Goiena: 25 urteko ibilbidea

Bailara zeharkatzen duten bide-azpiegitura handien mende laurdena

Monika Belastegi Aranzabal 2025eko abenduaren 5a

Eneko Goia, Rafaela Romero, Ino Galparsoro, Markel Olano eta Iñaki Arriola, 2009ko AP-1aren azken tartea inauguratzen. ARTXIBOA

Hogeita bost urte ez dira alferrik pasa, eta ezagun da hori Debagoieneko bide-azpiegiturei eta mugikortasunari erreparatuz gero: AP-1a, AHTa, GI-636a, bidegorri sarea… Bilakaera nabarmena izan da.

Bilakaera nabarmena eta agerikoa izan du Debagoienak bide-azpiegiturei dagokienez; duela hogeita bost urteko eta gaur egungo paisaiak alderatzea besterik ez dago. Bide-azpiegitura handiak eraiki dira eta eraikitzen ari dira: AP-1 autobidea, GI-636 errepidea eta AHTa, esaterako. Eta bailarako zirkulazio fluxuak egituratzeko eta arintzeko beste zenbait ere eraiki dira; esaterako, Elorregiko biribilgunea (2001) eta Arrasateko mendebaldeko saihesbidea (2010). Mugikortasunaren kasuan, herritarren ongizatea eta ingurumena helburu dituzten ekimenak bultzatu dituzte erakundeek eta zenbait elkartek: bidegorri sarea, garraio publikoaren erabilera sustatzeko ekimenak, herrietako erdiguneen peatonalizazioak...

AP-1 autobidea

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak eta Roman Sudupe Gipuzkoako diputatuak 1999ko maiatzaren 27an jarri zuten Eibar eta Gasteiz lotuko zituen obraren lehen harria, Basalgon, Bergaran. Zatika egindako autobidea izan zen, eta, hamar urte geroago, 2009ko maiatzaren 21ean, Arrasateko alkate Ino Galparsorok, Markel Olano diputatuak eta Iñaki Arriola sailburuak moztu zuten Arrasate eta Eskoriatza lotzen zituen azken zatiaren zinta. Hala, AP-1 moduan ezaguna den azpiegitura egina zegoen. Aurreikusitakoa baino bi urte gehiago behar izan zituzten obra osorik amaitzeko.

Hamar urte haietan, 700 milioitik gorako obra egin zen –hasierako aurrekontua zen hori, gainkostu handiak egon ziren–, eta tartean egon ziren baita ere obrarekiko protestak, herritarren partetik hobekuntza proposamenak, lan istripuak, atzerapenak, orografia konplikatuak sortutako buruhausteak eta epaileen aurrean salaketak, Bidegi auzia tarteko. Erabilera datuei erreparatuta –2024ko datuak–, Eskoriatza eta Araba arteko muga 17.438 ibilgailuk zeharkatu zuten egunero, batez beste, eta Bergara eta Eibar artekoa, 22.249 ibilgailuk.

Beasain-Durango

Beasain-Durango edo GI-636 errepideko Antzuola eta Bergara lotzen dituen tartea egiteko lanak ere azpimarratzekoak dira. Bi fasetan egin ziren lanok: Deskarga eta Antzuola artekoa eta Antzuola eta Bergara lotzen dituena. Lehena eraikitzeko obrak 2011n abiatu zituzten eta 2015ean ireki. 3,1 kilometroko luzerarekin, 79.464.933ko aurrekontua izan zuen eta tartearen elementu nagusien artean Deskargako tunela dago. Bigarren faseko lanak, Antzuola eta Bergara lotu zutenak 2016ko otsailean hasi zituzten eta 2019ko martxoaren 12an ireki zuten. 4,2 kilometro inguruko luzera eta 116.770.139 euroko aurrekontua izan zuen. 

Beasain-Durango errepideari amaiera emateko, Arrasate eta Elorrio arteko –Kanpanzartik– zatia geratzen da egiteko. Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek iazko urrian sinatu zuten hitzarmena, 4.152.066 euroko aurrekontuarekin, eta gaur egun proiektua idazten ari dira.  

Abiadura Handiko Trena

2006an hasi zituzten AHTaren lanak, Arratzua-Ubarrundia eta Legutio artean (Araba), eta, ordurako, azpiegitura horren harira eztabaida eta tentsio handia zegoen Euskal Herrian, eta AHTaren kontrako mugimenduak indar handia zuen. Esaterako, obrak hasi eta urtebetera, 2007ko abendurako, Arrasaten manifestazio nazionala antolatu zuten; AHT Gelditu! ekimenak deitu zuen, "inposatutako" proiektuaren kontra, eta 15.000 lagunek parte hartu zuten. Lehenengo asmoen arabera, AHTak 2011rako egon beharko luke amaituta. Ordutik, obraren ardura izan duten politikariak amaiera-data ezberdinak iragartzen joan dira; azkena, 2030. urtea, eta aurrekontua 9.000 milioi eurokoa.

Ibarrean eragin zuzena izan du azpiegiturak, eta "ingurumenean eragingo duen txikizioa" salatu dute gogor eragile askok. Udalatx barruan dago trenari izena ematen dion Y-aren lotunea. Zehazki, Euskal Y-aren sare osoan –170 kilometro– lan konplexuenetako batzuk Debagoienean egingo dira. Esaterako, Aramaioko lurretan egiten dituen 5,5 kilometroetatik 3,5 lur azpitik izango dira, Udalatxeko tunelak 3.185 metro izango ditu eta Arrasate eta Aramaio lotzen dituen A-2620 errepide gainetik pasatzen den zubibidea 1.400 metro luze eta 70 metro garai da. Horiek ez dira denak, bailaran beste zenbait tunel eta zubibide egingo dituzte eta, baina nabarmenenak dira.

Bidegorri sarea

Mugikortasunaren ikuspegitik, bidegorri sarea azpimarratu daiteke. Aldundiak eta Debagoieneko udalek izan duten esku-hartzeari esker, Vasco-Navarro trenbide zaharra bidegorri bilakatu da, hein handi baten, eta herriguneetan tarte berriak sortu dira. Bergara eta Antzuola lotzen dituen bidegorria, esaterako, berriki hasi dira egiten. Dagoeneko bailarako herri gehientsuenak bidegorriarekin lotuta daude, baina badira egiteko daudenak; Bergara eta Elorregi artean, Tavex enpresa dagoen lekuan, esaterako. 

 
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak