Neguko lehen elurteaz gozatzera igo dira asko Arantzazura

Xabier Urtzelai 2025eko azaroaren 22a

Izan oinez ibiltzera, edo erraketa, trineo edo eski gainean gozatzera, baina asko izan dira gaur Aloña, Artzanburu edota Urbia inguruetara joan direnak, neguko lehenengo elurteaz gozatzera. Elur makinak Arantzazuko parkinga garbitzeko lanetan ibili dira, baina hala ere, momentu konkretu batzuetan auto pilaketak izan dira, aparkatzeko lekua falta zelako. Goiz ibili behar dela, baita elurraz gozatzeko ere.

"Elorrio ingurutik gatoz, elurra botatzen duenean normalean hona etortzen gara, edo Urkiola ingurura bestela, baina oraingoan hauxe aukeratu dugu", adierazi dio GOIENAri hiruko lagun talde batek Urbiara bidean zirela. Ez dira kanpotar bakarrak izan, alegia, bailaratik kanpora ere jende asko etorri da gaur Oñatiko mendi inguruetara. "Gu donostiarrak gara, gaur egun kostaldean apenas egiten du elurrik, eta urteak direnez Urbia inguruetara etorri ez garena, aprobetxatu egin dugu", adierazi du bikote gazte batek. Mutrikutik eskiatzera etorri den batek ere korrika hartu du beherako bidea, "etxean dagoeneko zain egongo dira, eta ez noa denbora galtzera. Hori bai, gozatu ederra hartu dut eskiatzen. Ez dugu esango urteko lehenengoa denik, maiatzean ere eskiatzen ibili nintzelako, baina bai negu honetako lehenengoa. Ea elur gehiago botatzen duen".

Urbiako fonda itxita, bertaratu direnek harrerako aterpeaz konformatu behar izan dute, baina ez zegoen babesa hartzeko behar handirik, goiz ederra egin du eta Urbia inguruetan ibiltzeko. Jende asko ez da hor geratu, Aizkorrirako bidea ondo zabalduta zegoen Urbiako fondatik aurrera, eta goizeko lehenengo ordua aprobetxatu beharrean asko izan dira eguerdian ere gorako bidea hartu dutenak, izan ere, bazekiten ordurako askok etxerako bidea hartuta izango zutela. Akaso ez dute elurra goizeko lehenengo orduetan bezain ondo aurkitu, baina lasaiago ibili ahal izan dira, eta hori bai, eguzkiaz ere gozatu ahal izan dute. 

Arantzazun, berriz, herritarrak, eta baita turistak ere, asko nagusiak eta tartean hegoamerikar mordoa, sakelako telefonoekin familia argazkiak ateratzen. Izan ere, horretarako zegoen Arantzazu, argazkiak egiteko. Eta apur bat gorago, Sindika hotel pareko zelaian, debagoieneko guraso koadrila, horiek bai, bergararrak eta oñatiarrak, seme-alabek trineoez zela gozatzen duten ikusten. Tira, ikusten bakarrik ez "Uste dut semea baino gustorago nabilela ni", aitortu duenik ere izan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak