Eskualdeko autobus zerbitzuaren "egoera larria" konpontzeko bilera egingo dute alkateek Aldundiarekin

Hasier Larrea 2025eko azaroaren 21a

Azaroaren 24an batuko dira Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuarekin. Alkateek azaldu dutenez, orain dela urtebete puntu eta eskaera zehatzak helarazi zizkieten Gipuzkoako Aldundiari, baina ez da aldaketa esanguratsurik egon.

Debagoieneko 63.000 biztanleentzat autobusa garraio publiko bakarra dela kontuan hartuta, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko neurriak proposatu zizkioten bailarako alkateek Aldundiari iaz. Honakoak dira hiru neurri nagusiak: "Herrien arteko loturetan 15 minutuko maiztasuna bermatzea, puntualtasuna bermatzeko neurri eraginkorrak ezartzea, eta hiriburuetarako eta beste eskualdetarako konexio estrategikoak indartzea". 

Datorren astelehenean berrartuko dute gaia Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuarekin: "Debagoieneko herritarrek garraio publiko duina, puntuala eta egonkorra izatea da gure helburua. Horregatik, aurrez helarazitako proposamenak berriz ere mahaigaineratuko ditugu eta zein puntutan dauden jakitea eskatuko dugu, behar den jarraipena bermatzeko".

Bileran, Aldundiari "konpromiso argiak eta egutegi zehatzak" eskatuko dizkiete. Izan ere, zerbitzuaren egoerak eragin zuzena du "ikasleen eta langileen eguneroko garraioan, emakumeen segurtasunean eta garraio pribatuaren menpekotasuna murrizteko estrategian". 

Gehitu dute eskualdeak "orain" behar duela kalitatezko garraio publikoa, "lineen arteko konexio eskasa, puntualtasun eza, matxurak eta ibilgailuen egoera kaskarra, eta maiztasun eta ordutegi desorekatuak" konponduko dituena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak