Estatistikek diote sei gizonetik batek pairatuko duela prostatako edo barrabiletako minbizia. Osasuna zaintzea, prebentzio lana egitea eta ikerketarako dirua biltzea dira Movember mugimenduaren helburu nagusiak.
Gaur egun, batez ere Arrasaten (Mondravember) eta Bergaran (MovemberGara) daude martxan Movember taldeak. Elgetan iaz hasi ziren lehen ekintzak antolatzen. Gaur, Debagoieneko topaketa egin dute Arrasaten eta gehienbat Arrasateko eta Bergarako ordezkariak elkartu dira. "Elorregin egin izan dugu orain arte topaketa, baina erabaki dugu herriz herri egitea aurrerantzean. Aurten Arrasaten eta hurrengo urtean Bergarak hartuko du lekukoa", azaldu du MovemberGara taldeko ordezkari Alberto Larrea oñatiarrak.
Gustura daude egindako aldaketarekin. "Elorregi leku polita da bailara erdigunean dagoelako, baina uste dugu jende gehiagorengana helduko garela herriz herriko topaketa ibiltaria eginda", gaineratu du Mondravemberreko Iban Arroiabek.
Pena dute egun osoko egitaraua zegoelako aurreikusita eta eguraldi iragarpenarengatik arratsaldeko kontzertuak bertan behera gelditu direlako. "Lan handia hartu dugu dena prestatzen eta azkenean dena bertan behera gelditu da, baina horrela beharko du", esan du Arroiabek.
Sentsibilizazioa eta diru-bilketa
Movember mugimendua prostata eta barrabiletako minbiziari aurre egiteko ekimena da. Sentsibilizazioa dute helburu baina baita ere ikerketarako diru-bilketa. "Bistaratzea nahi dugu gizonek zaindu behar dugula gure osasuna –bai burukoa eta bai gorputzekoa–. Uste dut poliki-poliki kontzientziazioa handitzen ari dela. Gazteen artean ere gero eta bibote gehiago ikusten ditugu", esan du Larreak. "Bigarren helburua da ikerketarako dirua biltzea. Bergaran, esaterako, hitzaldia egingo du eguaztenean Uxue Lazkano ikerlariak. Azalduko du zertan ari diren laborategian".
Mondravemberreko Iban Arroiabek gaineratu du datuek diotela sei gizonetik batek pasatzen duela mota honetako minbiziren bat. "Ez dugu nahi izaten minbiziari buruz hitz egiterik, inork. Baina naturaltasunez hartu behar den gauza bat da: gurekin bizi den zoritxarra eta aurre egiteko ikerketa behar da. Horregatik egiten ditugu sentsibilizazio ekintzak eta diru-bilketa. Bisibilitatea eman behar diogu gai honi eta ikerketarako dirua batu".
Hain zuzen ere, Mondravemberrek azken sei urteetan 55.132 euro batu ditu. Iaz, errekor guztiak apurtu eta 14.642 euro lortu zituzten. Taldean argi dute lanean jarraitu behar dela.