Oñati BHI eta Aretxabaleta Lanbide Eskola saritu dituzte 'ekonomia zirkularra modelatuz' ekimenean

Koldo Zubia Salas 2025eko azaroaren 28a

IES Oñati BHI ikastetxeko kideak sariarekin.

Gipuzkoako hamaika lanbide heziketako zentro saritu dituzte ekonomia zirkularra modelatuz ekimenean parte hartzeagatik. Horien artean izan dira Oñati BHI eta Aretxabaleta Lanbide Eskola. Birziklatutako materialekin eskultura berritzaileak sortu dituzte, praktika jasangarriak eta zirkularrak sustatuz.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak sustatu du ekimena Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen esparruan. Ikasleek birziklatutako materialetatik sortutako pieza artistiko eta eskulturak bildu dituzte. 

Helburua, "eredu zirkular baterako trantsizioan hezkuntzak betetzen duen funtsezko eginkizuna ikustaraztea" dela azaldu du Jasangarritasuneko diputatua den Jose Ignacio Asensiok, ikasleen eta irakasleen inplikazio eta sormena balioan jarriz: Ekonomia zirkularra ikasgeletan hasten da. Eskultura bakoitzak dagoeneko martxan dagoen kultura-aldaketa bat islatzen du".

Hamaika ikastetxe

Oñati BHI eta Aretxabaleta Lanbide Eskolarekin batera, Mutrikuko CIFP Kardala LHII, Azkoitiko Lanbide Heziketa LHII,  Tolosako Peñascal Kooperatiba, Donostiako Ortzadar Ikastetxea eta Easo Politeknikoa, Irungo Mendibil Formazio Zentroa, Zarautzeko Oteitza Lizeo Politeknikoa, Andoaingo CPIFP La Selle Berrozpe eta Elgoibarko Meka Lanbide Eskola saritu dituzte. Guztira, hamaika ikastetxe.

Ikastetxe horiek egindako lana aintzatetsi, eta ekimenaren hezkuntza eta komunitate-balioa nabarmendu dituzte sari banaketa ekitaldian.

"Apustu estrategikoa"

Azkenik, Jasangarritasun departamenduak azpimarratu du ekonomia zirkularra "apustu estrategikoa dela, "lurralde bidezkoago, berritzaileago eta erresilenteago baterantz aurrera egiteko: "Sektore horrek 10.000 enplegu inguru sortzen ditu gaur egun, eta BGParen %10 inguruko ekarpena egiten du, enplegu berdearen eta ekoizpen modernizazioaren motor gisa finkatuz".

Aretxabaletako Lanbide Eskolako kideak sariarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak