Euskal gizartea eraldatzen ari da. Immigrazioaren harira, hizkuntza-komunitate berriak eta askotariko kulturak iritsi dira Euskal Herrira. Eustat-ek eta Ikuspegik argitaratutako datuek joera hori berresten dute: 2025eko Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen %14 atzerrian jaioak dira, eta jaiotzen %35etan ama atzerritarra izan da 2024ko hirugarren hiruhilekoan. Nafarroan, berriz, biztanleen %19 dira Euskal Herritik kanpo jaioak. Zenbakiek agertoki argi bat marrazten dute: paradigma berria dugu esku artean.
Zenbakiek agertoki argi bat marrazten dute: paradigma berria dugu esku artean.
Aldaketa udalerri euskaldunetan nabarmena da, non euskara ardatz izan den orain arteko eguneroko bizitzan, eskolatik udalera, aisialditik kultur eremuetara. Hainbat galdera jarri dira mahai gainean: nola txertatu kulturartekotasuna euskara baztertu gabe? Nola uztartu hizkuntza propioa eta aniztasunaren kudeaketa?
Erronka ez da txikia, baina hainbat erakunde eta komunitate lan-esparru berriak ari dira zabaltzen. UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, esaterako, kulturartekotasuna eta euskara modu integratuan lantzen dituen egitasmoa garatu du 30 eskola ingurutan, eta horietako bat da Elgetakoa. Helburua argia da: aniztasuna ez ezik, aniztasunaren kudeaketa euskaratik egitea, hizkuntza ardatz eta zubi bilakatuz. Kulturartekotasunean adituak diren Huheziko kideek lagundu dute UEMA proiektuaren hasierako oinarri teorikoa eraikitzen, euskara zein aniztasuna epizentroan izanik.
Elgetako abiapuntua
Elgetan azken urteetan errealitatea kolore gehiagoz margotu da, hizkuntza eta kultura askotarikoak bizi dira elkarren ondoan. Euskara erdigunean mantendu eta gainontzeko kultuei bizkarra eman gabe, Elgetako eskolan aurrera eramateko plana martxan jarri dute aurtengo ikasturtean. Talde eragilea, UEMAren gidaritzapean, Udaleko, eskolako eta Guraso Elkarteko ordezkariek osatzen dute. Egitasmoak, hizkuntza-plangintza izatetik harago, komunitateak ehuntzeko tresna ere izan nahi duela adierazi dute. Bi xede nagusi ditu: euskararen erabilera eta kontzientzia indartzea eta euskaldunak ez diren herritarren parte-hartzea sustatzea.
Erabakiak eta funtzionamendua
Talde eragileak egindako hausnarketarekin, lehen neurriak abian jarri dituzte. Batetik, ikasturte hasierako guraso bileretan aldibereko itzulpena eskaintzea, eta, beraz, bilerak euskara hutsean egitea. Mezu orokorrak euskara hutsean idazteko eta itzulpena egin ahal izateko tresna ere eskolan txertatzen ari direla adierazi dute. Horrez gain, eskolako BAT Taldearekin elkarlanean, kulturartekotasuna lantzeko dinamikak egingo dira, eta eskolako familien etxeko hizkuntzei lekua egitea izango da helburua.
Udaleko ordezkariek hauxe adierazi dute: "Helburua euskaraz ez dakiten herrikide horiekin gure helburua partekatzea da; alegia, haien bizipenak eta beharrak kontuan hartuta, euskara erdigunean jartzea, euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea". Hasiera batean, proiektua eskolan jarri da martxan, eta, beraz, onurak eskola komunitate osoarentzako izango direla aurreikusten da. Momentuz arreta eskolan jarri da; dena den, aurrera begira, lanean jarraituko dutela adierazi dute: "Gure beharrei erantzuteko aukerak jarriko ditugu mahai gainean". Oraindik ez dakite zeintzuk izango diren zabaldutako bideak; halaber, hezkuntzatik harago eragiteko moduko egitasmoa dela diote talde eragileko partaideek.
Ibon Aginaga: "Zuri-beltzean ikustetik koloretan ikusterako bidea"
bon Aginaga (MarkinaXemein, 1985) UEMAko teknikaria Elgetako proiektua kudeatzeaz arduratzen da.
Noiz eta nola iritsi da proiektua Elgetara? 2022an lehen aldiz Zaldibian jarri zen martxan. Ordutik, 30 ikastetxe inguruk hartu dute parte. Elgetan apirilean hasi ginen bilerekin talde eragilea, eta jada abian dago.
Zein baldintza bete behar dira proiektua martxan jartzeko? Gutxieneko euskalduntasun maila behar da. UEMAk %70etik gorako euskararen ezagutza duen herria hartzen du udalerri euskalduntzat. Debagoienean Oñati, Antzuola, Elgeta eta Bergarak betetzen dute baldintza hori.
Zein da helburu nagusia? Euskara erdigunean jarri eta familiek jarrera positiboa izatea, aniztasuna errespetatuz. Gurasoen jarrera giltzarria da: haiek nola bizi, hala transmititzen zaie umeei. Ez dugu derrigortasunetik jokatu nahi; ulermenera eta hurbilpen positibora gonbidatu nahi dugu.
Zein da tresna digitalen eginkizuna? Momentuko itzulpenetarako tresna aparta da. Bere arriskua ere badu, jendeak planteatu dezakeelako horrenbeste erraztasunekin: zertarako ikasi? Erakutsi nahi dugu zuri-beltzean ikustetik koloretan ikustera pasatzea dela, denon artean ulertzea.
Bergarako Udalaren ibilbidea
Bergaran gero eta aniztasun handiagoa dago, eta Udalak argi du zein den erronka nagusia: haur eta nerabeen ingurune hezitzailea segregatua ez izatea. Nagore Narbaiza Gazteria eta Hezkuntza teknikariak azaldu duenez, "bideak aurkitu behar dira, euskarak beste hizkuntzekin batera biziraun dezan". Egoera horri erantzuteko, Udalak Kulturarteko Mahaia jarri zuen martxan duela hiru urte; bertan, hezkuntza formaleko eta ez-formaleko ordezkariak elkartzen hasi ziren. Segregazioa bi alderditatik landu daiteke, hezkuntza formaletik eta ez-formaletik; hala ere, hezkuntza formalaren konpetentzia ez dagokio Udalari. Beraz, arreta berezia jarri dute hezkuntza ez-formalean. Mahaiaren helburuak bi dira: batetik, herri mailako aniztasuna, kohesioa eta parte-hartzea sustatzea; eta, bestetik, eskola segregazioari aurre egin eta ikasleen parte hartzea sustatzea. Mahai hori Ndank-Ndank taldeak dinamizatu du azken urtean. Proiektuak Bergarako haur eta nerabeengan jarri du arreta. Gaztelekuak bere urratsak egin ditu: etorri berri diren nerabeentzako harrera-proiektua sortu dute, bertako gazteekin batera. Horren bitartez, etorri berriak direnak aisialdi giroan ere ongietorriak izatea lortu nahi da, lehen egunetik harreman sareak sortzen hasita.
Udalak, gainera, Familia Enbaxadoreak egitasmoa abiarazi zuen; bertan, herri mailan familia euskaldunak eta ez-euskaldunak elkartu nahi dituzte harrera egiteko. Oraintxe bertan Udalak duen zailtasun nagusia jatorri atzerritarra duten familiengana iristea dela adierazi du teknikariak. Aurrera begira, Kulturarteko Mahaiak lanean jarraituko du euskara ardatz duen baina aniztasunean oinarritutako Bergara eraikitzeko.
Bidelagun proiektua martxan
Bergarak bizi duen aniztasunaren testuinguruan, Aranzadi Ikastolak urrats sendoa egin du kulturartekotasuna eta euskara uztartzeko: Bidelagun proiektua. Beste herrialde batetik iritsitako eta euskaraz ez dakiten familien eta bertako familia euskaldunen arteko zubiak eraikitzeko sortu dute ekimena. Helburua garbia da: integrazio prozesua goxatzea, euskaratik eta euskal kulturatik abiatuta. Proiektuak Ikastolako Ongizate Batzordearen eta Gurasoen Euskara Batzordearen lana uztartzen du. Bi talde horiek, modu militantean eta komunitatearen indarrez, harreman sare bat ehundu dute: gaur egun, 40 familia euskaldun eta 40 familia ez-euskaldun lotuta daude, elkarrekin ikasteko, partekatzeko eta Bergarako bizitzan modu naturalean txertatzeko.
40 familia euskaldun eta 40 familia ez-euskaldun, elkarrekin ikasi eta partekatzeko saretuta
Proiektuak helburu argiak ditu: harremanak euskararen bidez eta euskalduntasunetik sustatzea eta herrialde berri batera iristeak sortzen dituen zailtasunak arintzen laguntzea. Aldi berean, euskararekiko harreman positiboa eraikitzea eta euskal kulturara gerturatzea lortu nahi dute, betiere kulturartekotasuna eta elkarbizitza oinarri hartuta. Halaber, egitasmoak aukera ematen du bertako familiek beste kultura batzuk ezagutu eta elkar aberasteko, denon arteko harremanak sendotuz.
Aranzadin bilera guztiak euskara hutsean egiten dira; irakasleek borondatez momentuko itzulpenak egiten dituzte. Bestalde, proiektuaren bidez, bidaltzen dituzten komunikazioak itzultzeko lana egiten dute familia euskaldun boluntarioek. Bidelaguneko kideek etengabeko jarraipena egiten dute Telegram-eko kanal baten bidez; hala ere, azaldu dute elkartutako familia bakoitzak bere bidea egin duela: badaude egunerokotasunean hitz egiten dutenak, euren harremana proiektu honetatik harago joan dena edo itzulpen prozesura mugatzen direnak.
Maite Elorza Alberdi: "Hamar ama hizkuntza entzun ziren lehen bileran"
Maite Elorza Alberdi (Bergara, 1994) Aranzadiko HHko koordinatzailea eta Bidelagun proiektuko kidea da: euskara eta aniztasuna lehen lerroan jartzen dituen su txikian kozinatutako ekimena abian jarri eta egonkortzen ari da.
Nondik abiatu zen Bidelagun proiektua? Kezka orokor batetik sortu zen: geroz eta familia gehiago ziren ikastolan euskara ulertzeko gai ez zirenak. Familia ez-euskaldunak eta euskaldunak elkartzeko lan handia egin dugu. Familia ez-euskaldunei azaldu genien zer sortu nahi genuen: komunikaziorako bide bat, integraziorako ate bat eta seme-alaben harremanetan eragiteko tresna. Aldi berean, euskaraz hitz egitearen zergatia azaldu diegu; uste dugu ezinbestekoa dela hizkuntza zapaldua eta gutxitua dela ikusaraztea. Pixkanaka sare sendo eta konfiantzazkoa sortu da bi aldeen artean.
Zein da gaur egun proiektuak duen erronka handiena? Erronka nagusia inklusioaren izenean euskara ez baztertzea da. Joera handia dago gaztelerara jotzeko, baina batzen gaituena euskara izatea nahi dugu.
Momentu gogoangarri bat? Parte-hartzaileak ezagutzeko elkartze bileran, hamar hizkuntza desberdin bildu genituen. Bilera euskara hutsean egin zen, baina aldi bereko itzulpena egon zen: txineraz, urduz zein gazteleraz, besteak beste. Guztiek hitz egin ahal izan zuten ama hizkuntzan, eta inork ez zuen informaziorik galdu. Oso une indartsua izan zen, gure komunitate zabalaren ispilu.
Zein da hurrengo pausoa? Oraindik proiektura batu ez diren familia ez-euskaldunak ere bidelagun bihurtzea. Hasieran lotsa edo zalantza izaten da, baina parte hartu dutenak fruitu politak jasotzen ari dira. Hemendik aurrera, animatzea eta laguntzea da gakoa.
Zer dago guztiaren oinarrian? Euskara gure komunitatearen bizkarrezurra dela azaltzea. Ez dugu bilakatu nahi derrigortasun bat, baizik eta gonbidapen bat: euskarara hurbiltzeko modu atsegin eta komunitarioa. Integrazioaren aldeko ekintza oro positiboa da, baina guk euskaratik egin nahi dugu.