Gipuzkoako suhiltzaileek "derrigorrezko euskara-eskakizuna betetzea" eskatu diote Aldundiari

Koldo Zubia Salas 2025eko azaroaren 20a

Suhiltzaile talde bat, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, Donostian. Argazkia: Gipuzkoako suhiltzaileak

Gipuzkoako hainbat suhiltzaile, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean elkartu ziren martitzenean "euskaraz lan egin eta artatu nahi dugu" lelopean. Urriaren 23an, Aldundiak urtea amaitu aurretik 113 lanpostu publiko plaza berri betetzeko deialdia luzatzeko erabakia hartu zuen, eta suhiltzaileek salatu dute, lanpostu horien %34tan atzeratu egingo dela euskara-eskakizunaren nahitaezko izaera. 

Atzerapen honek "arduratu" egiten ditu suhiltzaileak, haien ustez, ezarritako epe horiek "ez direlako inoiz betetzen". Gaineratu dutenez, horrek, "eskaintzera doazen 68 suhiltzaile lanpostuetatik 23k derrigorrezko euskara-eskakizunik ez dutela izango esan nahi du". Testuinguru honetan, Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuak aldarrikatu gura izan du, bere irrati komunikazioetan "euskara hutsean lan egiten duen zerbitzu bakarra" dela, eta langile guztiak euskaldunak izateak, zerbitzu barruko harremanak, bilerak eta formakuntzak "euskaraz egin ahal izatea" bermatzen duela. "Gaur egungo errealitateak, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua, %100ean elebiduna izatea bermatzen du", gaineratu dute.

Epaitegietatik datorren neurria

Aldundiaren erabakia, lanpostu eskaintza publikoetan euskara-eskakizunaren aurka epaileek hartutako neurrian oinarritzen da. Hala ere, suhiltzaileek uste dute, lanpostuan euskaldunak ez diren langileak sartuko balira, honek "izaera euskalduna" galduko lukeela. "Jakina da edozein taldetan euskaraz ez dakien bat egotea nahikoa dela taldearen harreman hizkuntza gaztelania izatera pasatzeko", diote.

Gipuzkoako suhiltzaileek "atzera pausu handi" bezala definitu dute hizkuntza errealitatea aldatzea, eta, horregatik, Aldundiari eskatu diote hartutako erabakiaren inguruko "hausnarketa" egin dezala, eta plaza guztiek "derrigorrezko euskara-eskakizuna izan dezatela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak