Euskara bidelagun dute gurean

Amaia Txintxurreta Guridi 2025eko abenduaren 3a

Souad Salah Ghala, Laura Ivonne Iramategi eta Asmamaw Barruso.

Beste kultura batzuetatik etorritako hainbat herritarrek euskara erabiltzen dute euren egunerokoan. Bakoitzak bere historia eta motibazioa dauka, baina guztiei zabaldu zaizkie aukera berriak.

Euskarak geroz eta ertz zabalagoak ditu, eta munduko hainbat txokotatik etorritako herritarrek ere bere egin dute; askotariko jatorri eta ibilbideak dituzten protagonista anitzak ditu egun. Horien artean daude, besteak beste, Arrasaten bizi den Souad Salah Ghala sahararra, Perun jaio eta Oñatin bizi den Laura Ivonne Iramategi edota Bergaran bizi den Asmamaw Barruso etiopiarra.

Hiru protagonistek erabiltzen dute euskara egunerokoan, bakoitzak bere historia eta motibazioarekin. Euskara ikasteko interesa eta ahalegina partekatzen dituzte eta hirurek argi dutena da hizkuntza bat ikastea aukera bat dela eta bidean sortzen diren harremanek indartzen dutela horretarako gogoa; euskara bidelagun dute. Gainera, era askotara, aukera berriak ere zabaldu zaizkie euskara ikasita.

Souad Salah Ghala

Saharar jatorrikoa da Arrasaten bizi den Souad Salah Ghala. 2014an etorri zen Euskal Herrira, eta 2016tik bizi da Arrasaten. Semeei ikasketetako lanetan laguntzeko euskara ikastea komeni zitzaion, eta euskaltegian hasi zen. Dena den, dio Ekin Emakumeak Elkartearen bidez ikasi duela euskaraz hitz egiten: "Poliki-poliki hasi nintzen ikasten, eta dakidana Ekinen ikasitakoari esker izan da, oso eskertuta nago". Gero, semeen gurasoekin ere hasi zen euskaraz berbetan: "Semeen gurasoekin nagoenean esaten diet niri euskaraz hitz egiteko, eta ez baldin badut zerbait ulertzen galdetuko diedala, eta horrela joan naiz euskara ikasten". Gainera, semeekin hassanieraz –euren dialektoan– jarduten du etxean, baina euskaraz ere hitz egiten dute: "Esaterako, etorri hona eta halako esaldiak euskaraz ateratzen zaizkit dagoeneko etxean ere".

Ekinek hasieran asko lagundu zion, eta, geroz eta euskara gehiago ikasten joan den heinean, kalean ere geroz eta gehiago erabiltzen hasi zen. Euskarak "poztasuna" ematen diola gaineratu du: "Euskaldun sentitzen naiz. Hasieratik erakarri ninduen eta hizkuntza oso polita dela uste dut; horregatik ausartu naiz ikasten jarraitzera. Euskararen Eguna eskolan ospatuko dut; urtero joaten gara haurrek egiten dutena ikustera". Urte batzuetan balkoian ere jarri izan du Euskaraz bizi nahi dut dioen banderola, eta adierazi du euskarari lotutako ekintzetan parte hartzea asko gustatzen zaiola.

Laura Ivonne Iramategi

Lau urte pasa ziren irailean Laura Ivonne Iramategi perutarra Oñatira bizi izatera etorri zenetik. Euskal Herriko Unibertsitatean master bat egitera etorri zen, eta iritsi eta aste gutxi batzuetara euskaltegian hasi zen: "Lehen ikasturtea konplikatu samarra izan zen; errekurtso mugatuekin etorri nintzen, lana bilatu behar... baina euskaltegira joaten ere hasi nintzen". Adierazi du "oso kontziente" dela euskararen borroka zer izan den eta zer den: "Beti babestuko dut. Peruko gure inguruak ere suntsituak izan dira, eta oso gutxi egiten da jatorrizko hizkuntzetan". Dio haren amonak kitxuaz hitz egiten zuela, amak ulertzen zuela nahiz eta ez hitz egin, baina gaur egun han ez daudela laguntzak eta politikak jatorrizko hizkuntzak mantentzeko. Hemen, Lazkaon barnetegian ere egondakoa da, eta euskarak askorako lagundu diola azaldu du: "Espazio militante berrietarako aukera eman dit euskarak, besteak beste". Gaineratu du parte hartuko duela Euskararen Egunaren bueltan gurean antolatu diren ekintzetan.

Antzuolako Goizper enpresan egiten du lan: "Herri oso txikia da Antzuola, eta bertako kooperatiba euskaldun batean egiten dut lan. Laneko telefono deietan, hornitzaileekin egoterakoan, laneko harremanetarako... euskaraz hitz egiteak gertutasuna ematen duela uste dut. Egunerokoan erabiltzen dut, nahiz eta bilera handietarako oraindik ez naizen guztiz ausartzen. Dena den, ikasten jarraitzen dut". Euskaraz jakitea bizileku duen Oñatin ere harremanetarako lagungarri dela dio.

Asmamaw Barruso

Etiopian jaio zen Asmamaw Barrusok, Bergarara iritsi aurretik, ez zekien euskara existitzen zenik ere, baina iritsi eta lau hilabetera hasi zen euskara ikasten: "Bergarako aitak adoptatu ninduen, 18 urte nituela, eta lehenengo lau hilabeteetan ingelesez egiten genuen, baina gero, euskara ikasteko ahalegina egitera bultzatu ninduen. Euskaltegian hasi nintzen, eta etxean praktikatzen nuen euskara".

Gaztelania ikasten hasi baino lehen euskara ikasteko hautua egin zuen, gainera: "Kuadrilla izateak ere asko erraztu dit euskara ikastea. Lokal baten batzen ginen eta lagun artean euskaraz hitz egiten genuen. Bizitza eman dit euskarak". Barnetegian ere izan zen, eta hauxe dio: "Nahi bada, lor daiteke; hizkuntza bat ikasteko garrantzitsuena interesa izatea da". Oso pozik dago, besteak beste, aitari erakutsi diolako kapaza izan zela urtebetean euskara ondo menperatzeko. Bergaratik kanpora joaten denean, Bilbora edo Donostiara, esaterako, haren lehen hitza euskaraz izaten da beti, eta dio jendeak uste izaten duela brometan ibiltzen dela, baina ez. "Euskaraz dakit, ni euskalduna naiz", esaten die. Dagoeneko gaztelania ere ikasi du –Salamancan izan zen ikastaro berezi baten–, haren ama-hizkuntza Etiopiako amharikoa da, eta lauzpabost hizkuntza dakizki: "Ez da lotsarik izan behar, eta hizkuntzak praktikatu egin behar dira". Amona bizi zenean Aberri Egunean egiten zuten moduan, aurtengo Euskararen Eguna ospatzera Lekeitiora joango da, aitarekin bazkaltzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak