Goiena urteurren garrantzitsua ospatzen ari da, eta lantalde osoaren izenean eskerrak emateko baliatu gura dute aukera Monika Belastegi presidenteak (Bergara, 1972) eta Iban Arantzabal zuzendari nagusiak (Elgeta, 1975).
Intuizio, hausnarketa eta erabaki askok ekarri zuten 2000. urteko sinadura ekitaldia; apustu zuzena izan zen?
Iban Arantzabal (I.A.): Guztiz. Denboraren perspektibarekin ikusten da asmatu zela. Eskualde hau Debagoienago da, euskarazko informazioa gailendu zaio beste hizkuntza batzuei, lidertza komunikatiboa zero kilometrokoa da eta komunitate sanoagoa, informatuagoa eta demokratikoagoa dugu Goienari esker. Berba potoloak? Bai, baina gezurretik ez dutenak, besteak beste, tokiko hedabideotan gezurrak eta notizia faltsuek ez dutelako lekurik.
Zein dira erronka nagusiak orain?
Monika Belastegi (M.B.): Kazetaritza sinesgarria egitea. Iturriekin kontrastatutako kazetaritza, testuingurua emango duena eta klabeak emanez lagunduko duena inguruan gertatzen dena ulertzen. Gure kazetaritza mota ez da bakoitzak zer pentsatu behar duen esaten duena eta bai makulu bat gertakariak ulertzeko.
I.A.: Eredua zabaldu behar dugu. Ezin dugu irla moduan funtzionatu. Eta, hein batean, pausoak ematen gabiltza norabide horretan. Asko kostatu da eskualdekako funtzionamendu multimedia proiektuak garatzea Euskal Herriko mapan, baina bagoaz poliki-poliki. Eta zabalpen hau ez da lortzen kopia hutsekin. Lortzen da eskualde bakoitzeko idiosinkrasiari jaramon eginda, erabakigunea eskualdez eskualde egonda. Tokikomek ematen digu behar-beharrezkoa den aterkia horretarako, eta horren azpian gero eta funtzionamendu profesionalagoa eta eraginkorragoa dago. Emango du zeresana Tokikomek.
Badira, aldi berean, aldatu ez diren balioak eta egiteko moduak. Euskara elkarteen baturatik sortu zen Goiena eta horrela da oraindik ere. Komunikazio taldearen zein alorretan eragiten du horrek?
M.B.: Estrategian eta norabidean. Norabidearen arrastoa ez baztertzeko jabekide beharrezkoak dira euskara elkarteak. Kudeaketa libreagoarekin jarduten dugu, baina norabide adostuarekin bai euskara elkarteekin eta bai udalekin. Euskara elkarteak ez dira alferrik gehiengoaren jabe. Merezi izan zuen irabazi-asmorik gabeko kooperatibaren gobernantza eredu horrek; egungo erronkei eta etorkizunekoei erantzuteko ere balio du.
Goiena handitzen joan da 25 urteotan: lantaldea, egoitza, eginkizunak... Berriro ere espazio faltan dago kooperatiba. Hain zuzen ere, lokal bat erosi du Arrasaten. Zein erabilera emango diozue?
I.A.: Seinale ona da euskararen alorreko enpresa handitu izana. Handitu dena da bertako kooperatiba bat, Debagoienetik alde egingo ez duena; lan duina sortu dugu profesionalendako, eraginkorra da eta Debagoienetik Euskal Herrirako begiradarekin funtzionatzen du, gaur-gaurkoz. Hori dena egiten jarraitzeko behar ditugu bilera gela berriak eta. Baina lokal horretan egongo den parterik garrantzitsuena da 60-70 lagunendako gune bat, jarri eta kentzeko aulkiekin, pantaila handi batekin, soinu eta irudi aukerekin. Zertarako? Gure komunitatearekin konpartitzeko. Egingo dira podcast grabazioak, hitzaldiak, barne ikastaroak, kanporako ikastaroak… Izango da gela multifuntzional bat hedabide multimedia baterako.
Talentua erakartzeko erronkari buruz ere galdetu nahi dizuet, eta, horrekin lotuta, kooperatibatik lantaldea zaintzeko hartutako neurriei buruz. Zeintzuk dira estrategia nagusiak alor horretan?
M.B.: Talentua nola erakarri eta nola fidelizatu da enpresa gehienok daukagun erronketako bat. Egungo lan-merkatuan aldaketa asko gertatu dira eta gu ere hasi gara sumatzen. Hala, talentua erakartzeko eta fidelizatzeko diagnostikoa egin dugu, eta baita ekintza plan bat ere. Besteak beste, hitzarmenak sinatu ditugu Mondragon Unibertsitatearekin, EHUrekin, Mendizabalarekin eta Lanbide Heziketarekin, ikasleei Goienaren proiektua aurkezteko eta praktikaldiak hemen egiteko, haiek izan daitezkeelako etorkizuneko lankide. Era berean, onboarding prozesua berritzen ari gara, lan-merkatuaren aldagai berriak aintzat hartuta.
Goienako erabaki-guneetan emakumeen presentzia nabarmen handitu izana ere ez da oharkabean pasatzen; zuzendaritzaren apustu argia da?
M.B.: Apustu argia, aspaldikoa eta datuek babesten dutena. Presidentea emakumea da, zuzendaritzako bost kideetatik hiru emakumeak dira, bi erredaktore-buruak emakumezkoak dira eta erredakzio batzordean lau kideetako hiru dira emakumeak. Esan bezala, parekidetasunarena gai garrantzitsua da guretzat. Horren erakusle da berriki egindako Bigarren Berdintasun Plana –50 bazkidetik beherako kooperatiba izanik beharrezkoa ez den arren– eta martxan dugun Berdintasun batzordea. Oso batzorde bizia da, urteroko helburuak zehazten dituena eta lankide guztiekin partekatzen dituena formakuntza eta sentsibilizazio saioen bitartez. Bigarren Berdintasun Plana egin aurretik lankideen artean egindako asebetetze inkestak emaitza esanguratsuak eman ditu. Esaterako: langileen %87k pentsatzen dute aukeraketarako prozesuak emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna bermatzen duela; %90ek uste dute enpresan lanbide sustapena modu parekidean gertatzen dela gizonen eta emakumeen artean; eta kontziliazioari dagokionez, kontziliazio neurrien gaineko ezagutza zabala egoteaz gain, %79k uste dute kontziliazio neurri horiek erabiltzeak ez duela barne sustapenean oztoporik eragiten.
Kazetaritza sinesgarria, plurala eta erreferentziazkoa egiten du Goienak; nola ulertuta?
I.B.: Kontzeptu horiez galdetu egiten diegu ikus-entzuleei eta irakurleei. Haiek diote sinesgarria dela Goiena. Adibide oso politak ditugu Whatsapp bidez zabaldutako gezurren ostean Goiena.eus-eko loturak zabaldu dituztela aurreko guztia desmuntatzeko edo beste albiste-webgune baten irakurritakoa egia den edo ez jakiteko Goienara sartzen direla erabiltzaileak. Erreferentzia bat gara sektoreko hainbat hedabiderendako ere, eta nahi dugu izan. Gu lako hedabideen bidelagun izatea gure egiteko bat dela dugu onartuta. Pluraltasunari dagokionez, oso argia da gure bezero-hartzailearen iritzia: galdetutako %70,8rentzat Goiena hedabide plurala da, eta %19,3k erantzun dute ez dakitela norantz lerratzen den. Batuta, %91ra goaz. Hurrengo galdera izan daiteke: gainontzeko %9,9ak zer dio? Erdiek diote EH Bildura egiten dugula herren eta beste erdiak, EAJra. Nahi lituzkete datu horiek independente eta plural direla dioten hainbat hedabidek. Zer garen irakurleei galdetzea dagokigu, eta gustura gaude entzuten dugunarekin. Beti hobetu daiteke.
Audientzia datuak onak dira? Pozik egoteko modukoak dira?
I.A.: Onak dira. Jarraipen zehatza egiten diogu zuzendaritzatik zein kazetarien bileretan. Hala ere, ulertu behar dugu infinitura ez direla igoko audientziak. Muga fisikoa, demografikoa eta hizkuntzagatikoa hor daude. Hori horrela, inpaktua neurtzeko bestelako aldagaiak hasi gara sartzen.
M.B.: Goienaren balioa eta inpaktua neurtzen hasteko plangintza berria diseinatu dugu, zenbait eragin-gunetan eta adierazletan oinarrituta. Balioa eta inpaktua neurtzeak aukera emango digu gure komunitatea eta haien beharrak hobeto ezagutzeko eta emaitzen bidez erakusteko gure kazetaritzak ingurunean eragin dezakeela.
Zein da gaur egun euskal hedabidegintzaren osasuna eta zein da lankidetza instituzioekin eta erakundeekin?
I.A.: Urte okerragoak bizi izan ditugu. Tokatzen zaigu soldata igoerak eskatzen diren greba askoren berri ematea, eta gureak egon dira urrun Debagoieneko soldataren batez bestekotik. Bagoaz ofizio honek merezi duen besteko aurrerakinak etxeratzea lortzen, eta horretarako hiru dira arrazoiak: publizitatean ondo ari gara, Goienakideen erantzuna inoiz eskertu ezindako modukoa da eta erakundeek ikusten dute egiten dugunak merezi duela eta diru gehiago jarri dute mahai gainean. Osasuna ez da txarra. Tokikoen lana gero eta ezinbestekoagoa da. Adibide batera: Yuthan tokiko hedabideak desagertzearen ondorioa da muturreko eskuinak gora egitea, Trumpek igoera latza izatea... Horrek demokrazia kaltetzen du. Gurera ekarrita, izango litzateke gehien behar dutenak ahaztea, baztertuak bazterreragotzea, parekidetasuna zalantzan jartzea… Hein batean, demokrazia ahultzea.
M.B.: Hedabidegintzan, soldatez gaindi, erakutsi da malgutasuna eraldaketarako. Ofizio honekiko errespetuz jarduten dute Goienako lankideek, eta hori igarri egiten dute bezeroek. Ezingo gara lo geratu hurrengo urteetan ere, eta kontua ez da gure zilborrari begira egotea. Kazetaritzatik oso argi ikusten da gu baino txarrago jende asko dagoela. Ezin ditugu egoera horiek ez baleude moduan jokatu.
Goienaren 25. urteurrena ez da oharkabean pasako; zertarako baliatu gura duzue?
M.B.: Eskerrak emateko. Goiena ez dira Goienako langileak bakarrik. Goiena hedabide publiko-soziala da, eta informazioaren norabide tradizionalean lan egitea gainditu dugu. Ez dugu igorletik hartzailera doan bidean bakarrik geratu nahi. Komunitatearekin batera egiten dugu lan eta gu komunitate horretako parte bat gehiago gara. Garentxo honetatik lan egin nahi dugu, zintzo, eraginkor eta libre. Hori bai, 25 urte hauetan zerbait esan nahi badugu da: eskerrik asko. Debagoiendarrak dira hau dena aurrera atera izanaren makulurik inportanteenak, eta oinarri horri eusten jarraitu nahi dugu.
Eta nola irudikatzen duzue Goiena 10-15 urte barru?
I.B.: Formakuntza bat egin berri dugu Bartzelonako aholkularitza batekin, eta antzerako galdera bati erantzun genion. Marraztu genuen "el futuro que mola". Han agertzen ziren gako batzuk: debagoiendarrekin egingo dugu edo ez gara izango; herritar guztiek jakingo dute euskaraz eta informazio sinesgarria eskatuko dute; informanteak segituan emango du gertaeren berri komunitatearen bidez; komunikazio gutxiago eta kazetaritza gehiago; erreferentzia izango da zero kilometroko eta euskara hutsezko proiektu komunikatiboa...
M.B.: Informazio pertsonalizatuagoa emango du behar zehatzak erantzuteko, indibiduoa aintzat izan kolektiboa indartzeko. Tokiko hedabideak etorkizuna dira. Gertutasunak ez du sekula galduko erakarmena eta garrantzia hartuko du maila zabalagokoen aldean. Irakurketak ere bertatik egingo dira, baina kartolak zabalik ditugula.