Goiena: 25 urteko ibilbidea

Txikien baturatik handitasunera egindako bidaian, ezinbesteko kide

Hasier Larrea 2025eko abenduaren 4a

Tokikomeko lantaldea –erdian, Alaitz Artolazabal eta Joxe Rojas–, azaroaren 21ean egindako Tokikom Sarien ekitaldian.

Tokikom tokiko hedabideen taldea 2012an sortu zuten hainbat hedabidek. 78k jasotzen dute gaur egun askotariko lan prozedura eta tresnen zerbitzu-sorta. Langintza horretan, oso presente egon da hasieratik Goienaren eredua.

Txarrenari onena atera zioten tokiko euskal hedabideek duela hamahiru urte, krisi ekonomiko betean. Toki komunikabideen sektorea suspertzeko beharrak Tokikom taldea sortzera eraman zituen Euskaltzaleen Topagunea eta bertan batutako hainbat toki komunikabide. Alaitz Artolazabal zuzendari nagusiak eta Joxe Rojas IKT eta Komunikazio zuzendariak adierazi moduan, hiru izan ziren Tokikom sortzeko helburu nagusiak: "Alde batetik, toki komunikabideen solaskidetza bateratua hartzea erakundeen, bezero komertzial handien eta bestelako solaskideen aurrean; bestetik, hedabidetik hedabidera errepikatzen diren lan komunak antolatzea; eta, azkenik, etorkizunaren eta estrategiaren inguruko gogoeta gidatzea".

Produktu propioekin lanean

Hedabide bakoitzaren webguneak kudeatzeko sistema propioa sortzea izan zen lehenengo erronka, eta horri tiraka diseinatu zuten, Eibarko CodeSyntax enpresaren eskutik, Tokikom plataforma: "Martxan jarri genuen lehen produktu propioa izan zen; bost hedabideren ekarpena baliatu genuen diseinatu eta garatzeko; tartean, Goienarena. Gaur egun 30 hedabidek erabiltzen dute sistema hau", azpimarratu du Rojasek. Artolazabalek Goienak Tokikomi egin dion ekarpenean jarri du arreta: "Berrikuntza, digitalizazioa eta toki komunikabideen eskualdetzea dira Tokikomen balio eta estrategia nagusiak, eta Debagoieneko komunikazio taldeak bikain islatu izan du hori".

Plataformak izandako arrakastak hauspotuta, berrikuntza eta digitalizazioari loturiko tresna gehiago garatzeari ekin zioten, bazkideen interes komunei erantzuten jarraitzeko: publizitate kanal bateratua, Tokimedia multimedia zerbitzaria, Games adimen artifizialeko sistema propioa, paperezko edizioak kudeatzeko Edizio Sistema, sakelakoetarako aplikazioa... Azkenaldian hainbat izan dira argitaratu dituzten produktu berritzaileak: "Esaterako, Ttap eta Zut aldizkari digitalak, Europan aitzindari izan den Matx kirol komunitatea edota Matx.eus sare soziala", zerrendatu dute.

Berrikuntza, digitalizazioa eta lanak bateratzea dira Tokikomen ardatz nagusiak

Eskualdetzea, gako

Goienaren aurretik bailarako komunikabideak herrika antolatuta zeuden moduan, gainontzeko eskualdeetan ere antzerakoa zen egoera. Hala, Goienarekin duela 25 urte egindako apustua "inspiragarri" izan da eskualde bakoitzera egokitutako enpresak sustatzeko: "Batzuk aipatzearren, Debabarrenean Barrena aurkeztu dute azaro honetan; Urola-Kostan Guka daukagu; Araitz-Betelu, Larraun eta Lekunberri bueltan Mailope eta Aralarrek bat egin dute; eta mugimendu berriak sortzen dabiltza Goierrin eta Tolosaldean ere", azaldu du Artolazabalek.

Dioenez, gero eta agerikoa da txikien baturatik handitasuna atera daitekeela: "Bideak erakutsi digu indarrak batuta indartzen dela tokikotasuna. Publizitate alorrean, adibidez, eskualde zein herrikako eskaintza antolatu eta landu dugun Euskal Herri mailako eskaintzari esker, bide garrantzitsua egin dugu eta bide horretan jarraitu nahi dugu, euskarazko komunikabide digital ez publikoko kanal kontsumituena baita gurea. Lorpen horretan, asko eragin dute lan prozedurak eta tresnak bateratzeak, batetik; eta, bestetik, sare komertzialeko kideak formatzen eta trebatzen egindako ahaleginak. Besteak beste, Tokikomen bideak balio izan du toki komunikabideetako lankideoi ikustarazteko zerbitzu garrantzitsua eskaintzen diogula gizarteari".

Tokikom Komunikazio Taldea eratzea da hurrengo erronka, datozen beharrei erantzuteko

Goraka doan aitortza

Publizitate bezeroekin gertatu bezala, erakunde publikoek eta hedabideen sektoreko beste eragileek gero eta gehiago hartzen dute kontuan Tokikom eta, haren bitartez, toki komunikabideen sektorea. Marko horretan kokatzen du Artolazabalek solaskidetzaren erronka: "Une honetan, parez pareko harremanak ditugu Euskal Herriko hedabideekin, herrialde katalanetakoekin eta nazioarteko beste hainbatekin ere. Erakunde mailan, etengabeko harremana dugu Hego Euskal Herriko administrazio guztiekin eta, besteak beste, modu proaktiboan hartzen dugu parte sektoreko dirulaguntzak diseinatzen diren hedabideen mahaietan". Ezagutzatik hazkundera Tokiko hedabideekin duen harremanak bezero eta komunitatea ondo ezagutzea ahalbidetzen dizkio. Sektore osoa profesionalizatzeko ahalegin handia egiten dabil, eta, "maila horretan, ez sinisteko moduko eraldaketa egin da azken hamarkadan".

Aldeko testuinguruak beste erronka handi bati heltzeko ateak ireki dizkio Tokikomi. "Orain arteko elkarlanetik haratago eta etorkizuneko erronkei erantzuteko, marko berri baten beharra ikusten dugu. Helburua da ditugun baliabideei ahalik eta zuku gehien ateratzea. Besteak beste, euskarazko toki komunikabideen mapa osatzeko aukerei heldu eta benetan komunitatea eta komunikazioa lantzeko borondatea dagoen inguruneei horretan jarri ahal izateko tresnak eskaini nahi dizkiogu, Tokikom Komunikazio Taldea eratuta. Ez da lan makala, baina orain artekoa ere ez genukeen sinistuko duela 13 urte!".

Ze ekarpen egiten die Goienak Tokikomeko kideei?

JONE GUENETEXEA, ANBOTO-KO ZUZENDARIA

"Tokikomeko gainerako hedabideontzako erreferente da, eta Tokikomen barruan ere ekarpen eta dedikazio handia eskaini dio. Bestetik, hedabideok Tokikomi ekarpena egiten diogun heinean, Tokikomek ekarpena egiten dio hedabide bakoitzari. Hau da, Tokikom gu geu gara".

 

ARITZ MARTINEZ DE LUNA, ALEA-KO KUDEATZAILEA

"Bere ezagutza partekatzen du, baliabideak besteon eskura jartzen ditu eta etorriko denari begira jartzen laguntzen digu. Gurditik tiraka dabilela esango nuke, baina bere zilborrari begira jardun ordez, Tokikomen inguruan biltzen garenon ahotsak entzun eta beharrak ulertzen saiatzen da".

 

JOXE MANUEL IRIGOIEN, TTIPI-TTAPA-KO ZUZENDARIA

"Aitzindari izateak dakar trakzio-lanak egitea. Goienak gainerako tokiko hedabide guztiak etorkizunari begira lerratu ditu. Tokikom nekez izango litzateke gaur egun dena Goienaren presentzia eta parte hartzerik gabe. Tokikomen egoteak osagarritasuna eta ikusgarritasuna ematen digu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak