Mende laurdenera iritsi da Goiena Komunikazio Taldea, bailarako informazioa oinarri duen hedabide erreferentea. Debagoiendar askorentzat, GOIENA aldizkaria, Goiena telebista eta Goiena.eus dira Goiena, baina hori baino gehiago da. Izan ere, 60 pertsonako lantaldea du eta zazpi hedabide ekoizten ditu; aipaturikoez gain, baita Puntua aldizkaria, Arrasate Irratia, Ttap, Zut eta Goiena aplikazioa ere. Horrez aparte, askotariko komunikazio zerbitzuak ematen ditu, baita ekintzak antolatu ere; horietako asko, bailaratik kanpo. Azkenik, berrikuntza proiektuak ere baditu. Horretarako guztirako, 3,3 milioi euroko aurrekontua dauka eta gastu gehienak langileei lotutakoak dira: %68. Gainontzeko gastuek, %21ek, "lana etxeetara bidaltzeko behar beharrezkoak" diren hornitzaileetan dute oinarria, Agurtzane Gainzarain Goienako giza baliabideetako zuzendariaren esanetan: "Hau da, inprenta eta errotatibak, banaketa, online zerbitzuak, telebista seinaleak eta abar".
Diru-sarrera propioak hiru arlotan banatzen dira: hedabideetako publizitatea; kanporako komunikazio produktuak, bezeroentzat propio sortu eta saldutakoak; eta kidetzak, Goienakideak. "Goienaren autofinantzaketa maila %39koa da eta proiektu komunikatibo hau laguntzen dute Debagoieneko udalek, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak, batez ere. Azken horrekin, lau urterako esleipena daukagu, 2028ra arte", zehaztu du Gainzarainek.
55 laguneko lantaldea
Goienak 60 pertsonako lantaldea du: 32 emakume (%53) eta 28 gizonezko (%47). Langileen %90ek lan egonkorra daukate, 40 lan-bazkide izanik. Gainera, langile gehienak Debagoienekoak dira, 53. Zuzendaritza, aldiz, sei kidek osatzen dute eta horietatik lau emakumezkoak dira. Azkenik, bost ikasle daude praktikak egiten. Esan gabe doa langile guztiak euskaldunak direla.
Gainzarainen esanetan, "inoizko lantalde onena" da gaur egungoa. "Lantalde kohesionatua da, norabidea eta egitekoa argi dituena". Azken urteetan lan-merkatua asko aldatu dela dio eta enpresak horretara moldatzen ari direla. "Enpreson balio proposamena egokitzea dagokigu behar berrietara. Enplegua eta jakintza hemen gelditzeko konpromisoa daukagu eta, horretarako, lana egonkortzea eta lan-baldintzak hobetzea da helburua. Talentua fidelizatzea eta erakartzea izango da hurrengo urteetako erronka", azaldu du.
Zabalkunde handiena duena
Sorreratik eta gaur egun ere, Goiena aldizkaria da bailarako zabalkunde handieneko hedabidea. Izan ere, 23.000 irakurle ditu astero, CIESen aurtengo maiatzeko neurketaren arabera. Goiena.eus webguneak, aldiz, 9.000 erabiltzaile bakar ditu egunero eta Goiena telebistak, 5.000 ikus-entzule egunero.
Lan egiteko moduan aldaketa
2000. urtean sortu zuten Goiena eta, orduz geroztik, asko aldatu da hedabideen mundua. Horrek, nola ez, eragin zuzena izan du Goienan lan egiteko moduan. "Orduko hartan, medio tradizionaletan jarduteko sortu zen, aldizkaria, telebista eta irratia, hain zuzen. Halere, hasieratik erakutsi zuen Interneten jarduteko borondatea, artean posta elektronikoa, webgune batzuk eta beste askorik ez bazegoen ere", dio Eneko Azkaratek, Goienako edukien zuzendariak.
Hala, herri aldizkarien osagarri izango zen eta eskualde osoan banatuko zuten Goienkaria astekaria sortu zuten –egun GOIENA aldizkaria dena–. Horrekin batera, Arrasate Telebistak eta Atxabaleta Telebistak bat egin zuten, GOITB sortuz –egun Goiena telebista dena–. Era berean, Arrasateko Udalarena zen Arrasate Irratia kudeatzen ere hasi zen Goiena Komunikazio Taldea. "Handik gutxira etorri ziren blogak eta Code&Syntaxekin batera sortu zuen Goienak Sustatu.com bloga. Handik lasterrera, 2003an, Goiena.net etorri zen, gerora Goiena.eus bilakatu zena", dio Azkaratek.
Informazioa hainbat euskarritan ekoiztu eta banatu beharrak, berehala ekarri zuen Goienaren erredakzio taldearen antolaketa berria, kazetarien multimedia izaera lehenetsiz, eduki bera sarean, "paperean eta ikus-entzunezkoetan ekoizteko gaituta zegoen kazetaria".
Puntua aldizkariak hamar urte
Paperezko edizioari dagokionez, astean bi aldiz argitaratzen hasi ziren, eta 2003an, Asteleheneko Goienkaria sortu zuten. Duela hamar urte, 2015ean, ordea, Asteleheneko Goiena desagertu egin zen eta Puntua aldizkaria sortu zuen Goienak, ostiraletan ordainpeko harpidedunei banatzen hasi zena. "Beste aldizkari kontzeptu bat da, analisirako, hausnarketarako edota arnasa luzeagoko gaiak sakonago lantzea ahalbidetzen duena".
Teknologia berrien garapenak aurrera egin ahala, euskarri berriak sortzen hasi ziren. Hala, 2018an jaio zen Ttap aldizkari digitala, eskuko telefonoetarako ikus-entzuneko aplikazioa, eta urte berean jaio zen Goiena aplikazioa ere. 2019an iritsi zen Zut, "gazteagoei zuzendutako aldizkari digitala, hori ere eskuko telefono adimendunetan kontsumitzeko aplikazioa".
Podcasten loraldiaren aroan, Podcast Gela sortu du Goienak. "Helburua da komunitateari espazio bat eskaintzea kalitatezko bideo-podcastak ekoizteko, baliabide teknikoak eskura jarriz. Iaz abiatu zen eta erantzuna bikaina izan da. Goienak berak ere sortzen du bideo-podcast bat: Sona. Baina helburu nagusia da komunitateari eskaintzea tokia". Halaber, Arrasate Irratiaren eguneroko produkzioa ere Podcast Gelan egiten dute.
Pertsonalizazioa, funtsezkoa
Goienaren lehentasunetako bat bezeroekiko fideltasuna eta horien pertsonalizazioa da eta teknologiaren garapenak ahalbidetu du pertsonalizazio hori. "Hau da, erabiltzaileak nahieran eta nahi duena kontsumitzeko aukera izatea eta Goienak erabiltzaileei behar duena emateko aukera izatea. Horretan ari gara sarean: Goiena.eus-en eta Goiena aplikazioarekin. Horixe da erronka", dio Azkaratek. Bide horretan, segmentazioak ere badu pisua. "Saiatzen gara erabiltzaileari gura duen hori bidaltzen. Hau da, newsletter edo posta elektroniko zein beste mezulari aplikazioren bidez banatzen diren gero eta albiste-buletin berezitu gehiago ekoiztuz".
Hainbat zerbitzu ematen ditu
Hedabideez gain, askotariko komunikazio zerbitzuak ematen ditu Goiena Komunikazio Taldeak: publizitatea, diseinuak eta kanpainak, ekitaldien antolaketa edota banaketak, besteak beste. Mireia Larrañaga Goienako zuzendari komertzialak malgutasuna eta gertutasuna azpimarratu ditu: "Gure bezeroek badakite haien beharretara egokitzeko malgutasuna dugula eta guk ere zero kilometroko harremana ematen diegula. Urteetako bidea egin dugu gure bezeroekin batera; hurbilekoak dira guretzako bezeroak eta Goiena gertutik ezagutzen dute".
Zerbitzuen alorrean, Durangoko Azoka nabarmendu du Oihane Agirrek, Goienako ikus-entzunezkoen zuzendariak. "Koordinazio mahaiko kideak gara eta urteak daramatzagu bertako telebista kudeatzen. Aurten, gainera, telebista ez ezik, podcast gune berri bat ere kudeatuko dugu", aurreratu du.
Kantari eta Danbaka ere "ezinbestean" azpimarratzeko produktuak dira. "Komunitateari eta komunitatearekin egiten ditugun ekimen arrakastatsuak dira. Kantariren kasuan, esaterako, ez dugu bakarrik Debagoienean ekoizten, baita kanpoan ere: Gasteizen, Urretxu-Zumarragan, Beasainen...".
Ekitaldien antolaketa eta grabaketan ere "esperientzia handia" dauka. "Batzuk aipatzearren, Algaraka bakarrizketa saioak, Arrasateko Kirol Sariak, Debagoieneko Kirol Sariak edota inaugurazio ekitaldiak".
Beste hainbat alorretan ere bai
Kanpotik ikusi ez arren, beste hainbat alorretan dihardu Goienak, eta Abao Komunikazio Agentzia da horren adibideetako bat. "Askotariko edukiak sortu edo zabaltzen ditu Abaok: streaming-ak, zuzeneko emisioak, iragarkiak, bideo korporatiboak, erreportajeak, argazki saioak eta abar", azaldu du Iban Arantzabalek, Goienako zuzendari nagusiak. "Abao sortu du Goienak lan-eskaera handia izan dugulako. Goienak ematen ditu zerbitzu batzuk, baina Abaorekin gehiagorengana heldu gara eta are gehiagorengana heltzeko asmoa dugu. Komunikazio fidagarria, eraginkorra eta gertukoa. Goienaren balioekin bat".
Batu Banatu banaketa enpresa, bestalde, 2006an sortu zuten, hasiera batean Goienak argitaratutako produktuak banatzeko beharrari erantzuna emanez. Hogei pertsonak osaturiko taldea du eta, Goienaz gain, beste hamaika banaketa egiten ditu.
Arteman Komunikazio Agentzia Goienak sortu zuen eta, egun, enpresaren %20ren jabe da. Halaber, Araba osoa lantzen duen euskarazko hedabide bakarra da Alea eta haren sorreran ere egon zen Goiena –egun, jabetzaren %25 du–.
Euskarazko 78 toki komunikabidek osatzen dute TOKIKOM, 2012an sortu zutena, eta Goiena da horietako bat. Era berean, orain gutxira arte Euskaltzaleen Topagunea izan den Taupa mugimenduko bazkide ere bada, baita Arrasateko Geike euskalgintza mahaiko eta Ekiola kooperatibako kide ere.
Etengabeko berrikuntzan
Goienak, berrikuntza bitartezko etengabeko egokitzapena egiten du era planifikatuan, Arantzabalen esanetan. "Batzuetan guk garatzen ditugu eta, beste batzuetan, enpresa espezializatu edo komunikabideekin batera (Vicontech, Elhuyar, ISEA...)". Arlo askotan erabiltzen ditu berrikuntzak: itzultzaile automatikoan, harpidetzen kudeaketarako sistemetan, maketazio sistema aurreratuan eta abar.
Arantzabalek dio "oinarrizkoa" dela berrikuntzak Euskal Herrian egitea. "Euskaldunona zaindu beharreko ekosistema txikia da eta garapenak bertan egitearen politikarekin jarraituko dugu. Duela hamalau urtetatik, berrikuntza proiektuak urtero kudeatzen ditugu eta helburutzat dugu 300.000 euro inbertitzea berrikuntzan, askotan dirulaguntzen bidez lortzen direnak".