Aranzadi eta Txantxiku Ikastoletan itxialdiak egingo dituzte Hezkuntza Sailak lan-akordioa bete dezan exijitzeko

Koldo Zubia Salas 2025eko azaroaren 26a

Hezkuntza Sailari akordio laborala bete dezan exijitzeko mobilizazioa. Argazkia: LAB sindikatua

LAB Sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzak, langileen lan-baldintzak arautzeko sinatutako akordioko erabakiak Ikastolei dagokienean,  "ez direla betetzen" salatu dute langileek. Horregatik, gaur, eguaztena, 19:00etan, mobilizazio-dinamika bat hasiko dute "presioa egiteko".

2023an, Hezkuntza Lege berriaren testuinguruan sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta LAB sindikatuak "hezkuntza-sistema guztiko langileen lan-baldintzak arautzeko" akordio laborala. Bada, hor sinatutako baldintzak "ez direla betetzen" argudiatuta hasiko dira itxialdiak. LABek adierazi duenez, akordioak jasotzen du, besteak beste, "Hezkuntza Sailak Ikastoletako lan perfilak eta baliabideak administrazioaren jabetzako ikastetxeekin homologatzeko azterketa egingo zuela", eta, gaur gaurkoz, azterketa horren inguruko "berririk ez dutela" salatu dute: "adostutako mahai teknikoa sortu ere ez da egin".

Horrez gain, "2027rako Ikastoletako langile guztien soldatak sare publikoko langileekin parekatzea" ere adostu zutela esan dute. LABen ustez, "bide horretan emandako pausoak ez dira esanguratsuak". "Bi urte barru parekatzera iritsi nahi bada, pausoak ematen hasiak egon beharko lirateke, eta ez da hori gertatzen ari", gaineratu dute.

Egoeraren aurrean "konpromisoa"

Bestetik, LABek sare publikoko langileen baldintzak "ezin direla zalantzan jarri" adierazi du: "LABen helburua da euskal eskola publiko eta komunitario berri bat sortzea, beste publikotasun eredu batekin, auto-kudeatua, nazionala eta elkarlanean oinarritutakoa. Konfluentzia baten bidez helburu horretara iristeko modua da azpi-sektore guztietako baldintzak parekatzen joatea".

Horregatik egoeraren aurrean "konpromisoa" berretsi dute. "Lan-eskubideak defendatzea euskal eskola publiko eta komunitarioa defendatzeko modu bat da", adieraziz amaitu dute.

Itxialdiak gaur

Bergarako Aranzadi ikastolan elkarretaratzea egingo dute, gaur, eguaztena, Herrilagunak kalean, 19:00etan. Ondoren, itxialdia hasiko dute ikastolan bertan –itxialdiaren harira, egitaraua eta esku-orri banaketa ere antolatu dute–.

Oñatiko Txantxiku ikastolan berriz, 19:00etan hasiko da itxialdia, patioan aterako duten argazkiarekin. Euskal dantza eta kantak izango dira horren ostean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak