UDA eta Elgeta Euskal Herriko hiru-txirlo bola txapelketako podiumean

Larraitz Zeberio Lekuona 2025eko azaroaren 23a

Atzo eman zioten amaiera Euskal Herriko txapelketari Aramaioko Etxaguen auzoko bolatokian. Emakumeen txapelketan UDA izan da nagusi: Isana Gorosabel nagusitu da eta Nerea Letek egin du bigarren. Gizonetan, berriz, Elgeta taldeko Gorka Bereziartua bigarren sailkatu da. Azkenik, taldekako lehian UDAk bigarren egin du 76 txirlo jota eta Elgetak hirugarren 74 txirlorekin.

Bolari onak ditugu Debagoienean. Talde oso indartsuak daude inguruko herrietan, baina atzo amaitutako Euskal Herriko 35. hiru-txirlo bola txapelketan Debagoieneko bolariek erakutsi zuten badirela nor txirlotan.

Emakumeen txapelketan UDAko Isana Gorosabel izan da irabazlea, 17 txirlo jota. Bigarrena Nerea Lete izan da, UDAkoa hau ere eta 12 txirlo jota. 

Gizonen txapelketan sari nagusia Eibarrera joan da San Andres taldeko Jose Antonio Nuñez izan baita irabazlea 30 txirlo jota. Bigarrena Elgeta taldeko Gorka Bereziartua izan da, 25 txirlorekin. Nabarmentzekoak sailkapena honetan Elgetako Sebas Arantzabalen bosgarren postua eta San Joxepeko Asier Azkarateren seigarren postua, biak 20 txirlorekin. 

Taldekako lehian, berriz, Markina-Xemeingo Mx3T izan da nagusi 78 txirlo jota. UDAk egin du bigarren 76 txirlorekin eta Elgetak hirugarren 74 txirlo jota. 

Adinka eta bikoteka

Nagusien kategorian Asola Berriko Bittor Rodriguezek eraman du sari nagusia 20 txirlo jota. Txirlo kopuru berdinarekin bigarren egin du Elgetako Sebas Arantzabalek. Infantiletan, berriz, UDAko Alex Sixtok irabazi du.

Bikotekako txapelketa ere jokatzen dute Euskal Herriko txapelketan. Sari nagusia, aurten, San Andresko Jose Antonio eta Bittor Nuñezek eraman dute 43 txirlo jota. Bigarren egin dute Elgetako Sebas Arantzabalek eta Asier Azkaratek 40 txirlorekin.

Lurraldekako bolaririk onenak

Txapelketan San Andres taldeko Jose Antonio Nuñez izan da Gipuzkoako bolaririk onena (52 txirlo). Bizkaikoa Boni Plazan izan da (74 txirlo) eta Arabakoa Jesus Agirre (14 txirlo).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak