Goiena: 25 urteko ibilbidea

Komunitateari eskerrak emanaz ospatu du Goienak 25. urteurrena

Hasier Larrea 2025eko abenduaren 1a

Goiena Komunikazio Taldeak bere 25. urteurrena ospatu du gaur arratsaldean, Bergarako Seminarixoan egindako ekitaldi berezi eta jendetsuan. Photocall-ak, zuzeneko musika, hitzartzeak eta ikus-entzunezko piezak uztartu dira ospakizunean.

25 urteko ibilbidean ezinbesteko bidelagun izan duen komunitate osoari eskerrak emateko ekitaldia egin du Goiena Komunikazio taldeak gaur arratsaldean Bergarako Seminarixoko aretoan. Hain justu, gaur, abenduaren 1ean, bete dira 25 urte lehenengo Goienkaria etxez etxe banatu zela.

400 lagun inguru elkartu dira ospakizunean: Goienaren kolaboratzaileak, irakurleak eta ikus-entzuleak, bezeroak, egungo lankideak eta lankide izandakoak, euskalgintzan dihardutenak, Debagoieneko alkate eta zinegotziak, Gipuzkoa eta EAE mailako ordezkari politikoak, kirol eta kultura arloko ezagunak…  Aretora sartu orduko egin dute topo lehenengo bi sorpresekin, photocall itxurakoak, eta argazki informalak atera dituzte banaka zein taldeka.

Ekitaldia Juantxo Zeberio piano-joleak eta Kepa Errasti aktore eta aurkezleak gidatu dute. 2000tik 2025era, mugarri izan diren urteetan zehar saltoka ibili dira, Zea Mays-en Elektrizitatea (2000), Anariren Naufragoak (2005), Mursegoren Iraganik gabeko emakumea (2010), Sorkunen Ur azpian (2015) eta Izaroren Ihintza (2020) abestiak interpretatuta. Kepa Errastik bakarrizketa umoretsuarekin tartekatu ditu kantuok, GoiTBn lan egin zueneko argazkia erakutsita, esaterako.

Zorion mezuak

Kantu eta bakarrizketa artean igo dira oholtzara beste hainbat pertsona esanguratsu. Bergarako alkate Gorka Artolak egin ditu lehen hitzak, Goienak eskualdeko ekosisteman duen garrantzia nabarmenduz :“25 urteren buruan esan dezakegu Goiena ez dela soilik hedabide bat; gure eskualdearen ispilu, ahots eta eguneroko bizitzaren parte da”.

Goienako presidente Monika Belastegik hartu dio testigua, komunitateari eskerrak emanez eta Goienaren balio nagusia azpimarratuz: pertsonak. “Kazetaritzan aritzea ez da edukia sinatzea bakarrik, artikulu bakoitzaren atzean pertsonak daude. Gakoa izan dira beti Goienan”, azaldu du.  

Ondoren, Ibone Bengoetxeak, Eusko Jaurlaritzako lehenengo Lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, egin du berba. Goienari eskerrak emateko aprobetxatu du tartea: “Euskaratik komunikazio eredu bat finkatu duzuelako, hurbiletik, profesionaltasunez. Gizartearen kezkak islatu, errealitatea modu fidelean kontatu, eta lurralde kohesioa egiten duzuelako. Komunitatea indartzen duzuelako. Garai berriei etengabe egokitu zaretelako”.

Azkenik, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak komunikazio taldearen 25 urteko ibilbidea goraipatu du, Debagoienari, Gipuzkoa osoari eta euskarazko tokiko hedabide sistemari egindako “ekarpen baliotsuagatik”. Nabarmendu du Goienak “komunitatea eraikitzen” duela, eta euskararen biziberritzean duen funtsezko papera azpimarratu du. “Euskararen eta komunitate oso baten mesedetan” jarduten jarraitzea opatuz amaitu du hitzartzea.

Marka berriaren aurkezpena

Une berezienetako bat Ines Osinagaren agerraldia izan da, bukaera aldera. Publikoaren artetik agertu da Dena aldatzen da abestia kantatu bitartean, eta aretoan giro hunkigarria sortu da. Horrekin batera, ikus-entzunezko pieza ederra proiektatu dute Goienaren 25 urteko ibilbidea errepasatzeko.

Eta bukaeran, hasieran bezala, beste sorpresa bat: irudi korporatibo berria aurkeztu du Goienak, logo zaharretik berrirako trantsizio sinbolikoa eginaz. Hala, marka berri hori gaurtik aurrera egongo da ikusgai taldearen produktu guztietan; kazetaritza sinesgarriaren ideian oinarritutako diseinua da, komunitatearekiko gertutasuna, gardentasuna eta komunikazio zuzenaren aldeko konpromisoa berresten duena.

Behin ordubete inguruko saioa bukatuta, talde-argazki ofiziala atera dute gonbidatu eta antolatzaileek, eta mokadutxo bat jateko aukera ere izan dute.

Segidan, gonbidatu guztiei poltsa bete opari banatu diete Goienako lankideek: besteak beste, 2026ko egutegia, eta Goiena Aldizkariaren 25. urteurreneko ale berezia. Aipatutako ale hori bihartik aurrera banatuko da etxez etxe, eta 2026ko egutegia ostiralean jasoko dute Goienakideek, Debagoieneko jaietako irudiekin osatutakoa.

Modu horretan ospatu ditu Goienak bere lehen 25 urteak, etorkizuna mezu argi batekin irudikatuz: tokiko kazetaritza indartzen jarraitzeko konpromisoa. “Zuen istorioei esker, denon historia” kontatzen jarraitzeko konpromisoa.

Goienaren 25. urteurreneko ekitaldia Goiena telebistak emango du osorik, bihar, martitzena, 21:00etan eta 23:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak