Debagoienean memoria historikoa eta memoria demokratikoa modu azpimarragarrian landu da azken 25 urte hauetan. Horren adibide argia dira duela 20 urte sorturiko eta bailarako herri guztietan lanean aritu den Intxorta 1937 kultur elkartea eta Debagoienean memoriaren eta aitortzaren arloan mugarri izan den Arrasateko Memoria eta Bizikidetza Mahaia.
Intxorta 1937 elkartea
2005. urtean elkartea sortu arren, 80ko hamarkadatik daramate memoria historikoa berreskuratzeko lanean gaur egun Intxorta 1937 osatzen duten hainbat kidek. 2007an Intxortako Atea sortzeko proiektuan parte hartu zuten, eta Elgetako Udalarekin batera Memoria Historikoaren Interpretazio Zentroa eta Intxortako lubakien ibilbidea sortu zuten, 2010ean. Gainera, Debagoien osoan omenaldiak eta erakusketak antolatu ditu azken 20 urteetan, eta memoria historikoa oinarri hartuta, 30 argitalpen baino gehiago kaleratu ditu elkarteak.
Intxortako 1936ko borrokaren errekreazio antzeztuak 2013tik 2017ra egin ziren
"20 lagun inguru gara gaur egun Intxorta 1937 elkartean; handitzen doa elkartea. Gogo handiz gabiltza beti gauzak egiteko, baina ezin izaten gara denera heldu. Beste memoria elkarte batzuei laguntza ere ematen diegu, eta omenaldi askotara joaten gara, txikietara zein handietara", aipatu du elkarteko kide Nerea Villak. "Azken urte hauetan egindako bi erakusketa azpimarratuko nituzke. Gerrako umeen gaineko azken erakusketa, oso potentea
izan zena. Azkenean ez delako bakarrik omenaldi bat egitea, baizik eta erakusketa bat eta liburu bat argitaratu izana ere. Eta bestea, Emeek emana, Euskal Herrian bueltaka ibili zena. 2016. urtean egin genuen, 63 emakumeren esperientziak, ibilbideak eta bizitza-istorioak jaso ostean", dio Villak.
Gainera, 2016az geroztik exhumazioetan ere parte hartzen du Intxorta 1937 elkarteak, Aranzadi zientzia elkarteari boluntario bezala laguntza emanez.
Errekreazioak Elgetan
Intxorta 1937 elkarteak bultzatuta errekreazioak eta ibilbide antzeztuak egin izan dituzte Elgetan azken mende laurdenean. "Hasiera batean, interpretazio zentroa sortu zen, eta 2008an errekreazioak egiten hasi ginen. Lehenengoan, zelai baten bi bandoen arteko gudako une bat antzeztu genuen. Baina apurka handitzen joan zen errekreazioa, 150 lagun batu arte. Intxortako borrokaldien errekreazio herrikoia eta Erresistentzia Eguna antolatu genuen 2013 eta 2017. urteen artean, baina hori, apurka, alde batera utzi eta herrian bertan display-ak egiten hasi ginen; antzerki-gidatuak", azaldu du antzerki horien gidoilari Nerea Villak.
Arrasateko Memoriaren Mahaia
Arrasateko Udaleko indar politiko guztien parte hartzearekin Memoriaren eta Bizikidetzaren Mahaia sortu zuten, 2016. urtean, Arrasaten gertatutako eta arrasatearrek pairatutako giza eskubideen urraketen memoria berreskuratzeko. Ordutik, urtero aitortzak eta omenaldiak egiteaz gain, bi ikerketa-liburu kaleratu dira, Memoria partekatu baterantz ekimenaren baitan.
2018tik omenaldiak eta aitortzak egiten ditu Arrasateko Memoria eta Bizikidetza Mahaiak
Gaur egun Memoria eta Bizikidetza batzorde bilakatu den honetan, alderdien elkarrizketan laguntzen eta aholkulari dabilen Aitziber Blancok ekimenaren garrantzia azpimarratu du: "Ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiek elkarrekin lan egin nahi zuten, eta konpromisoa agintaldiz agintaldi berretsi dute. Hasieran, mahaia, memoria landu nahian hasi zen, eta jabetu ziren gertatutako guztiaren argazki zabal bat atera behar zutela. Gutxieneko kontsentsua izan zen giza eskubideen urraketak nazioarteko giza eskubideen zuzenbidean oinarrituta.
Argitaratuko bi liburuekin argazki zabala egin zen, eta aitortzaren eta erreparazioaren bideari ekin zaio".
Horrela, azken urteetan, oroimen eta aitortza ekitaldiak egin dira. 2018an Isaias Carrascori, 2020an Iñaki Etxaberi eta German Agirreri, 2021ean 1936an tropa frankistek hildako udal hautetsi eta langile Jesus Urangari, Agustin Aranbururi eta Gregorio Gonzalezi, 2022an Agurtzane Arregiri, 2023an Intxorta 1937 elkarteari, 2024an Emilia Larreari eta aurten Enrike Gomez Korta-ri. Azken urteetan, Memoriaren Eguna, azaroaren 10a, baliatzen da omenaldi eta aitortza horiek egiteko.
Memoriaren Plaza
Arrasateko Herriko Plazan, Eusko Jaurlaritzako Gogora Institutuarekin elkarlanean, Memoriaren Plaza karpa ibiltaria jarri zuen 2016ko azaroan Arrasateko Udalak. Bertan biktimak protagonista izan ziren hitzaldiak, ikus-entzunezko-emanaldiak eta erakusketak antolatu zituzten. Hizlarien artean, Isaias Carrascoren alaba Sandra Carrasco eta Iñaki Etxaberen alaba Olatz Etxabe arrasatearrak egon ziren euren testigantzak partekatzen, eta, hain zuzen, ekimen hark ikusmin handia piztu zuen Arrasaten.