurutze Gorriko boluntarioak gara ekimen hauek diseinatu eta gauzatzen ditugunak", dio Javier Igartuak, Debagoieneko Gurutze Gorriko Batzarreko presidenteak.
Igartuak azaldu duenez, bi helburu ditu kanpainak; batetik, "bazterketa-arriskuan dauden familietako adingabeei hezkuntza-balio argia duten jostailu berriak banatzea", eta, bestetik, "jolasak haurren garapenean duen garrantziaz sentsibilizatzea".
Bi fasetan banatutako kanpaina
Bi fase izango ditu kanpainak. Lehenengo fasean, funtsak eta jostailu bilduko dira. Bigarren fasean berriz, udaleko gizarte-zerbitzuekin lankidetzan identifikatuta familia hartzaileei emango zaizkie jostailuak.
Lehenengo fase horren baitan, Arrasteko Eroski hipermerkatuan stand bat jarriko dute eguenean eta egubakoitzean, hilaren 4 eta 5ean. Abenduaren 12an eta 13an gauza bera egingo dute. Bertan, kanpainaren hezkuntza-edukiari buruzko informazioa emango dute, eta jostailu-txekeak salduko dituzte, funtsak biltzeko, eta dohaintzan emandako jostailu berriak biltzeko.
Gurutze Gorriak adierazi duenez, Arrasateko Garagune Zentroko pertsona askoren laguntza izango dute zeregin horretan. "Gurutze Gorriak eskertzen ditu gure ingurune hurbilean pobrezia-egoeran dauden familietako haur bakoitzari jostailu bat helarazteko jaso ditzakeen dohaintzengatik", adierazi dute. Dohaintza horiek , ES52 3035 0050 72 0500751008 kontu korrontean egin daitezke "20055-JOSTAILUA/JUGUETE" kontzeptua adieraziz.