Bergarak eta Mondrak jokatutako derbia bana amaitu da, eta bereziki bigarren zatian Bergara partiduaren bila joan bada ere, emaitza justutzat har daiteke. Mondra izan da lehenengo zatian aurrerapausoa eman duena, Xabat Otxandianok aurreratu du talde arrasatearra (0-1), 14. minutua baino ez zenean. Bergarako Luken Arriolak, baina, lehenengo zati horretan kolpe psikologikoa eragiten duten gol horietakoa egin du korner batean, izan ere, 45. minutuan egin du 1-1ekoa.
Bigarren zatian derbietako osagai denak izan ditu partiduak, baina arrasatearrendako baino bergararrendako zen emaitza pattalagoa, etxetik kanpora puntu bat konforme egoteko modukoa izan daitekeelako, bereziki mahoneroak talde indartsua direla jakinda. Hala, arrasatearrak puntua defendatzen saiatu dira –eta baita lortu ere– eta bergararrak gehiago ahalegindu dira 2-1ekoa lortzen –partidua gehiago luzatzeko eskatu diote epaileari–, baina zapore gazi horrekin geratu dira gaur, puntua sari txikia izan den sentsazioarekin.